Ayllon. Zoriontasuna. Ipuinak.
Ez dakit galdera terribleagorik badagoen. Batek bere burua jar dezakeen ataka estuagoren batean. Zoriontsua naiz? Zer da zoriontasuna? Gure bizitzen zentrotzat jotzen dugu batzuetan; baina, gehienetan, lur harroak salatzen duen zuloan gordetzen dugu zoriontasuna bilatzea.
Izan ere, zoriontasunak gauza arraroak egitera garamatza. Dena utzi, lana, familia, estatua -Anestesiaren agur kantan bezala-, eta zure maitalearen bila hegazkin bat hartzera zaramatza. Kimioterapia saioei uko egitera. Maitasuna esklabotzarekin konfunditzera. Tren bidaia batean gizontasunaren ezerosotasuna sumatzea. Eta halako beste hamaika bidegurutzera iritsi dira bederen Mikel Ayllonen Zoriontsuak izatea aukeratu genuen (Elkar, 2020, Donostia Hiriko Kutxa Literaura Saria) liburuko ipuinen protegonistak.
Prosa soila, eraginkorra eta trebea du idazle arabarrak. Ipuin bildumaren atmosfera ere oso ondo deskribatzen du, Anjaren bulegoa lehen ipuinean aparta da, akaso liburuko ipuin onenetakoa, azken ipuineko Ainhoa harakinaren jarduna untxia zatitzen, ze potentea den irudia, Rosaliaren ibilbide kaskarra… Gozatu dut irakurketarekin, atsegina izan da ahalegina edukia garratza izan arren une batzuetan, eta osotasunak ematen digu zoriontasunari buruzko intuizio sorta sendoa. Zoriontasunak batzuetan korronteari aurre egitea dakar berarekin, zoriontasuna erosotasunarekin nahas dezakegu, zoriontasunaren bilaketak ez du ulermenaren uztarik jasotzen. Zoriontsu izatea aukeratza maiz zoroa izatea baita, ipuin batean bikain aldarrikatzen den normal izatearen etsaia.
Hanna hiru minutu eta berrogeita bost segundo egon da komunean. Zortzigarren aldiz, bulegora etorri denetik. Atzo berandura arte edate egongo zen, etxean, bakarrik, biluzik. Edo argaltzeko biderik bihurriena hautatu du. Anjak galdetu nahiko lioke, asmatu zer arazo duen, lagundu, eta haren ondoan esertzen hasi da jantokian. Baina isilik jateko ohitura dute. HIrurak eta hogeita lau, ordenagailuaren pantailako erlojuan. Svenek ia hogeita bost minutu daramatza leihotik begira. Nagusiak badaki, baina utzi egiten dio. Lan gutxi egiten du. Egun batzuetan, batere ez. Emaztea suizidatu zitzaionetik, leihoen beste aldean bilatzen ditu erantzunak. Edo gorputz batek lurreraino iristeko zenbat denbora behar duen kalkulatzen du. Esate baterako, hirurogeita bat kiloko gorputz batek, emaztearenak, haizerik gabeko egun batean, zerua laino. Bi minutu eta hamalau ehunen, bosgarren pisutik. Gutxi gorabehera. Bizilagunen oihuak, anbulantziaren sirena. Anjari iruditzen zaio anbulantziak oraindik bizirik daudenentzat gorde beharko liratekeela.
Honela hasten da Ayllonen liburua. Espero dut ni bezain zoriontsu izatea berarekin.