Odiseo (Ulises). Itaka. Euskaraz.
Mendebaldeko literaturaren genesia dela diote, Homero izeneko kontalari itsu batek (edo kontalari talde batek, badagoelako teoria hori) betirako gogoan utzi ditu Akiles, Troia, Helena, Agamenon, Hektor eta enparauen abenturak. Horien artean gerra irabazteko amarrua pentsau zuen erregea, azkarretan azkarrena, Ulises jauna. Bere etxerako itzulera abenturen euskarazko bertsioa, Juan Kruz Igerabidek moldatua (Erein, 2007) da irakurri dudana. Izenburu du Ulises – Homeroren Odisearen bertsioa.
Gauza gutxi esan dezaket lan honi buruz jada esan ez denik. Banuela irakurtzeko gogoa eta gozatu dudana. Ulises, gerrarako trebe dena itzuleran harro eta tonto jokatu izanagatik atzeratu zela. Horra akaso antzeman dudan fondoko lezioa, izan zintezke zurezko zaldi bat irudikatzeko bezain abila eta gero jainkoen tranpatan erori banan-banan, haiek hasarratu izaganatik jarritako tranpatan, bidenabar.
Penelope, itsasoa zurea da baita ere, ez duzu zertan zain egon. Horma batean irakurri nuen. Hala ageri dira maiz liburu eta filmatan: Penelopeak, zain, eta Ulisesak, galduta. Abentura ederrak bizita, Hadesean egonagatik ere itzulita, eta galduta. Gerra norberarekin daramaten gizonak, jainkoen txontxongilo bihurtuta. Gustura irakurriko nuke Ulisesen abenturen jarraipena. Ea zer errege klase zen, zein zen haren zerga politika, ea maitasunagatik jarraitzen zuten menekoek edo izuagatik.
Edizioa poltsikokoa eta sinplea izanagatik ere oso konpletoa da: badu hitzaurrea testuingurua ulertzeko eta hiztegitxoa amaieran. Zaindua iruditu zait.
Bukatzeko, abentura kontakizuna da hau: ekintza ekintzaren ostean. Faltan botatzen ditut halako abentura generoko pelikulak, nire haurtzarokoak. Indiana Jones eta halakoak, badakizue zeri buruz ari naizen ziur asko. Ikuspuntu askotarikoen bilaketa obsesiboaren fruitu izan liteke abenturen desagertze hori akaso, ez nago ziur. Heroiek ez dute lekurik etengabe biktimak lehen planoan jartze horretan. Ulisesentzat abentura dena oinaze edo sufrimendu izan ziren beste askorentzat: galdetu bestela bere marinelen senideei. Ez dut argi eta oker egon ninteke, baina askotariko oinaze sufritzaileen ikuspegi bistaratze hutsak, justua izanagatik, ez ditu pertsonen emozioak mugitzen. Ez dakit guztiz inspiratzaileak diren ere. Eta uste dut behar duela abentura sena berreskuratzea gure gizarteak. Izan ere, abentura faltan dagoena bestelako zera ilunagotan has litekeela iruditzen zait, zinikoago eta arriskutsuago diren gauzetan.
Aupa, Eneko. Ados zure iruzkinarekin. Liburu ederra da, eta oso ondo itzulita. Seguruenik irakurrita izango duzu, baina “Urrezko astoa”, Apuleiorena ere mundiala da. Juan Kruz Igerabidek eta Anjel Lertxundik euskaratu zuten. Nik barre algaraka irakurri nuen.
Ondo segi!
Egun on Joxe, ba ez, ezjakina naiz gauza askoan eta literatura klasikoan baita ere. Orain izena irakurrita ezaguna egiten zait baina ez dut akorduan irakurria dudanik. Apuntatuta geratzen da eta irakurtzean iruzkinduko dut. Mila-milaesker ekarpenagatik eta egun ona izan!