Koadernoak

Chirbes. Memoriak. Anagrama.

Liburu batzuek jaio aurretik dakarte soka eta luzeena memoriena da. Zer gorde eta zer erakutsi nahi digu idazleak? Nola hartuko dute bere hurbilekoek? Konfesatuko du ordura arte berarentzat eta ez beste inorentzat gordetako sekreturik? Zein da tonua, barkabera edo gupidagabea? Leporen bat mozten du? Maitasunen bat deklaratu?

Akaso esperotakoa zelako, gehiago postumoa izanda, baina Chirbesen A ratos perdidos 1y2 memorien liburua (Anagrama, 2021) izan da nire lagun batzuentzat urteko literatura akontezimendua. En la orilla edo Crematorio bezalako obra puskak idatzi dituen gizon Valentziarrak zer du esateko dagoen tokitik?

Bolada aztoratuetan, edo literaturaren iturria txintxin mehea besterik ez den sasoietan, 2013an Harkaitz Cano bidelagun zuela Donostian emaniko hitzaldi hau ikusten dut. Zeharo gomendagarria da eta niri idazlearekiko sinpatia eta esker ona pizten dit tonaka. Horregatik akaso egin zait gordina liburuko lehen herena (ez dut hitzaurre batekin, bi ditu, egoniko polemika aipatuko ez baitut irakurri eta bost axola didalako), hori sufrimendua eta mina gizonarena, eta ezerosoa hainbat pertsonekiko duen tonu gogorra, une puntualen batean kontuak kitatzekoa dirudiena. Hildakoekin ezin da eztabaidatu, zer esango dizuet Domu Santu egunaren bezperan idazten ari naizen lerrootan, baina Marxek arrazoi zuen Luis Bonaparteren 18. Brumarioan: hildakoek itotzen gaituzte. Etengabe ari gara haiei arrazoia ematen edo kentzen. Ez naiz sartuko Chirbesek arrazoi duen edo ez, ez ditut kasu zehatzen detaileak ezagutzen, baina ziur asko memoria hauetan pertsona ageri da biluzik eta eskuzabal eta nire arazoa da egile horri buruz nuen irudia kudeatzea lerrootan jasoaz ez badator bat.

Ondoren liburuaren tonua goxatzen da zerbait esateagatik, bukaera arte ageri baitira haurtzaroko internatuko oroitzapen mingarriak eta bestelako koskak, eta egiten dituen kritika batzuk funts askokoak eta mardulak dira. Esate baterako Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea eta Echevarría kritikariaren kritikari buruzkoa, lagun batzuek seinalatu zidaten hau eta arrazoi dute. Argudioak eta sendoak eskaintzen ditu Chirbesek esateko zergatik ez dagoen ados kritikari batzuen rolarekin. Perez Reverteri buruz dioena zuei utziko dizuet bilatzen.

Liburuko onena? Ez nuke jakingo esaten. Momentuan gordina egin bazait ere, zenbat min dagoen bere koadernoko hasieako zirriborroetan, Madrileko mobida zeritzonaren biharamunari, HIESari eta homosexualitatearen jazarpenari buruzko zertzeladak oso interesgarriak dira. Idazle ofizioari buruz egiten dituen anotazioak puntakoak. Eta irakurtzen dituen obrei buruzko iruzkinak bikainak. Bainaren bat jartzekotan, edizioarekin lotuta dago. Liburuko edukia memoriak idatzi ziren koadernoka banatuta dago, hala utzi zuen prest hil aurretik Chirbes berak, eta faltan bota dut hasieran edo bukaeran bere biografia labur bat, bere obren argitaratze urteekin edota bestelako mugarriekin. Jakintzat ematen dira akaso gauza horiek, baina ikasita jaio ez ginenoi erraztu ohi digute bizia halakoek.

Literaturari emaniko bizia izan zen Chirbesena. Minak, edanak, keak eta orban ugarik lagundu zuten umemokoa zenetik. Lagundu akaso ez aditzik egokiena. Edo bai, baina egilearentzat ona dena ona da pertsonarentzat?

Erantzun bat “Koadernoak” bidalketan

  1. Pingback: Idazlearen bakardadea | Sagasti Etxea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude