Malkarra

Lilura. Cain. Femme fatale.

James M. Cain idazlearen Galbidea (nik Igelaren 3. edizioko alea dut, 2011koa eta Xabier Olarrak itzulia) irakurtzean badakizu zer edo zer ez doala ondo eta amaierak ezin duela ona izan. Gure buruaren alde kontzienteak uler ezin dezakeen zerbait atzematen du alde inkontzienteak halakotan, ekaitz lainoak ikusita geldi geratze hori, eta halere nobelako protagonistetako bat den Walter Huff aseguru saltzaileak ezin du arriskutik aldendu. Zergatik? Idazleak argi du, Phyllis Nirdlingerrena da erru oso-osoa. Ez dio arretarik eskaintzen gizonak duen herio pultsioari. Ezta giza kondizioaren parte den lukurreriari. Txorkatila baten kate-urreak du erru guztia.

Ezin esan James M. Cain topikotan erortzen denik bera denean topiko honen sortzaileetakoa. Femme fatale deritzonaz ari naiz, Wikipediak aipatzen du gaia pintore aurrerafaelitek ere landu zutela baina ez dakar aipu gehiegirik, genero beltzarekin estuki lotua. Zakilez jositako nobelatan emakume manipulatzaileek maneiatutako hariek mugituta egiten dituzte gizonek gehiegikeriak. Gezurra dirudi nola genero honen idazleek ez dieten beraien buruei galdetzen gaizkile asko gaizkile direla nobelako emakume manipulatzaileak ezagutu aurretik ere. Baina onartuz gero generoaren ezaugarrietako bat dela, aurreko batean aipatu nuen Idoia Gartzesen liburua, McCainen lanek kanona ezartzen dute Hammettenek edo maila apalagoan Chanldlerrenek beste.

Liburua motza, erritmo bizikoa eta duda-mudarik gabea da. Aseguru etxeen mundu ilunaren eta klausulen letra txikien azalpen xehea egiten du eta aldi berean krimen burutsu bat planteatu. Peter Collinsek hitzaurrean dioen moduan, Cainen pertsonaiak ez dira inguru-minguruka ibiltzen, harira joan ohi dira eta ez dute berriketan denbora galtzeko joerarik izaten. Horregatik, ia-ia zakar itxura ere izaten dute batzuetan.

Tentsio handiko nobela batekin gozatzeko, pertsonai txirikordatuekin gozatzeko eta hurkoaren (fikzioko) gaiztakeriez plazer hartzeko nobela bikaina da.

Suari begira gelditu nintzen puska batean. Banekien saltsa hartatik aldendu beharra neukala posible den bitartean. Baina neure baitan malkarrera bultzatzen ninduen zerbait neukan; eta berriro bere asmoak ezkutatzen zituela susmatu nuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude