Frisch. Arrieta. Hemen datza.
(kontuz, spoilerrak)
Hemen datza zerraldo XX. mendeak. Zirriborro batean darabildan esaldia da, hutsik eta abandonatuta den fabrika baten aurrean nire pertsonaia bati okurritzen zaiona. Baina, Max Frischen Homo faber (Originala 1957, itzulpena Elkarrek argitaratua 2001ean eta Joxe Austin Arrietak itzulia) irakurrita antzeko zerbait okurritzen zait niri.
Barne monologo indartsuz, orrialde beteko paragrafoz eta flaschback ugariz idatzitako liburua da hau. Oso Mitteleuropa, soilik handik atera daitezke eta halakoak. Batzuk diote obra sinplea dela formalki, ez zait hala iruditu niri, eta Unescoko teknikaria den gizon baten bidaia da kontatzen dena kontinente baten mende baten bidaia kontatzeko.
Hasierako orrialdeak bikainak iruditu zaizkit, irudi oso potentea iruditu zait Walter Faber aireportuko komunean ezkutatuta hegazkinean ondoan tokatu zaion alemaniarrarengandik ihesi. Zer esanik ez aire istripua eta gero Mexikoko basamortuan egon denekoa laguntza zain, Palenqueko bero sapa edota Greziako dekadentzia dotorea.
Walter ingeniaria da, teknikari eta arrazionaltasunari garrantzia gorena ematen dion gizona. Misoginoa, emetzat ditu sentimenduak, hotza eta (apur bat oso) krudela da bere giza harremanetan. Urdaileko mina da akaso bere pentsamendu arrazionala erasaten duen sintoma, hori eta gerrak zartatutako belaunaldi baten zauria. Liburuko pertsonaia europar denek dute gerraren mina eta amerikarrek ez, horra akaso zergatik gorroto dituen protagonistak amerikarrak haien arduragabekeria naif eta guzti.
Urdaileko minari gehitu behar zaio debekatutako maitasunaren kulpa. Zoriak, eta ez estatistikak, patuak eta ez kalkuluak egingo dute gainerakoa.cEta ez dakit kasualitatea den edo ez, ziur asko ez, baina arrazoiaren sehaska den Grezian egiten du azkenean topo tragediak eraginda Faberrek bere espiritualtasunarekin. Oihan maian hasita, ozeano amaigabea, Frantzia, Italia eta Grezia. Horra XX. mendeak bakarrik eman zezakeen Ulisesek egin beharreko bidaia, New York zen kontsumo azalekoaren eta neoizko gauaren etxetik arrazoiaren tenplura arrazoiaren tiraniari uko egiteko. Adi, irudikatuko bagenu Faber garaikidearen bidaia hau bizi gaituen ondorengo mende honetan akaso bidaia alderantzizkoa izango litzatekeelako eta fama txarragatik baztertuta dugun arrazoia bihurtu salbaziorako besarkatu beharrekoa. Bidean goaz.
Bukatzeko, zer esan bizitzak Faber errariari parean jarri dion Sabethi buruz. Zer esan motots alai eta axolagabekeria gaztez beteta gerra ezagutu ez zuen belaunaldi horri buruz, zeina ezjakina den eta dena duen irabazteko, zeinak gurasoak arriskutsuki maite dituen galderarik egin nahi gabe (ulertu guraso aurreko belaunaldi gisa) eta hauek ezagutu gabe. Jarrera horrek ezinbestean suge-gorriekin dantzan jarriko ditu. Liburua irakurri baduzue akaso ulertuko duzue azken paragrafo hau. Hala espero dut.
Aix Joxe Austin Arrietan beste taberna bateko bezero balitz. Zenbat txalo jasoko lituzkeen bere lanak egundo jaso ez dituenak. Doakiola nire esker ona behintzat Frisch euskarara ekartzeagatik.