Ladron Arana. Iruñea. Taberna.
Iruñean, 1947ko gerra oste luzean -oker ez banago urte hartan izan zen frankismoko lehen greba ahalegina Arrasaten, aski ausartak batu ziren langileak-, bi haur, irabazleen magaleko Iñigo eta galtzaileen saldoko Jokintxo, lagunak dira. Biek eskola partekatzen dute nahiz eta klase sozial oso diferentekoak izan -gaur egungo Iruñeatik bastante urrun dago hori- eta Jokintxo txirotasunaren txirotasunez zine batean bizi denez gero, lagun biek aukera dute nahi beste pelikula ikusteko. Hala dabiltza kezka larririk gabeko haur gisa -horrek ez du esan nahi tragediaren hatzaparretatik libre direnik, besteak beste haien familiatan gerrak utzitako zauriak ebidenteak baitira- egun batean naturaz gaindiko fenomeno bat pizten duen zapi bat ukitzen duen arte Iñigok. Horrek piztuko du trama guztia. Horrela, desagertutako neskatxak, laguntasuna, lehen amodioa, bullyinga, irakasle falangista beldurgarriak, artean Irati tranbia zaharra martxan zuen Iruñea… tartekatuko dira thriller misteriotsu eta -amaiera arte ez bizi- honetan.
Liburua da Alberto Ladron Aranaren Ilunpeko zelataria (Elkar, 2022) eta zerbait bitxia pasa zait irakurri ahala. Oroitu naiz badirela tabernak non kafea ez den bereziki ona, tabernaria ez oso jatorra, prezioak ez dira apalak, musika hautaketa hutsaren hurrengoa da, dekorazioak ez du sosegurik transmititzen… eta halere maiz joaten naiz kafea hartu edo lagunekin egotera. Ladron Aranaren liburua ere hasieran geldoa iruditu zait, gero hizkuntza hautu batzuek kirrinka egin didate, rollo paranormalak ez zaizkit inoiz oso erakargarriak egin, pertsonaiek badute euren zera, bukaera kosta egiten zait sinestea… eta halere lo orduak lapurtu dizkidan liburua izan da, zer gertatzen zen jakin nahi nuelako kosta ala kosta. Ez zait okurritzen misterio liburu bati buruz ezer ederragorik esan daitekeenik hain lerro gutxitan.