Erabakia

Negua. Goikoetxea. Txioherri.

Noiz jakin amaitu dela?

Zein koderen jabe

behar duzu izan

kaioen karranka ulertzeko?

Noiz esan kito

eta zer aldarterekin?

Nola jakin

noiz sardea lurrean iltzatu

eta pausoa abiatu kaminorantz?

Galdera hau egiten du, liburuko 83. orrialdean Josu Goikoetxeak, eta oso pertinente deritzot gero azalduko ditudan arrazoiengatik. Liburua, jakina, Zer luzea negu hau, Elkar 2018.

Banuen Goikoetxearen sormenaren berri bertso plazei esker, bereak baitira besteak beste garai batean sona izan zuen bertso-trama formatuko piezarik onenetarikoak. Hori gutxi eta Urko Azpitarteren baimenarekin txioherriko pertsona eleganteenetakoa da Josu eta elegantzia hori nabari zaio idazteko orduan. Liburu intimoa, soila eta gozoa, Esterenzubiko nire lagunek norbait deskribatzeko baliatzen duten gisan.

Ez nekien Lubaki bandako kide izan zenik, datu hori liburuko aipu biografiko laburrean dator. Bai hau dela bere aurreneko lana eta bide emankorra opa diot.

Hasierako olerkiak aipatzen duen galderara itzulita, dakizunean badakizu sardea noiz iltzatu. Eta twitterri dagokionean, egunotan oroitu naiz zergatik utzi nuen aurreneko aldiz. Tresnari ezin eskua hartu. Egoaren zahagia hustu eta pustu besterik ez, lortzen dudan sariak ez dit hori konpentsatzen. Hori gutxi ez eta herio pultsioa gizartean indartzen ari da, zer esanik ez 140 karaktere soiletan destakatu nahi denean. Nahiago dut irakurri eta jolastu, bloga dagokion tokian elikatuz. Hemendik aurrera irakurri nahiko duenak goiena.eus atarian izango du zain.

Propina gisa liburuko kontra-azalak dakarren poema:

Martxoa da jada.

Neguko langileok ezin sinetsita gaude.

Esku ahurrei begiratzen diegu

fabriketan, bulegoetan, sukaldeetan,

(ez dugu ugazaben berririk)

tuneletan, portuetan, dendetan.

Martxoa da, beraz.

Neguko beharginok erantzi egin ditugu

buzoak, betaurrekoak, mantalak,

(zer astunak ziren)

kaskoak, katiuskak, gonak

eta etena egin dugu

mimosak horitzen diren bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude