Tríptic de la terra

Ibarz. Nekazaritza. Alcarràs.

Iragan astelehenean Bartzelonara joan nintzen egitera katalaneko B2 azterketa. Trenean, Carla Simonek elkarrizketa batean inpirazio iturri gisa markatu zuen nobela neraman: Mercé Ibarzen Tríptic de la terra (Llibres Anagrama, 2020) eta bere baitan 3 liburu dituena: La terra retirada (1993an argitaratua), La palmera de blat (1995ekoa) eta Labor Inacabada (2020an bukatutakoa). Lehena eta hirugarrena testigantza literarioa dira eta bigarrena unibertso horretan, Saidí herrian, kokatutako fikzio nobela. Hirurek osatzen dute aro baten amaiera eta beste zerbaiten hasiera.

Saidí da Herrialde Katalanetako far west-etatko bat. Gure Turtzioz, konparaketa zilegi bekit. Tuteran hasi eta Lleidaraino dagoen lur arreen segida, txiroa zenari ura gehitzean sortu den lorategia, Administratiboki Oska, Aragoi, eta kulturalki Katalunia. Mercé Ibarz idazlea bertan jaio zen, gazte utzi zuen herria Bartzelonara joateko eta nekazari alaba eta arreba izanik bere bisitatan ikusitako eboluzioa kontatzen du.

Nola bere gurasoek gerra ezagutu zuten, Aragoiko fronte terrible hori, eta gerra osteko estraperloa eta errepresioa. Nola aldatu ziren landatutako fruituak, zekaleetatik hasi eta fruta arbolataraino. Mekanizazioak ekarri zuena. Zer paradoxa den nekazari gazteek ortua landu ordez supermerkatuan erostea barazkiak. Herriko bizitza kulturalaren aldaketa. Lan istripuak. Familia. Harremanen zakarkeria. Intermediarioen botere ia erabatekoa ekoizleen gainean, hauek elkarren artean antolaturik ez daudenez gero. Aukera falta.

Bereziki gomendagarria da La terra retirada. Bikaina da eta gomendatzen dut biziki irakurtzea, katalanez ez bada gaztelaniazko itzulpenean. Gauza batzuk ulertzen laguntzen du, norbere mundua irekitzen eta norbere etxean entzundako hitz batzuei beste oihartzun batzuk ematen. La palmera de blatek ez nau horrenbeste hunkitu eta azken atala argazkietan oinarritutako memoria ariketa polita da, aurreneko atalaren osagarri dena. Portzierto, liburuari esker ikasi dut zer den terra retirada eta hemen dakart CIT terminologia zentroko definizioa: En el marc de l’ús del territori, extensió de terra que estava conreada i que es deixa sense conrear durant un o diversos anys, d’acord amb la legislació d’un país o un acord internacional. La finalitat és promoure una extensificació per disminuir la producció dels cultius o contribuir a la conservació dels sòls. Ikaragarri gogorra egin zait jakitea nola nekazari batek fruta arbolak zaintzeari uztean derrigorrez moztu behar dituen, ezin ditu hor utzi euren artan, gaixotasunik heda ez dadin. Mozturiko enbor motzondo horien irudia dardaraz hasteko modukoa zait.

Ez dakit azterketa aprobatuko dudan. Pronombre ahulen eta aditzen taulak erronka latza dira buru nekatu honentzako. Baina azterketa egin eta jarraian Alcarrràs pelikula ikusi nuen Gràciako Verdin zinematan, bertsio originalean. Ulertu nuen. Eta gozatu nuen, asko, liburua beste edo gehiago, eta iruditu zitzaidan denak zentzua hartu zuela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude