Galindez

Galindez. Memoria. Artelana.

Mende beteko nekea duten bizitza parean tokatzen zaizunean airea astun bilkatzen da. Nabari zaio hala bizi izan denari hezurren kamutsa, isiltasunen luzera eta ez gertu ez urruti, inon ez den erdibidean galduriko begirada. Horrelako zerbait behar luke Jesus Galindezekin topo egiteak, bere aberriarekiko maitasunak eta iragan mendeko kolpe ugariek jipoitua. Erori eta altxatakoa, hori bere alde, behin eta berriz, baita Nazio Batuen Erakundeen Franco klubean onartu zutenean ere. Guzti hori Trujillo dominikar diktadoreak kontrakoa erabaki arte, berari buruz liburu batean idatzitakoak ordainarazteko asmoz.

Manuel Vazquez Montalbanen Galíndez (Anagrama, 2019, 2. edizioa) obra paregabea da. Aspaldian esku artean izan dudan onenetakoa eta bere garaian, 1990ekoa da berez, Espainiako Narratiba Sari Nazionalarekin eta Europako Literatura Sariarekin errekonozitua. Liburua eredugarria da benetan ondo uztartzen dituelako bi kontu oso zailak direnak lotzen a priori: nobela ona eta ikerketa zorrotza. Behin bati irakurri nion zientzia eraldatu duten obra garrantzitsuenak, Darwin edo Newtonenak adibidez, ondo idatzitakoak direla. Bestela ezinezkoa da ideiek arrakasta edukitzea. Eta kasu honetan Pepe Carvalho detektibe ezagunaren aitak ondo josten ditu pertsonaia gogoangarriak, Muriel Colbert, Voltaire edo Robards kasu, ahaztu gabe Galindez beraren bakarrizketak txertatzen dituela narrazioan zehar. Detaile honek Harkaitz Canoren obra gogorarazi dit, baina batek daki zergatik ekarri didan haizeak erreferentzia hori. Ah bai, ziur asko horrelako obra bat gurean idazteko gai den pertsona bakarrenetakoa delako, bere azken bi lanak ditut lekuko.

Bestalde kasuari buruzko ikerketa zorrotza da. Espainia eta Latinoamerikako diktadurek eragindako erbestea, Estatu Batuek euskaldun (batzuei) eginiko traizioa, komunismoaren aurkako gerra hainbatentzat izan zen pagotsa, Madrilen gorpuzten ari zen botere sozialistaren disekzioa, unibertsitate lan batzuen atzean dauden interes zalantzagarriak eta irakasle ezkertiar hainbaten zurikeria, ikertzaile baten seta bere lanarekin, euskalduntasunaren mamia, Miamiren eraldaketa etab. Oso ondo uztartzen du datu eta izen festa hariarekin eta horren aurrean txapela kentzea dagokio blog honen egileari.

Bukatzeko, kirrinka bakarra eragin didana Amurrioko baserriko aurreneko pasartea da, liburua hasten duena, baina ez dira orrialde asko. Zuri ez badizu hori eragiten hainbat hobe. Niri pasatako gauza bera gertatu bazaizu ez etsi, ez duzu berriz antzekorik sentituko orrialdeak pasatzerakoan. Ordainetan, izugarrizko gozatua hartuko duzu erresistentziaren etikari buruz irakurriz eta ikusiz nola, gurea moduko herriak, munduko elefante handiek zapaltzen duten belarraren parekoak diren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude