Hollywood. Nadar & Julien Frey. Komikia.
Gure zinemaren historia petrala bada, hala dio liburu batek, Hollywoodena ez da distiratsua. Baina, estatubatuarrek badakite, eta guk ez, petralkeriaren distira saltzen. Are gehiago, haien artelan ugari petralkeria ardatz dutenak dira, esate baterako, Mc Carthy zekenaren zerrenda beltzekin lotutako Good Night, and good luck film ederra datorkit gogora.
Nik ez nekiena zen Gerra Handirarte behintzat Frantzia zenik zinemaren jaun eta jabe. Egia da han asmatu zela kontua baina hain da produktu estatubatuarra zinema nire iruditerian ez nuela suposatu ere egin. Baina etorri zen gerra eta fandangoaren buelta berarekin. Eta urrezko aro berri hartan bazen artista bat Chaplin baino famatuago eta Buster Keaton baino maiteago: Roscoe Arbucle, ‘Fatty’ gaitzizenaz ere ezagutua, aktore, zuzendari eta sortzailea, artista erabatekoa. Urteko milioi bat dolar irabazten lehen aktorea, moralkerian gora zihoan estatu batean -alkoholaren debekua mamitu zen garaia zen- bere umore itsusia bezain publikoak maitatua zen -gaur egungo kanonen arabera zalantzagarria ere bada haren txiste katalogoa, bide batez-. Eskandalu handi batek harrapatu zuen tartean, William Randolph Hearstek bota zuen egurra sutara -Kane Hiritarra artean ez zen sortua- eta polizia ustelaren laguntzaz txikitu egin zuten. Keaton bakarrik geratu zitzaion alboan eta biek egin behar izan zioten aurre erauntsiari.
Julien Frey gidoigileak eta Pep Domingok (Nadar) frantsesez argitaratu zuten aurrena eta gero gaztelaniara itzuli Fatty -el primer rey de Hollywood (Astiberri, 2022) komikia. Bertan, lortzen dute irakurleak bat egitea Roscoeren bizipenekin eta marrazkiek, ze ona den koloreen erabilera nire ustez, zeresan handia dute horretan. Gustatu zait Nadar marrazkilaria, bai horixe.
Ba hori, istorio on bat, ez duena akaso distirarik eragiten baina bai lotzen zaituena irakurtzera.