Magia

Patua. Trenak. Swift.

Nire autore gogokoenen artean, zalantzarik gabe, Graham Swift da gustokoenetakoa. Haren Last Orders mundiala izugarri gustura irakurri nuen, baita The light of day eta azkeneko Mother’s day. Irakurri dudan bere lanetan azkena, 2022an bertan Anagramak argitaratutako Bueno, aquĆ­ estamos (Originala Here we are 2020koa, gaztelaniara Antonio-Prometeo Moyak itzulia) zeharo gomendagarria da. Ez akaso lan borobil-borobila delako, baina bai pertsonaia eta detaile zoragarriak dituelako.

Trama hiruki bat da, klasikoa. Ikuskizun berean lan egiten duten hiru artista gazteren arteko hirukia.

Batetik Ronnie magoa dago, artistikoki Pablo Handia izena duena: Londresko langile klaseko haurra, aitaren absentzia sufritzen du, amarekin harremana ez da erraza eta da biziki sentibera. Ronnie, Ingalaterrako beste hainbat haur bezala, Bigarren Mundu Gerrako bonbardakengandik babesteko landa eremura bidaltzen du amak. Ekintza horrek emango dio Ronnieri aberastasuna eta albi berean dilema: bi familia ditu, hain gozo hartzen baitute Evergreneko harrera baserrian, eta horrek zalantza pizten dio bihotzean.

Bestetik dago Evie, mago laguntzailea, amak artista izateko audizioz audizio zeramana baina ahots txar bezain hanka politen jabe dena. Ronnierekin hitzartuko du ezkontzea, prometitu da, eta eraztun dotorea darama hatzetan hori frogatzeko. Nobela hiru ahotsetara narratzen bada ere, Swiftengan ohikoa da teknika hori, bukaeran Evieren ahotsa da entzungo duguna batez ere. Ez da ahots garbia berea.

Bukatzeko Jack dago, pikaroa, Ronnieren laguna eta aurkezle talentuduna. Jackek publikoa irabazita dauka, badaki nola eraman saio bat arrakastatsua izan dadin eta neskazale porrokatua da.

Horrela kontatuta ez dirudi zera handirik denik. Baina gero, ai gero, detaile txiki eder askoz osatzen da: esate baterako Ronnieren bizitzan, zeharo maiteminduta nauka pertsonaiak, trenek betetzen duten rol tragikoa. Edota erabaki bakoitzak eragiten duenaren jabe nola egiten diren pertsonaiak hain modu nabarmenean. Sentiberatasuna eta pertsonaiekiko errespetua da Swiftek ereiten duena orri bakoitzean. Eta adi, ez da nobela hunkibera, hunkiberatasunaren aurka ezer ez dudan arren: nobela eder eta tristea da, Joxe Ripiauren abestia bezalakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude