Katalunia

Historia. Sobrequés i Callicó. Dibulgazioa.

Duela 44 urte idatzi zuen Xabier Letek Lore bat, zauri bat diskoa irekitzen duen Canço a Catalunya abestia eta hau dio bertako lehen paragrafoak:

Anai zaharren lur gazte borrokan ezaguna,
ttiki geralako haundi aurkitu nahi duguna.
Guregana zugandik datorkigu eguna,
itsasaldeko eguzki bero eta biguna.

Urte batzuk beranduago, katalanei buruzko hamaika txiste egin eta hamabi janda, urriaren 1ean ikusitakoak hunkituta eta Zahar Berri euskara trebakuntza programari esker aretxabaletar katalan bati euskara ikasten laguntzeak dakarren pozez, iritsi naiz Kataluniako herria errespetatu eta apreziatzera. Bat katalan ikasle ere bada, eta irakurtzearen plazera ikastearen ederrarekin uztartzeko zortea edukita, iritsi naiz Jaume Sobrequés i Callicóren História de Catalunya liburura (Editorial Base, 11. edizioa, 2019koa). Bertan Sobrequés i Callicók, UABeko katedradun eta politikari ohiak, besteak beste “trantsizio” osteko Kataluniako Estatutua idatzi zuen hogeikoteko kide izan baitzen, Kataluniako historiaren laburpena egiten du, historiaurretik hasita 2017ko erreferendumeraino. Modu laburtu eta sintetikoan, bere ideologiari dagozkion ajeak ezkutatu gabe, hori jakinda irakurtzea komeni, nahiz eta ni despistatu nauen esaten duenean Jordi Pujol izan dela XX. mendeko katalan politikari garrantzitsuena eta ez Macià edo Companys.

Bi gauza ekarri dizkit gogora liburuak Euskal Herriarekin alderatzean. Bata, ez diogula ematen dibulgazioari aski garrantzia hemen. Joseba Asironen lanek edota Xamarrenek ez dakit aski oihartzunik duten gurean. Ezta Amaia Nausia edo beste horrenbeste ikerlariren lanek. Hori indartu beharko genuke, garena kontatuko badiogu munduari eta gure buruari. Bestea, ez dakidala hemen ba ote dugun herri gisako historia partekatu eta bakar bat osatzeko besteko heldulekurik. Gure herriaren izenari buruz eztabaidan ari garen honetan, zer esanik ez ereserki bateratu proposamenaz trufaka ari direnez, zer dibulgaturik ez dugu.

Letek itsasaldeko eguzki bero eta biguna egozten dio Kataluniari. Liburu honi esker eguzkipean gusturago egoteko motiboak aurkituko ditu irakurleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude