Marlowe. Chandler. Los Angeles.
Kasualitatez bi liburu erosi, Igelakoak biak, eta (H)Ilbeltza elkartekoek argitaletxe beraren Sail Beltza osoa oparitu. Horra patua, laranjarekin jaten dena eta bestea dena batera. Egia esan irakurketaren gozamenaz beste mesanotxearen gizentzeaz plazera hartzen dugunontzat gaindosia eragin dezaeen oparia da, baina, espero dut mesanotxeak eta biok hemendik nola airoso atera asmatuko dugula, baina zer ederragorik beka bat irabazi duenari hitz bitaminak oparitzea baino. Hori bai, irakurle, hil beltza ez ezik katail beltza aurreikusten dizuet blog hau bisitatzen jarraituz gero.
Raymond Chandler idazle handia zen, begirada zorrotzekoa eta horrelako istorio batek behar dituen errail ugariak ondo marrazten dakiena, gero, Armiñongo ordainlekua bailitzan, dena azken orri brillante batzuetan elkartzeko. Protagonista, Philip Marlowe detektibe pribatu zorrotz, bakarti, profesional on, kaustiko, dirudiena bezain gogor ez eta misoginoa da (baita homofoboa ere). Lana Betiko loa da (Igela, 1995) eta euskarazko itzulpena Iñaki Ibañezena. Ez da akaso Adiorik ez lan bikainaren mailakoa, baina oso-oso nobela ona iruditu zait.
Zergatik hori? Batetik nobelak ondo funtzionatzen duelako, indarkeria, misterio eta ageri den pertsonaia galeria oparoak irakurlea gozarazten duelako. Bestetik lanak, Chandlerren estiloa hau da, ondo azaltzen dituelako LA bezaleko hiri batetako aberatsen miseria eta azpijokoak. Gupidagabea da haien dekadentzia bital, estetiko eta moralarekin. Hau guztia, bistan da, ez litzateke posible izango ez balu poliziak ahalbidetuko ustelkeriarako eta aberatsen interesak defendatzeko duen berezko joerarekin. Bukatzeko, nobelak gu interpelatzen gaitu Marlowek egia aurkitzeko duen tema basatiak sufriarazten gaituelako, denok opa diogun bizimodu lasai eta materialki beteari uko egiten diolako aukera duen bakoitzean.
Epekako bitxi-saltzaile segail begi-beltza lehengo arratsaldeko postura berberean zegoen ateondoan. Begirada konplize berbera bota zidan dendan sartu nintzenean. Dendak itxura berbera zeukan. Lanpara berberak argitzen zuen izkinako idazmahai txikiaren gainean eta ile-hori hauskara berbera altxa zen idazmahaiaren atzetik, antezko soineko beltz berbera jantzita, eta niganantz etorri, aurpegian ezbaiko irribarre bera zeukala.
Azkenik aipatu nahiko nuke ere itzulpenaren maila, nabaritzen bada ere hogeita bost urte igaro direla eta horrenbestez normala da aspektu batzuetan zaharxea geratu izana, aberatsa iruditu zait oso hiztegi eta esamoldeetan. Nirekin ondo funtzionatu du bederen eta ez dakit zer gehiago eska dakiokeen itzulpen bati. Espero dut, irakurle, gozatuko duzuna nik beste Marlowen abentura hau.