Oroimena. Ballinger. Noir.
Dudatan sartu eta ase atera, hala egin dut Bill S. Ballingerren Segundorik luzeena (Harper 1957 originala, Igela 2009 itzulpena Xabier Olarra itzultzaile) obraren irakurraldia. Onartu beharra dut orain arte Igelako Sail Beltzak eskaintzen dituen gutitziak majo disfrutatu ditudala. Baina azalak eta egile ezezagunak ez ninduten guztiz erakartzen. Tontoa ni! Nobela aparta baita, pertsonaiak ondo eraikiak eta narratzaileak trebezia handiz daramatza kapituletan tartekatzen diren bi denborak (narrazioaren zati bat lehenagokoa da kronologikoki bestea baino).
Ballingerri kritikak jarri dion epitetoa da nobela beltz lirikoen gurasotasunarena. Ez dakit horrenbesterako den, ez baitut aski jakintza hori hala denik baieztatzeko, baina egia da deskribapenak mamitsuak direla, pertsonaiak sakonak eta ageri den jende gogorraz harago doana kontatzeko bokazioa duela narratzaileak. Victor Pacific protagonista amnesikoaren barne ahotsa ederra da, Bianca Hillek transminitzen duen xalotasun onbera paperaz haragokoa da eta Rosemary Martinen larria irakurlea estutzen du.
Hemen protagonistaren identitate bilaketan bikain islatzen duen paragrafoa (12. or): Eskugainak, hobeto azterturik, ile sarriaren ilungunea erakutsi zuen, baina azala leuna eta zimurrik gabea zen.
Ez nituen eskuak erabiltzen ogia irabazteko; hori izan zen neure buruaz aurkitu nuen lehenbiziko gauza. Eskua ohe gainean erortzen utzi nuen. Baina izena? Zer izen nuen? Nor nintzen? Gero, izenak hasi zitzaizkidan pasatzen burutik, berez, ni saiatu gabe: Aly Khan, Windsorko dukea, Ernest Hemingway, Gary Cooper, Horstman koronela, Adlain Stevenson, Goethe.
Jarioa bat-batean eten zen, uhate bat braust itxi banu bezala. Zer aritu nintzen egiten? Zer aritu nintzen pentsatzen?
Pena bakarra Igelako edizioan dagoen spoilertzarra. Kontrazala irakurtzen duzuen horietakoak bazarete oraingoan ez dizuet halakorik gomendatzen. Horri eusten badiozue gerraosteko New Yorkeko bankuak, hotel kirasdunak eta pertsona adeitsuak ezagutuko dituzue Victor Pacificekin batera. Nork daki, akaso zuek ere beste bizi bat bizi izandakoak zarete eta ezin duzue oroitu.