Coca-Cola

Gerra. Kapuscinski. Erreportajea.

Aitatxi hil eta urte batzuetara hasi ziren agertzen Orbaitzetako ortuko harripetan, zerbaitengatik esaten zaio bazter horri Artsu, klase guztietako botilak. Ez ziren gordeak ondoren erabiltzeko baina ez nago ziur, ezin baikenion galdetu zergatik egin zuen hori gizonak. Ziur asko botilekin zer egin ez zekielako: belaunaldi horrek nozitu zuen lehen aldiz ekoizpen industrial batzuen hondakinekin zer egin ez jakitea. Artean hondakin bilketa mankomunatua hasi gabe zegoen.

Aitatxik ez zekien baina bere jarrerak badu kariño handiz gogoratzen dudan film batetako boskimano batekin lotura. Jainkoek erotuta egon behar dute da film hori eta bertan protagonistak ez daki zer egin arazo iturri besterik ez den jainkoaren opari batekin: Coca-Cola botila da oparia eta bere tribuan deliberatzen dute hobe dela jainkoei itzultzea haien etxera, alegia, ozeanora.

Protagonista gaixoak gerran den Angola zeharkatu beharko du eta ezer ez duen ulertzen artean, edo akaso bera da dena hoberen ulertzen duela eta soldadu angolar, kubatar eta hegoafrikarrak ziren piperrik ulertzen ez zutenak. Zergatik? Kapitalismoaren iritsieraren metaforatzat hartu izan delako pelikula.

Gaurko liburua ederra da eta kontatzen du ziur asko gerra bat, zenbat entzun dugun hitz hori azkenaldian eta zergatik egon da estalita orain arte munduan hamaika gatazka denean, konta litekeen modurik ederrenean. Ryszard Kapuscinski da egilea, oso ezaguna dena, eta liburua Un dia más con vida (Anagrama 2003, itzultzailea Agata Orzeszek). Bertan 1975eko Angolako errealitatea kontatzen du, Krabelinen Iraultza egin berri zuen Portugal kolonialaren akabera eta inguruko potentziek hauspotutako (Zaire, Hegoafrika) gerra zibila artean nasciturus zen herrialde berriko Neto presitentearen aurka.

Liburua irakurrita ulertzen dut batzuek sentitzen duten bulkada gerra erreportari izateko, niri ez litzaidake inoiz burutik pasako, hain baita zintzoa, goxoa eta aldi berean zorrotza egilearen begirada Angolarekiko eta angolarrekiko. Bada ere kritika 50 urte beranduago, 1975ean girotua da obra, nagusituko zen eta hor jaiotzear zen kazetaritza hegemonikoari: herrialdea ulertu nahi ez duten kazetari-parakaidisten bidez nekez ulertuko dugu mundua.

Errepide kontroletako soldaduak, Diogenes, Farrusco, doña Cartagena… denak dira pertsonaia gogoangarriak. Eta gerraren latzean ere, ze metafora gogorra den gose nahiz egarri izan arren beltz angolarrak ez ukitzea zuri portugaldarrek euren ihesean utzitako animalia eta etxeak, gizatasuna da nagusi. Eta ez pentsa obra buenista denik, badu mamia politikorik. Esaterako, egileak berak honakoa dio: soilik estudiatu eta mundua ezagutu duten angolarrek dute kolonia izan direnaren kontzientzia.

Liburu guztiz gomendagarria, areago egunotan, dugun zarata antzu guzti honi aurre egiteko. Guk jada normaldu ditugu Coca-Cola botilak, baina noizean behin gustatzen zait oroitzea nola nire aitatxiri edota filmetako boskimanoei arrotz egin zitzaiela egun batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude