Musika jaialdiak. Saiakera. Urzelai Urbieta.
Aurten atera da Jon Urzelai Urbietaren Su festak (Susa, 2023) saiakera eta esan liteke honezkero eduki duela sona eta irakurleen estimua. Urrian agindua denez Arrasatera etorriko dela liburua aurkeztera Kooltur Ostegunak ekimenaren eskutik baliteke hemen idatzi eta adierazitako batzuk ñabartu behar izatea gero nik, idazlea zuzenean entzuteko zortea badut bederen.
Halaber, eta sareetan agindu nuenez gero loreak banatu eta bainak platereratuko nituela, hona hemen liburuari buruzko hainbat burutazio.
TXALOAK
Liburua beharrezkoa da, pentsarazten dizulako besteak beste ea zergatik ez dugun eduki lehenago horrelakorik. Egia da azken hogei urteotan egin duela eztanda fenomenoak munduko hainbat tokitan neoliberalismoak harrotutako olatuan, Euskal Herriko adibideak hor ageri dira irakurri nahi duenarentzat, baina komunitate gisa lehenago ez erantzun izana gure tamainaren txikiaz gain beste zerbaiti ere zor diogu akaso: kultur moldeen inguruan beharrezkoak diren hausnarketa faltak.
Liburua oso ondo dokumentatua, landua eta solidoa da. Zentzu horretan idazlearen lana eta meritua goraipatzea da egitea dagokidana. Txalogarria eta zoriontzekoa da.
BAINAK
Maketazioarekin izan ditut gorabeherak, beste irakurle batzuekin hitz egin ostean nolabait berretsi ditudanak. Irakurtzeko ez da liburu erosoa. Marjina estuek txosten itxura handiago ematen diote lanari liburuarena baino -akaso nahita biltatutako forma da, edota erosleari prezioak merketzeko eginiko estrategia- eta oro har Susarengan ohikoa ez den moduan, zaintzen baitituzte eta asko liburuen itxurak, uste dut merezi zuela beste arreta bat obrak.
Bigarren gorabehera da egituran galduta egon naizela maiz. Bada hari kronologiko bat planteamendu zirkular batean – koba/basoa/herria/hiria/koba – eta ni behintzat ez nau konbentzitu. Kosta zait konektatzea eta une batean baino gehiagotan burua orri artetik atera behar izan dut pentsatzeko ea non ote nagoen. Bistan da izan litekeela baten abuztuko neurona xehetu eta nagituen errua, baina ez zaidanez hori pasa hilabetean irakurri ditudan beste hiruzpalau liburuekin hor doa duda.
HARI-MUTURRAK
Bainen hariak gorrotagarriak dira platerean. Baina batzuetan hor daude eta hari-mutur horietatik tira egitea da plazerik handienetakoa, haria motza dela uste eta bat-batean egon zintezkeelako bidaia zirraragarri batean.
- Hari-muturra: Hiri Buruzagia. Hedoi Etxartek badu marketin kanpaina arrakastatsua ekialde loriatsuarekin lotua eta Su festak lanaren egileak ere han jartzen du itxaropena. Ez dut dudarik ederrak ez direnik han egin dituzten kultur ekimenetako batzuk (Nola? jaialdiak, Iruinkokoa etab) baina oro har badut Iruñea espejismoa denaren zalantza, Euskal Herriko panorama etsigarriaren aurrean. Gure inguruko gaztetxeetatik apenas geratzen diren bakar batzuk musika egitarau sendoarekin, duela mende laurden ohikoa zenean Gipuzkoa mendebaldean halako hainbat egotea. Esan nahi dudana da Iruñea hiriburu dela eta akaso haren indarra ere izango da Euskal Herrian hiriburuek egiten duten fagozitazio indarraren ondorio, Nafarroa osoko panoramaren argazkia hartuta akaso egoera bestelakoa litzatekeelako. Herri txiki batean bizi den pertsona gisa kezkaz bizi dut maiz udalen esku soilik geratu izana kultur egitaraua eta tabernei jarritako traba, gaztetxeen apaltze eta antolatzaileen gainbeheragatik. Iruñera itzulita uste dut interesgarria dela gertatzen ari dena, baina denboran duen iraupenak erakutsiko digu ea zer den benetan geratzea lortzen dena.
- Liburua irakurtzen ari nintzelarik Umberto Ecoren liburutegiari buruzko dokumentala ikusteko aukera eduki nuen. Uste dut Ecok aipatzen duela han gure garaiko gaitz bat, hein batean lotua dena ere jaialdien arrakastarekin: dena aldi berean edukitzeko nahia, bizi dugun metatze obsesio hori. Internetek ekarri du orain arte ezinezkoa zena -sareen eragina ere ez da apala izan nik uste ohitura aldaketatan- eta, adibidez, klik batean Iron Maidenen diskografia dena jaitsi liteke eta horrek enpatxoa sortzeaz gain gosea ere pizten du. Badakit paradoxa dela, baina esango nuke gero eta musika gehiago gorde berau entzuteko gogoa apalagoa dela, horrek ez duelarik ekiditen are gehiago nahi izatea. Jaialdietan ere maiz nahi izaten da enpatxo hori, Wacken jaialdiko kartelak jebi bati sortzen dionaren parekoa, nahiz eta jakin maiz talde horietako asko ikustea ezinezkoa dela ordutegietan bat egiten dutelako -horrek dakarren antsietatearekin- han egon beharra dago.
- Manu Chaori buruz Peter Culshawek idatzitako liburua izan da abuztuko beste irakurgai bat eta han Chaok musikaren negozioari eskaintzen dizkio berba asko, nolako oreka zaila bizi izan duen pentsamendu altermundistako ikonoetako bat izan eta jada Mano Negraren garaitik Virgin disketxe multinazionalarekin sinatu izanak. Chaok dio maiz jo izan diotela adarra eta ordutik tarte handia eskaintzen diola musikari gisa jakiteari non jo behar duen eta zertarako. Ez dakit zer eska dakiokeen musikari bati norberari eska ezin dakiokeenik -maiz guk geuretzat nahi ez dugun hiperkoherentzia bat exigitzen baitiegu artistei- baina ezin dut ukatu begiak plateren pare ireki izan ditudala BBK Live eta antzeko jaialdi batzuetako karteletako musika talde batzuk ikusita. Euskaldunak, euretariko asko, eta Chaok ez bezala bi galderekin jaialdia nork eta zertarako antolatu duen jakiteko modua zutenak.
- Kontrara, oso ados nago egileak Berri Txarraken ibilbidea jartzen duenean azken urteotako aldaketen paradigma gisa. Ados nago eta gainera eskertzen diot kariñoz aritzea taldearekin, uste baitut hala jokatu behar dela haiekin.
ONDORIO GISA
Baina eta hari-muturrekin luzatu naiz, hein batean txiolandian edukitako iritzi truke batean egileari ulertu niolako nahi zituela hauek jakin. Jabe naiz ez dela gai bat askorik kontrolatzen dudana -egia da 1997 urrun hartan hartan joan nintzela lehen aldiz EHZra laguntzaile gisa, baina gauza bat da ricarda nola zerbitzatu ikastea eta beste bat non nengoen ulertzea- eta nire argudioak lastozko etxeak direla Jon Urzelai Urbietaren putz egite indartsuaren parean. Baina uste dut egilearen ahaleginak merezi zuela blogean lekua. Espero dut irakurle gisa egile beraren beste hainbat obra etorriko direla.
Kaixo Eneko!
Hemen doa agindutako erantzun pausatuagoa. Badakit esan nizula, baina milesker berriz, nahiko joera orokortua da iritzia galdetzerakoan “ondo! gustatu zait!” edo antzeko erantzun soil bat jasotzea, garapen gehiagorik gabe, eta nik behintzat eskertzen ditut kritikak; errespetuz eginak badaude, lagungarriak dira.
Maketazioarena Susaren kontuak dira, eta saiakera saila horrela antolatua dago, beraz, horretan ez naiz sartuko. Liburuaren antolaketari buruz diozuna irakurtzea gustatu zait: erronka bat izan da eta jakin banekin diozuna gerta zitekeela. Saiatu naiz ekiditen, baina, bistan da, agian guztiz lortu ez. Gauza asko esan nahi dituzunean, dena modu koherente eta logikoan lotzea ez da erraza izaten eta egindako lanaren zati handi bat horretan saiatzen izan da. Ni gustura geratu naiz emaitzarekin, esan bezala, erronka ez baitzen makala, baina litekeena da helburua guztiz lortu ez izana. Halako testu luzeak ez dira egunero idazten eta ekinez ikasten da, hurrengorako aintzat hartu beharreko kontua, apuntatuta.
Aipatzen dituzun beste kontuak ere interesgarriak dira. Iruñeakoarekin ados xamar nago, ez ote den gure helduleku bat, zerbaitetan aurrera egiten dugula sinestarazteko-edo. Liburuan saiatu naiz hori ere iradokitzen amaieran. Uste dut komeni dela kontuari tamaina hartzea: RRV eta halakoekin alderatuta Iruñekoaren eragina hutsaren hurrengoa da.
Ecorenari dagokionez, agian gaiarekin aspertu zara dagoeneko, baina Nando Cruzek argitaratutako “Macrofestivales” liburuan ere adierazten da ideia hori.
Manu Chaorena irakurtzeko gogoa eman didazu! Ea egiten dudan. Dan Ozzik ere “Vendido” liburua argitaratu berri du, 90-00tako hardcorearen bueltako taldeek multinazionalekin izandako esperientziak biltzen dituena. Nire gusturako mamiari ez dio behar bezala heltzen, baina taldeen istoriak ezagutze hutsa interesgarria da. Eta Berri Txarrakenagatik eskerrik asko!
Ba horixe Eneko, milesker eta aitortuko dut pozez ikusi dudala oraindik blogak elikatzen jarraitzen duzuenak bazaudetela. Sarearen egungo zurrunbilo honetan oasi txiki bat dira…
Ondo izan!
Jon
Mila-mila esker zure erantzun mamitsuagatik Jon. Segi oraingoan bezain fin eta irakurleak ez zaizkizu faltako. Eskerrik asko liburu erreferentziengatik, irakurriko ditut (gaia gustuko dut). Besarkada bat.