Handke. Jokin Zaitegi saria. Egonezina.
Gogoan dut nire eskubaloiko azken penalti jaurtiketa, Tolosako Usabal kiroldegian. Trufo atezainari, atezain bikaina bera, mondragoetarra baina Tolosako jokalari garai hartan, hankapetik sartu nion baloia. Taldekideek eta entrenatzaileak nire abilezia txalotu zuten. Egiari zor, baloiak irrist egin zidan hatzamarretatik. Ez nuen hara bota nahi, geldi zuen hanka albora, eskuinera, baizik.
Peter Handkeren Atezainaren larria penalti-jaurtiketan (Elkar 2020, Joxe Mari Berasategi Zurutuzak irabazitako Jokin Zaitegi Itzulpen Saria, originala 1970ekoa) irakurrita akordatu naiz horri buruz. Eta ez agerikoa den izenburuko erreferentziagatik bakarrik. Handke irakurrita, hau dut aurreneko bere lana, Mitteleuropa deritzon eremu horri buruzko idazleen iluntasunari ari natzaio bueltaka: Marai, Bodor, Kristoff… Denek konpartitzen dute egonezin bera, bero sapak mamotutako gorputzen nekea eta etorkizunarekiko ezaxola. Horregatik ziur asko Handke ez da joan atmosfera horren bila, hipotesi ausarta nirea, baizik eta hala atera zaio. Inpresio hori hartu dut, besterik ez. Badu zerbait Alpeak eta esteparen atari arteko lur eremu horrek liburuetan funtzionatzen duena baina bertan bizitzeko batere erakargarria suertatzen ez zaidana. Lurra zikina balego bezala, edo nekeak jota. Ez osasuntsu.
Liburuan Handkek Josef Blochen ibilerak kontatzen dizkigu. Gaizoa Bloch, Esterenzubin ahoskatu ohi duten meneran, baina koitaduago berarekin topo egiten dutenak. Ez baita gizona parte honekoa: ez norabide, ez gizatasun eta ez bere buruari egiten dizkion etengabeko galderentzat erantzun. Gauza ñimiñoenak jakin nahi ditu xehetasun osoz galdera handiei iskin egiteko. Gerra ere presente dago, oso presente, bere lur minatu eta soldaduen joan etorriarekin. Ez dio protagonistari laguntzen horrek, denen iragana ezabatzen baitu: gerra aurre eta gerra ostea bi mundu direnez gero sustraiek ez dute sendoerarik.
Merezi du irakurtzea atmosfera berezi hauek maitez gero. Baita giza alienazioari buruz jakin-mina edukiz gero. Ez dakit zer gehiago esan. Hau dela blog honen 200. sarrera, akaso hori esanda nahikoa da. Eskerrik asko irakurle zareten guztioi eta Goienari tartea uzteagatik.