Ospitalea

Ubeda. Angiolillo. Mendaro.

Arratsaldearen zati on bat pasa ostean Costa Ricako ingurumen zuzenbideari buruzkoak irakurtzen, burutik ezin kendu dut in dubio pro natura kontzeptua, herrialde horretako 1996ko Biodibertsitate Legeak jasoa. Bai, afizio bitxiak ditu batek, jende perfektua aspergarria delako eta besteok gure asmo herrenez ibili behar dugulako egonarria zizelkatzen.

Esan beharrik ez da, liburu dendetako amu orori kosk egiten dion izokin mengela naiz, bere nomina barreiatzen duena hilabete deritzon ibaian. Ordaintokitik hurbil ikusi nuen, supermerkatuetako pila eta goxokien pare, Asteburu zuri bat/Usainak ipuinak dituen Farmazia Beltza argitaletxearen liburutxoa. Hala GarbiƱe Ubedaren Asteburu zuri bat ipuina aipatu nahiko nuke gaurkoan, bizikidetza beti erraza ez denaren seinale eta are zailago muturreko egoeratan. Hemen protagonistak, Anjelmariren emazte zaintzaile sufrituak, ospitaleko zaintzan dituen bizipenak: Ulerkor izaten saiatu. Enpatia landu. Irribarrea eskaini. Ordainik ez eskatu. Lasai hartu… Asmo zintzoak berriro ere ahotan hartuta egin du autobus geltokitik gelarainoko bidea. Atea zabaldu orduko agertu zaion panoramak, ordea, harmonia onerako aitzakia guztiak desagerrarazi dizkio bat-batean. Hasteko eta behin, koinata markesaren arrasotrik ez. Emandako hitza betetzea ahantzi ote duen susmatu du. Hori txoriburua. Leihoa, zabal-zabal eginda, eta bi zigarrokin haren hegian, itzali eta zanpatu berri. Bere senarra, horma zuriari begira, hipnotizatuta balego bezala eta otorduan hartu beharreko pilulak hantxe mahaitxoan, plastikozko ontzitik atera ere egin gabe. Lepo inguruan, Real Madriden zapia, baten batek apropos jarria, berak ez baitu ahalmenik eta are gutxiago talde horrekiko sinpatiarik, halakorik bere kasa egiteko. Aldameneko ohe gainean luze, “inbaditzailea” -ikusitakoak ikusita bezperan jarritako ezizenari heldu dio berriro-, prakarik gabe baina galtzerdiak jantzita, telebistaren agidea eskutan duela”.

Ipuin oso ona da, ez utzi irakurri gabe.

Bizikidetzaren haria eteteko, nik deusen jabe ez izatearen poz bakartzat dut atariko bizilagun bileren falta, hauei buruz lagunek aipatzen baititate giza kondizioan den fedearen xehetzaile dela. Ospitalean ere arnasa hartu ohi dugu kiderik alboan ez badugu. Zauri hori sakatzen dute ere medikuntza pribatuaren hooligan batzuk, aho txikiz bederen.

Ospitaleekin segiz, Arrasaten badira bi martxan. Biak langile mugimenduaren historia hurbilari lotuak. Psikiatrikoa, Angiolillok Canovas hil zuen bainu-etxearen oinordeko. Globo Rojo fanzinearen egoitza. Uribe auzoan hatza luze egon ohi diren egoiliarren helmuga. Eibar futbol taldeko entrenamenduak ikusteko ohorezko palko.

Bigarren ospitalea, Debagoienakoa, lantegi artean eta nire nobela kokatu nuen auzunean. XX. mendeko fabriketako lan istripu ugariak albait arinen artatzeko ezarri ei zuten hor.

Mendaro, herri egin ei zuen ospitaleak, Xiberuko Ospitalepea antzeko kasu ote? Ospitale zaharra zen AGAKO asanblada gorpuztu zuen Arrasateko Gaztetxea.

Ospitaleez hitz egiten dugu, sarri, baina esango nuke hango janariak gehiago sumintzen gaituela ohe faltak baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude