Transmisioa. Lujanbio. Berrinterpretazioa.
Tabernara sartu eta lehen begi kolpean eskertzen da pintxo barra ondo hornituaren kolore eta usain festa.Ados, ez da erosoa edarien esku aldaketarako eta batek sufritzen du estali gabeko gutiziei erori dakieken tantez, aurki eroriko zaizkien birusez sufrituko duen beste ez, ordea. Baina ederra da zinez horrelako barra. Ez dakit zuei pasatzen zaizuen, espero dut ezetz, eskertzea lehen aipatu dudan sukaldaritza landua eta gero patata tortila eskatzea. Ez dut failatzen, gehienetan berdin. Eta jakina den arren patata tortila dela gure pintxo panteoiaren ganga-harria, sabelaren prestigioan euskarri funtsezkoa, zenbat ez ote dudan galtzen begirada zabalduz. Zerrenda luzeegia litzateke, ziur asko.
Baina zerrendek ez dute gure portaeratan eragiten guk nahi beste.
Era horretan, badira liburuak erosiko ez nituzkeenak baina asko eskertzen ditudanak etxean izatea. Horietako bat da Maialen Lujanbioren hau koaderno bat zen lana, MU-Lanku 2009, eta bertan jasotzen da Maialen Lujanbiok ikasturte batez Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondokoan entzuniko klaseen apunte jolasa. Bisualki ederra da, artefaktua, eta gogoeta printzez josia dago.
Nik Xamarren pasarte hau hautatu dut, aski ederra:
–ETBko anuntzioa (txapela atzerantz.): Gure aitonek txapela zuten (betikoa dirudi), euren gurasoek sonbreroa, eta ilera, aurrean motza baina atzean luzea. Orain zenbaitek nortasuna erreibindikatzeko hartuko luke orrazkera hori (gure gurea, tradizioazkoa). Gaur egun janzkera estandarra, yankeea.
2007-2008 ikasturtean egon zen Lujanbio Huhezin, Eskoriatzan, EKT egiten, blog honen egilea baino bi ikasturte lehenago. Gauza asko gertatu ziren, egungo begiz ikusita, 2007 eta 2008 urte horietan Euskal Herrian eta munduan. Ariketa interesgarria da koadernoa irakurtzea 2020ko begiz.