Arrasate literatur lehiaketaren sari-banaketa ekitaldian irakurritako testua

Jaun-andreok, arratsalde on.
Zaharra naiz zuetako gehienon begietara. Hori ziur. Aurten 40 urte beteko ditut eta kontatuko dizuedana duela ia 30 urte gertatu izanak geratzen zaizkidan buruko ile gero eta bakanagoak puntan jartzen dizkit. Aspaldi, umetan, Musakolako Kiroldegiko Mojategiko pistak egin aurretik, Antoñako errekatxoan ibiltzen nintzen zapaburu bila, eta baita ortu artean kilkerrak harrapatzen ere zuloan txiza eginda. Ezagutzen dituzue kilkerrentzako erabili ohi ziren plastikozko kaiola txiki horiek? Ez? Ez dakit jada geratzen diren, baina ez lidake pena handirik emango desagertuak egongo balira.
Oraindik egin gabe zegoen Mojategiko moto-kros pista eta zer esanik ez errugbi eta futbol zelaiak. Ortuak eta ortu-txabolak ziren nagusi. Kiroldegiko atzealdetik Saburdira doan errepidea pasatzen zen eta zabor kontainerrak pilatzen ziren toki berean zeuden eskubaloi-futbito-saskibaloi kantxako larrialdi eskailerak; metalezkoak ziren, gorriak. Han elkartzen ziren gazteak ezkutuan, garai hartan baserritar gutxi batzuk izan ezik inor gutxi pasatzen zen handik, eta egiten zituzten helduek ikustea nahi ez zituzten gauza horiek guztiak. Trastadatxoak, zuek ere ziur asko egingo dituzuenak inongo autoritatek begiratzen ez zaituztetenean.
Nituen haur begiekin begiratzen nien gazte horiei eta pentsatzen nuen egunen batean ere nik ere edukiko nituela motor zaratatsuak, erreko nituela zigarro ketsuak eta hiru hitzetik bat juramentua izango zela, auzoko agure batek esan ohi zuen “mekauenlabirgen” edota “kauensandalio” baino apur bat itsusiagoak.
Gero, heldu egin ahala, jabetu nintzen ez zela amets horietatik batere bete eta ezta beteko ere: ez dut inoiz eduki motorrik, tabako gutxi erre dut eta ez naiz bereziki ahozikina. Eta, hau kontatu ostean, jabetu naiz ziurrenik inork ez duela orain arte inoiz idatzi kiroldegi osteko eskailera horiei buruz. Ez banizue hau gaur zuei kontatuko, ez banu zuen aurrean egoteko aitzakia zoragarri hau eduki, betiko galduko litzateke espazioaren oroitzapena han egondakoen memoriak itzaltzeaz bat.
Hori izan da idazteko nire motibazio handienetako bat: Arrasateri eta nik ezagutzen nuen jendeari buruz idaztea. Hala, umea nintzela, ez nuen ezagutzen idazlerik Arrasaten. Eskolako irakasleen, liburutegiaren, gurasoen eta nire kontu bat zen literatura. Ez lagunartekoa behintzat. Inoiz eman nuen izena lehiaketaren batean, AEDkoan adibidez, baina salbuespenak salbuespen ez nuen saririk lortzen. Beste egun baterako eztabaida izan liteke ea sariengatik idatzi beharra motibaziotan onena den, baina luze joko luke orain horri buruz jarduteak. Kontua hau zen: ez nuen lortzen moldatzea luzera eta neurri jakin batera. Testuak motzegi edota luzeegi ateratzen zitzaizkidan eta parte hartzeari utzi nion ez niolako graziarik aurkitzen kontuari, hain zen estua irudimeneko berbek jantzi beharreko soinekoa! Frustrazio handia eragiten zidan, barren-barrenean idazteko beharra sentitzen nuelako. Dena aldatu zen 16 bat urterekin Jon Alonso idazleak udaletxean, ez nago ziur Gazteria Sailak edo Bibliotekak organizatu zuen, ipuin ikastaro bat eman zigunean. Ba omen ziren esaldi bateko ipuinak eta nik jakin ez! Monterrosoren ipuin ezaguna beti edukiko dut gogoan: Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí. Ez al da zoragarria?
Ordutik sei liburu idatzi ditut eta hainbat sari irabazi. Asko izan liteke eta aldi berean ez da ezer ere ez. Zorionez badira oraindik lehiaketak aurkeztu eta galtzen ditudanak eta hala behar du izan. Idazketa prozesu berezia da eta irakurle bakoitzak grazia diferentea aurki diezaioke testu berari. Sentitzen dut beraz badudala zer hobetu, badela zer landu eta baita zer kendu ere. Irakurriz ahalegintzen naiz nire teknika hobetzen eta munduan adi egoten gaiez hornitu ahal izateko. Gainera, esan dizuedan moduan, Arrasate daroat idazten dudan liburu bakoitzera. Jendeak galdetzen dit: zergatik sartu duzu Ferrerias kalea? Eta nik, harriturik, beste galdera batekin erantzun ohi diet: eta zergatik gertatu behar du denak New Yorken? Ferreriasen maitemindu liteke bat, txakur kaka bat zapal lezake, piano bat jausi dakioke gainera, beste dimentsio batera doan atarte bat egon liteke kale hasieran edota Gazteluondon bertan, mafiaren pisu sekretu batean banku lapurretak planea litezke, edota baita bere seme-alabak krudelki tratatzen dituen aita bizi ere. Nik askotan esan ohi dut kontatzen dudala nire ingurukoa hori delako hoberen ezagutzen dudana baina akaso esan beharko nuke hori dela kontatu nahi dudana. Zeren eta ez badugu guk, idazle arrasatearrok, gure herriaz jarduten, nork egingo du?
Zorionak guztioi eta bejondeizuela. Lehen esan dizuet ez nuela Arrasateko nire adineko idazlerik ezagutzen. Gerora ezagutu ditut hainbat, herrian eta baita herritik kanpo ere, eta jabetu naiz nuen pena egiazkoa zela: idaztea zerbait bakartia dela esaten badigute ere uste dut talde lana dela eta elkarri lagundu diezaiokegula hobeto eta finago idazten. Begiak zabaldu dizkidaten idazleak ezagutzeko zortea eduki dut eta haien aholkuak estimuan ditut. Horregatik asko pozten nau zuek ezagutu izana, zeren akaso nire adina duzuenean eta ni ordurako agure jubilatu bat izan, ipuin baten bukaerarekin ataskatuta banago akaso lagundu ahalko nauzuelako.

Ondo izan eta agur bat,

Eneko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude