Pennsylvania. Bouman. Landa noirra.
Amerika handia da hedaduran. Boutadea dirudi hau hala esateak baina batek mapa trukatuak ezagutu ditu bizi erdian eta hara joanda soilik harritzen zara distantzien luzeraz. Txilen eginak ditut bi egun autobus bidaia batean; zoragarriak ziren autobusak, espazio handikoak eta kafea eskaintzen zizuten, eta mapako zati ez oso handi bat zeharkatu. Estatu Batuek ere ozeano batetik bestera ebatsi zizkieten lurrak jatorrizko herriei eta horrela soilik uler liteke lur eremu askok transmititzen duten hustasun, basa sentsazio eta izen falta.
Ea hau azaltzen dudan. Tom Bouman idazlearen Huesos en el valle (Siruela, 2021, Esther Cruzek itzulia) liburuak azaltzen duen bizimodua ezinezkoa da hemen. Jendez husten ari den mendialdean bertan nekez bizi liteke da orrialdez orrialde transmititzen den atmosfera basa hori. Gurean harri bakoitzak bere izena du, hauen izenak ahazten ari bagara ere, eta eremu askotan poliziarik ez badago ere inor ez dago Henry Farrellen tesituran: Udalaren ofizial moduko bat da liburuko protagonista, konderriko Sheriffaren menekoa, eta berarentzat handiegia den eremua kontrolatu beharra du laguntzaile bakarrarekin. Mendialdea zibilizatu gabea da Boumanen nobelan, metanfetamina laborategi klandestino, etxegabeko jende zakar eta baimen gabeko ehiztariz josia, eta berak ere errespetua dio horra joateari. Zoritxarrez, gajoari, liburuko misterioak argitu nahi baditu mendia dezente zapaldu beharra suertatuko zaio. Gure mendialdea txikia da hedaduran Pennsylvaniarekin alderatuta, interes ekonomikoak eta aisialdia nahasten dira modu oso nabarmenean, eta populazio kontzentrazio altua dela eta, ohikoa da asteburu eta oporraldietan mendiko azken txokoan ere norbait topatzea. Marihuana landare bi ezkutatzeko ere lanak izango lituzke batek hemen.
Horrez gain liburuaren bertuteetako bat da oso ondo azaltzen duela Estatu Batuetan estatuaren interbentzio minimoari eta norbanakoaren askatasunari (minoria batekoa edo emakumea ez bazara noski) ematen dioten garrantzia eta horrek ahalbidetzen duen bizimodu mosaikoa. Horrez gain Farrellek, soldadu ohiak, norbere mamuekin ere borrokatu beharko du bailaran agertu diren hezur misteriotsu batzuen auzia argitu nahi badu.
Gauza honekin jarraituta misterioa maite duzuenok zorteko zarete: itzulinguru gabe, oso zuzen, doa harira narrazioa. Niri asko gustatzen zait Kurosawak 7 Samuraiak filmean ezarri zuen kanona, protagonisten definizioari, taldearen osaketari eta aurrekariei garrantzia ematearena, baina hemen nobela irakurri ahala flashback bidez joango gara ezagutzen Farrell.
Bukatzeko, zer esanik ez, gomendagarria da nobela genero beltza maite duzuenontzat, frackingak ekarri duen horri eginiko kritika ere bada Huesos en el valle hau. Frackinga pozoiarekin alderatzen duelako, pozoia pertsonen osasuna kaltetzen duelako eta pozoia diru mordoarekin landa eremuko natura nahiz giza ekosistema zartatzen duelako. Gezurra badirudi ere, 2021 urteko Euskal Herrian, bada oraindik erregaiak lortzeko modu hau defendatzen duenik. Hamaika ikusteko jaioak gara.