Arte eta parte

Cassandra. Simmonds. London.

Cassandra Darke, itzulpenaren edizioa Ediciones Salamandrak egina 2020an (itzultzailea Regina Lopez), ez da ohiko komikia. Ez zait hala iruditu niri behintzat eta Arrasateko Biblioteka itsumustuan hartu ondorenean gozatu dut irakurketa. Hori du ona biblioteka on batek, fida zintezkeela haien lan profesionalaz.

Natorren harira. Zergatik ez den ohiko komikia? Ez zaidalako antzeko ezer tokatu esku artean aurretik. Badu pertsona baten gainbeheraren, kasu honetan Cassandra Darke arte martxantearen, narraziotik. Baita egungo bizi estiloaren kritika zorrotza ere, bereziki zorrotza delarik artea espekulazio hutsagatik metatze dutenen aurka. Esanguratsua da Cassandraren porrotak, arte iruzurragatik epaitu eta kondenatua baita, baduela kasu askotan krimenak duen kontzientzia ezatik (film txarretan salbu inork ez du altuan deklamatzen <<kriminala izango naiz!>> esaldirik) baina baita sektorea bera bihurtu den engainua handiarekiko kritikatik ere. Hirugarrenik, istorio beltza da, krimen bat eta gangsterrak ageri direlako, sexu indarkerian ez ezik negozio ilunetan sartuak.

Belaunaldi arteko talka ekidinezina (Nicky vs Cassandra), klaseen ardura eza hurkoarekiko eta desklasamenduaren zuloa, harreman familiarren disekzioa… espero nuena baino gehiago eman dit komikiak. Uneren batan pentsatu dut okertu egingo zela gozamenaren bidea baina zorionez sentsazio iragankorra izan da. Hor egon baita gabonen kontrako gezi zorrotzen bat berriz gozarazteko.

Bukatzeko gustatu zaizkit marrazkiak ere, biƱeten antolamendua eta baita zuri-urdin eta koloreen arteko jokoa. Arrasatearrok zaretenok zortedun zarete, aurki itzuliko baitut liburua liburutegira. Ez utzi hautsik hartzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude