Bainuetxea

Carvalho. Argazkia. Testuingurua.

Carvalho detektibearen istoriatan zazpigarrena da El Balneario (Manuel Vázquez Montalbán, Planetaren berredizioa 2003koa, originala 1986koa) eta ezin esan onena denik. Agerian uzten du zein delikatua den detektibea bere mediotik ateratzea, zeinen ezdeus bihurtzen den ez duenean ingurukoa ezagutzen, eta obra honetan Charo, Biscuter edota Fuster bezalako bigarren mailako pertsonaien falta asko somatzen da. Izan ere hor du grazia Carvalho detektibeak, bere inguruan eraiki duen infra-mundu horrek aberats nahiz jet-seteko kideekin sortzen duen Caravaggio erako artelanak.

Beno, hor eta Vázquez Montalbánek bizi zuen garaia deskribatzeko zuen artean. Kazetaria zen Montalbán, begirada zoliaren jabe, eta bere fikzio lanak irakurtzea Espainiar Estatuko historiaren urte oso garrantzitsu batzuk ezagutzeko modu entretenigarri eta bizia da. Kasu honetan urtea ez da edozein, 1986an sartu baitzen Espainia Europar Batasunean, eta horrek zipriztintzen du narrazioa. Bueltan-bueltan ageri dira kontinente osoko turistak zeitgeist deritzona uletzen lagunduko digutenak, aberatsak batzuk dekadenteak denak, eta horiei kontrajarrita Espainiako selekzio ofiziala: andaluziar señorito bat, koronel autoritario bat, katalan enpesari mozorrozale bat, euskaldun kirten bat, kerubin komunista bat eta polizia nahiz barne ministerioko inkonpetente andana. Hor du grazia kontuak, herri bakoitzeko biztanleei egozten zaizkien arketipoen kondentsazio ariketa abil eta umoretsuan. Interesa duenak ikusi zer garen euskaldunak, edo euskaldunetatik batzuk, Montalbanen begietan.

Ondorioz, detektibe trama ez da nire ustez Carvalhoren serieko onena. Larregi zentratzen da bestelako osagaien deskribapen eta analisian eta misterioari eusten badioo ere bukaerak ez nau ase. Kontrara, horrenbeste zentratzen denez inguruabarretan hauek genialak dira. Jakina, nik orriei darien lodifobiari eta bestelako irainez paso egin dudalako gozatu dut. Hori egin ezean, edo horretarako gogorik ez bada, ez du merezi liburua esku artean hartzeak.

Bukatzeko bitxikeria bat: ETAren tratamendua orrietan. 1986 urtea zen. Hamar urte beranduago ezingo zukeen halakorik egin motibo bat baino gehiagogatik. Gezurra dirudi zenbat aldatu zen mundua hamar urtean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude