Bertute txiki, bertute handi

Narrazioa. Ginzburg. Begirada.

Estiman dudan lagun batek oparitu zidan liburua eta jaso nuen hezieraren poderioz zor nion ahalegina. Horregatik, beldur puntuz bada ere, liburua hartu eta irakurtzeari ekin nion. Zergatik beldurra? Egile beraren liburu bat ikaragarri maite dudalako eta beste batek aldiz ez zidan ezer iradoki, ez zitzaidan gustatu. Ze aldetara eroriko zen txanpona orain, leon edo kastillo? Sentipen horrekin ekin nion Natalia Ginzburgen Bertute txikiak (Alberdania 2021, Irene Hurtado de Saratxo Mendietak itzulia) liburuari.

Egia aurrena. Zatika gustatu zait eta zatika aspertu nau. Ez dut amaitu, ez nuen nire burua horretara behartu nahi, banatuta dagoen bi zatietako lehena gustukoago izan baitut entseguz beteriko bigarrena baino. Zertzelada ederrak ditu tarteka obrak eta idazkera estiloak ez nau konbentzitu. Derrigorrean irakurri beharreko pieza bat du, lankide eta lagun zuen Cesare Pavese poeta eta editoreari idatzitako testu amultsua, Lagun bati erretratua izenekoa, eta Ingalaterrari buruzko iruzkinak umoretsuak dira. Eskertu dut itzultzailearen sarrera eta ados nago berarekin, Familia Lexikoa obran jasotzen duen unibertsoa zabaltzen laguntzen du. Hura irakurri gabe nekez uler liteke hau.

Blog honetan ahalegintzen naiz gustatzen zaidana ekartzen. Hau ekarri badut da bi motibo nagusigatik: Hurtado de Saratxo Mendieta itzultzailearen lan bikaina eta Paveseri bihotzetik idatzitako narrazioa. Itzulpena gure hiztegia eta estiloa hobetu nahi dugunontzako bidelagun aparta izan liteke, deskribapenetan naro eta aberats. Hona hemen pasarte bat, hain justu Paveseri eskainitako testutik hartua:

Hondarreko urteetan, zimurrez beterik eta zargaldurik zuen begitartea, pentsamendu oinazetuek suntsiturik; baina azken unera arte atxiki zuen nerabe baten xarma figuran. Idazle famatu bilakatu zen azken urteetan, baina horrek ez zituen ezertan aldatu haren ohitura zaputzak, ez haren jarrera apala, ez haren eguneroko laneko umiltatsuna, zehatz-zorrotz egina punttakurlo izateraino. Galdetzen genionean ea gustuko zuen horrela famatzea, erantzuten zuen, imintzio hantustetsu batez, betidanik espero izan zuela: batzuetan, keinu maltzur eta hantustetsu bat zuen, umekeriazkoa eta asmo gaiztokoa, distiratu eta aienatu egiten zena.

Ba hori, bertute txikiek salbatu dezaketela obra. Barka hitz joko baldarra, baina merezi zuen amaitu ez dudan liburu bati buruzko iruzkinak azken puntada, halamoduzkoa izanda ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude