Erat

SEAT. KATALUNIA. LANGILE BORROKA.

Maiz bat itsutu liteke bizi duenarekin. Eta, egia esan, hainbatetan ez da ezta harritzekoa ere. Euskal Herriko azken 50 urteetako historia hain joan da harrapaladan une batzuetan zaila zela ere burua altxa eta kanpora begiratzea. Ez diot justifikatzeko, ez baitut uste ezer justifikatzekorik dagoenik, azalpen gisa baizik. Gehitu horri besteen maiz familia politikoak zer erkinak garen auzoaren errealitatearekin eta horra anarkismoari buruzko ezezagutza, nire kasuan behintzat aipagarria dena.

Sarean han eta hemen erreferentziak irakurri ostean iritsi zait esku artera Erat, l’exèrcit de SEAT liburua, Pau Juvillà Ballesterrena (Tigre de paper, 2023). Liburuak kontatzen du langile batzuen borroka, zehatzago esanda Martorelleko Seat lantegiko langileena, eta haien pozak, garaipenak eta porrotak Juvillàk lortzen du liburu entretenigarria eta gustagarria egitea, zorroztasunari uko egin gabe.

Hala, narrazioa 1950ean hasten da, SEAT enpresa osatu zen urtean, zeina abian jarri zen Francoren gobernuaren, hainbat bankuren eta Fiat enpresaren bultzadaz. Ordutik lantegia ikaragarri hazi zen eta ez hori bakarrik, ingurua ere garatu zuen, migrazio mugimendua areagotuz eta Baix Llobregat eskualdea bihurtuz Espainiar Estatuko borrokalarienetakoa. Langile autonomia, grebak, lantoki barruan gertaturiko polizia karga ikaragarriak, infiltratuak eta trantsizioak suposatu zuena nahasten dira Erat taldearen bizi laburra ardatz hartuta.

Irakurketa oso gomendagarria, gaur egun nekez sinesteko moduko egoera bat kontatzen duena, gure gurasoek bertatik bertara ezagututakoa izan arren, eta, gainera, Euskal Herriarekin lotura nabarmenak dituena. Urrunago joan gabe, Naparra kasuarekin. Edota balio du azaltzeko nola ez den horren arraroa eta Katlunian ere nola eboluzionatzen duten hainbat langilek autonomiaren postulatuetatik ezkerreko independentismora.

Erantzun bat “Erat” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude