Kristo

Irak. Gerra. Blassim.

Bigelowren The Hurt Locker, Greengrassen Green Zone edota zalantzagarriagoak diren, ez horregatik gozakaitzagoak, The A Team edo American Sniper filmak ikusiak baditut. Batzuk sentiberagoak sufrimenduaren esportazioarekin eta beste batzuk patriotikoagoak, baina denak hara gerra egitera joan denaren ikuspuntutik eginak. Gutxi dira ordea Irakeko gerra bertakoen ahotik kontatzen duten pelikulak eta hori Irak ez zela preseski herrialde txikia. Dezente gehiago kostatuko dira Black Hawk Down filmaren ifrentzu somaliarra topatzea.

Liburuak asmakizun aparta dira. Izan ere, nahiz eta ikusentzunezko eta pirotekniaren garaian bizi garen, gauza gutxi liburua bezain demokratikoak. Ez da askorik behar, norbera da lekuko, liburu bat argitaratzeko. Adorea, diru poxi bat eta papera. Horregatik liburuen unibertsoa beti da anitzagoa zeluloidearena baino, zapalduek eurek ere argitaratzen dutelako.

Baliteke erredukzio hutsa izatea egin dudana, azken urteotako film edota telezailen euskal pizkundea lekuko. Handi nahiz txiki, gauza dotoreak ari dira ekoizten inguruotan. Baina susmoak bizirik dirau nire baitan eta kostako zait ebidentzia sendoak ikusi ezean berau aldatzea.

Irakurri dudan azken liburua Hassam Blasimen El cristo iraquí (Galaxia Gutenberg 2019, Amelia Pérez de Villarrek itzulia) ipuin liburua da. Bertan, gerrak (gerrek) zartatutako gizartea ageri da, Estatuaren desintegrazioa (ze ondo erakusten duen hau ospitalean girotutako La ventana de la quinta planta ipuin paregabeak), indarkeriak bizitzatan uzten duen arrasto odoltsua, migrante-errefuxiatuen drama… Ipuin sortan batzuk oso onak iruditu zaizkit eta beste batzuk aldiz apalagoak, azpimarratzekoak aurretiaz aipatu dudanaz gain El canto de las cabras, El cristo Iraquí edota Los mil y un cuchillos. Ipuinek unibertso propioa garatzen dute, nahiz eta badiren euren artean erreferentzialaka diren bizpahiru, eta galaxia oso bat. Diktadura eta gerrak zapuztutako herrialde bateko ahotsak ageri dira, mutilatuak diren pertsonak, indarkeria ez beste biderik aurkitzen ez dutenak edota hilkutxei segizioa egiten diotenak egun horretan auzoan nor hil den jakiteko. Bitxiak dira ere Finlandian kokatutako pasarteak, Blassim beraren biografia ezagututa ulertzen dena, han baita idazlea errefuxiatua.

Liburuaren idazkera aberatsa iruditu zait, batzuetan azidoa tonuan eta sufremendduak dakarren umore beltzez blaitua. Niri bereziki gordinak egin zaizki atentatu suiziden pasarteak, idazleak egunorokotasunaren absurduarekin nahasten dituenak. Hau da esaterako liburuko lehen ipuineko lehen pasartea:

La gente esperaba, haciendo cola, para contar sus historias. La policía intervino para poner orden entre la multitud, y la calle principal, frente a la emisora de raddio, quedó cerrada al tráfico. Entre la gente circulaban carteristas y cigarreros ambulantes. Les ddaba mucho miedo que se infiltrase un terrorista entre la multitud y convirtiera todas esas historias en una pulpa de sangre y fuego.

Bada euskaraz liburua Ana Isabel Moralesek itzulia eta Pasazaitek argitaratua. Niri eskuetara salto egin zidan gaztelaniazko itzulpen liburuak pandemia garaietan kalean egotetik babesteko Arrasateko Bibliotekan gorde nintzenean, berandu ohartu nintzen honezkero euskaraz itzulia bazela. Halere, sorpresa atsegina izan da Hassam Blassimen obra ezagutzea. Liburuak asmakizun aparta badira, zer esan liburutegiez?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude