Pasolini

Denok gaude arriskuan.

Vilaweb atariko Tot estem en perill artikulu honek eroan nau apalategira. Han dut Trotta argitaletxeko, 2018, Todos estamos en peligro Pasoliniren elkarrizketa eta interbentzio sorta. Hau da Rayuelarekin batera, eta hartan Cortazarren aginduei men egiteagatik, prosa liburu bakarra edozein ataletatik ireki, irakurri eta biziki gozatzen dudana.

Xavier Montanyàren artikuluak ez nituen hainbat datu ematen ditu. Esaterako, 33 prozedura judizial ireki zizkiola Italiako justiziak zinemagile, idazle eta pentsalari italiarrari. Pasolinik berak, liburuan batutako elkarrizketa batean, salatzen du Mussoliniren garaiko hainbat errepresio arau egin zituela bere 1948ko Konstituzio ustez anfifaxista italiarrak, vilipendio deritzona esate baterako. Mozal Legearen balizko ezabatzeaz espero dezakeguna argitzen digu honek, nire ustez.

Montanyàk Pasoliniren etsaiak zerrendatzen ditu: pseudo-moralistak, eskuineko eta ezkerreko jendea, ustelak, faxista zaharrak eta berriak… eta baita Bolonian jaiotako intelektualaren handitasuna, bere kritiken gaurkotasuna eta bere azterketen zolia.

Hainbat pasarte, denak interesgarriak, pentsatu dut berton sartzea. Azkenean hau hautatu dut eta itzuli, hil bezperan eginiko elkarrizketakoa, 1975ean. Bertan, kazetariaren aurreneko galderari erantzunez, honek Pasolinik gorroto dituen gauzen zerrenda luzetik hasita bere arrakastarako beharrezko dituen tresnez egiten dio itauna, zera dio:

Bai, ulertu dut. Baina nik ez dut soilik entseatzen, pentsamendu magiko hori, horretan sinesten dut. Ez medium batek egingo zukeen zentzuan, baizik eta badakidalako beti iltze bera kolpatuz etxe bat bota litekeela. Erradikalek eredua ematen digute bere txikian: lau katu dira lortzen dutenak herrialde baten kontzientzia hunkitzea (eta zuk badakizu ni ez nagoela beti ados beraiekin, baina orain bertan beraien kongresura joateko zorian naiz). Handiari erreparatuz, eredua historiak ematen du. Ukazioa beti izan da funtsezko keinua. Santuek, eremitek, eta baita intelektualek, historia egin duten apurrek, EZ esan dute, inoiz ez gortesauek eta kardinalen laguntzaileek. Ukazioak, funtziona dezan, handia behar du izan, ez txikia: erabatekoa. Ez hango edo hemengo puntu “zentzugabe” bati buruzkoa, ez zentzuzkoa.

Eichmannek, lagun maitea, zentzu handia zuen. Zer zuen faltan? Ezetz esatea falta izan zitzaion, hasieratik bukaeraraino, hasiera batean egiten zuena administrazio arrunta zenean, burokrazia. Agian bere lagunei esango zien: Himmler hori ez dut oso gogoko. Marmar egingo zuen argitaletxeetan, egunkarietan, administrazioan edota telebistan egiten den eran. Edo, baita ere, kontra egingo zion tren hura edo besta geratzen zelako egunean behin deportatuen beharretarako edo ogi nahiz hura hartzeko, bi geldialdi izango liratekeenean funtzionalago eta ekonomikoago. Baina inoiz ez zuen makina hondatu. Hiru dira, horrenbestez, gaiak. Zein da, zuk diozun moduan, egoera; zergatik geratu edo suntsitu behar litzatekeen; eta ze modutan.

Denok gaude arriskuan, esate baterako, Pasoliniren hiltzaileak nor diren argitu ez delako. Burura etorri zaidan lehen adibidea besterik ez da hau, ziur zuei gehiago okurrituko zaizkizuela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude