Paris. Simenon. Berezia.
Ez nuen ezagutzen Georges Simenon idazle belgiarra baina orain iruzkinduko dudan liburuaren hitzaurrean irakurri dudanez inoiz izan den idazle emankorrenetakoa da: 1.800 lekuetan kokatu zituen bere eleberriak eta 9.000 pertsonaia inguru sortu. Azken hauen artean Maigret inspektorea, 103 narraziotan agerturikoa eta editoreen iritzi ezkorraren aurka irakurleen atxikimendua lortu zuena.
Hain justu bere izen bereko nobelaren protagonista da Maigret (Igela, 2010, Juan Mari Mendizabalek itzulia) eta ez da ohiko nobela beltzen detektibea. Ezatsegina da baina ez Sam Spade bezain bizia, bakartia da baina ez da Marlowe bezain erromantikoa. Obsesiboa da, itzela da nola pentsatzen duen irudikatzea karratuen marrazkiak eginaz foliotan, eta zorrotza: Tabac Fontaine antroan pipa eskuan egiten duen hamabi orduko zaintza antologikoa da. Bere eskutik Frantziako polizia judizialaren barruak arakatzen ditugu eta gaueko krimenaren munduaren oihalean ku-kuka aritu gara. Pertsonai onen artean Maigretez gain Fernande azpimarratuko nuke, prostituta, eta berarekiko lanketa Pretty Womanen mito faltsutik aski aldendua. Bukaeran ez dago magia trukorik, soil-soilik pipa erre eta bere izan zuen hirian arrotz sentitzen den gizon baten inteligentzia.
Bitxikeria gisa, amaitzeko, euskalduna den pertsonaia bat ere marraztu zuen Simenonek, Gastambide epailea:
Komisarioarentzat hitz bakoitza oihartzunez betea zegoean. Ezagutzen zuen Gastambide epailea, euskaldun koskor eta zorrotz bat, harroa, hitzak neurtzen zituena, esan beharreko esaldia hainbat minutuz prestatu ondoren honelatsu erortzen uzten zuena:
-Ea, zer erantzuten diozu horri?
Los Angeles, Baztan edo Chicagotik kanpo ere beltzak baditu bere koloreak eta hone hemen Maigretena, irakurtzen hasteaz bat harrapatuko zaituena.