Dolua. Kinsky. Italia.
Harrigarria da Esther Kinskyren Arboleda (Periferica 2021, Richard Grossek gaztelaniara itzulia) liburua. Zentzurik onenean, noski. Hiru atal handitan zatitua dago liburua eta hauetako bakoitzean kapitulu laburrek afalosteko irakurketa errazaten dute. Margolari baten pintzeladak ditu Kinskyren prosak, argazkilariaren pazientzia eta literaturaren hitz zehatza egoera bakoitzarentzat. Doluari eskainitako obra monumental honek, M.ren eta aitaren heriotza ditu gogoan narratzaileak, begirada asko ditu bere baitan. Liburua bere patxadan geldialdi gabea da: oroitzapenek ziztatuta bakean ezin egonik Italian zehar mugitzen ari den narratzailea, Olevano-Palestrina-Erroma-Ferrara-Spina bisitatzen ditu besteak beste; flashback bidez “mugitu” den herrialdea, Italia; bizien artetik hilen artera dioazenak, haien kanposantu eta hileta elizkizunekin eta urtaroz aldatzen ari den lurra, negu hondarretik udaberrira.
Deskribapen oparoak ageri dira orri artean eta badirudi Kinskyk badakiela zertaz ari den txori kantu bakoitza aipatzen duenean, detailetan oparoa baita. Hegaztiek zer esan handia dute Arboledan, ez diot alferrik hau. Gehitu horri argiari ematen dion garrantzia, negatibo kutxa bat daroa narratzaileak maletan, ibaiek duten presentzia edota giza kondizioari buruz egiten dituen iruzkinak eta ondorioz irakurketa gozamen hutsa da. Doluak hirien periferiara eta urtaroz besteko bizitzara darama narratzailea, bereziki aipagarria da azken atalean neguko kostaldeak transmititzen duen egonezina, baita Etruskoen arrasto apurrak bisitatzera ere. Ahaztu koliseo eta jauregi handiez, Italia intimo eta zurbila da ageri zaiguna.
Akaso Olevanoko pasartea luzexea da, baina ez dio bukaerako gogobetetzeari eragiten. Aitari eskainitako atala, bigarrena, nire ustez obrako hoberena da. Hirugarren atalean, gatzaga ertzean kokatua, nekazari bilakarazi dituzten marinelen desgrazia aipatzen da, itsasoa haien muturren aurretik ebatsi dietenena. Ze metafora potentea den, zenbat irakurketa kabitu daitezkeen horrelako obra batean.