Larrun

Maddi Ane Txoperena Iribarren. Neskameak. Askatasuna.

Nire amama Altzan jaio zen, artean Donostiak zanpatu gabea zegoenean, Errepublikaren urteetan. Jaio zen etxea han dago zutik Mirakruz gainean, egun Arzak jatetxe gisa ezaguna den eraikina baita. Bere ama, nire birramama, sukaldaria eta neskamea zen militar baten etxean. Detaile horrek atera zuen behin larrialdi handi batetik, bere nagusi ohia baitzen nor garai hartan, gerragatk ihesi bere jaioterrian, Oñatin, erreketeak sartu zirenean bonba eta fusilekin. Badugu bere eskuizkribu sorta mardula etxean, guztiak bere lanean baliatzen zituen sukaldaritza errezetak. Amak eta biok askotan aipatzen dugu ordenagailura pasa beharko genituzkeela, baina artean ez dugu egin.

Donostian sukaldari Oñatiarrak eta Esterentzubi edo Eiheralarren Orbaitzetako neskak jornalari, irailean, garo bilketan. Espartinagintzan enarak Erronkarin eta meatzaritzan Trianon. Apenas oharkabean pasa diren istorioak, bazkalosteren batean zeharka kontatzen diren horietakoak, eta historiatik ezabatuak. Hemeretzi eta hogeigarren mendeko industrializazioak oraindik gizon itxura du gure imajinarioan, zoritxarrez. Ingalaterran akaso zerbitzarien lana bistaratzeko ohitura handiagoa dago, batek daki ez ote den gizonezkoak ere aritzen zirelako maiz langintza hauetan, baina futbol giroko boxing day ezagunaz gain bada blog honetan sarrera Graham Swift idazle handiaren El domingo de las madres nobelari buruz.

Autoerreferentzia barkatuko didazuelakoan, iruzkin honen protagonista ez baita norbera, Maddi Ane Txoperena Iribarrenen Ene baitan bizi da (Elkar, 2020) nobela baizik, Gazteluma sariaren irabazlea. Idazle hendaiarrak lan honetan bi belaunaldi, ur mugaren bi alde eta beste hamaika lan jorratzen baititu. Hauen artean familia barruko tirabirak, laguntasuna, bikote harremanak eta sexualitatea, hiri/landa dikotomia, mugaren ezarpena, gatazka politikoa eta politika oro har, lan esplotazioa… Honela, ispilu jokua eginez, amatxiren kontakizunetik abiatuta alderaketa egiten du garai bateko lan esplotazioaren bidez (pasaporte kentze mehatxua vs lan ordutegia egunetik egunera aldatzea), esposatu beharraren zama landa giroan vs harreman toxikoak etab.

Esango nuke nire “ni” gazteago bati txirrinta handiagoa piztuko liokeela lan honek, zahartzen ari naizen seinale, baina horrek gehiago dio nitaz Txoperena Iribarrenen lanaz baino. Honi bainaren bat jartzekotan, dena Larrun gainetik begiratuta dagoela iruditu zaidala, urruneko tontor, herri eta baserri ugari ikusten baita baina apenas dugun hauek ezagutzeko betarik hain goitik eta hain bizkor begiratuta. Eta, adi, ez baita laino arteko begirada geza, oskarbi den goizak dakarren begirada da: urrun begiratzen du idazleak, edo iruditu zait bederen urrun begiratzeko nahia baduela hainbat gai jorratzean.

Espero dut, dena den, jarraituko duena idazleak lan gehiago sortzen, prosa eraginkor eta txukuna duela iruditu baitzait eta emango digula aukera detaile handiagoz ezagutzeko bere nobela honetan aipatzen dituen kontuetatik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude