Herri txiki

Reed. Arrula. Tafalla.

When you’re growing up in a small town
and you’re having a nervous breakdown
and you think that you’ll never escape it
Yourself or the place that you live.

Honela abesten du Lou Reedek, Smalltown kantan, herri txiki bateko gazte baten itomena. John Cale musikariarekin batera Songs for Drella diskoari ekiteko. Euskarari ekarria badago gainera, 2014an hainbat musikari eta ekoizleren ekimenez eginiko Lou Reed, mila esker diskoan Txuma Murugarrenen ahotsez.

Munduko biztanleriaren %75a hirietan biziko omen den garaiotan, omen diot auskalo bizi dugunak ze norabide hartuko duen, deigarria bada oraindik arrakastaren arrakastaz hazteko ia marjinarik geratu den ideiaren indarra. Herri txikietan ez da aukerari, mundura atera beharra dago beti eta betiko.

Hiriak badu indarra, erakarmena, distira. Dantzan egon zintezke, zahartu arte, Jep Gambardellaren pare. Nahi beste hitzaldi, aurkezpen, kontzertu, giro.

Aldeanoak, pueblerinoak, caseroak. Hiria jatorrizko bekatuak garbitzeko ponte. Honi buruz, Joxe Azurmendik donostiar pentsaera tristeki arrakastatsu bati bere azken liburuotako batean ematen dion errepasoa aintzat hartzekoa bada.

Hau guztia idatzi dut, Garazi Arrularen Gu orduko hauek ipuin liburu apartaz akordua izan dudalako. Kontrazalak irakurtzea beti da arrisku-kirol, baina bertan aipatzen den distantzia berbarekin ezin adosago egon. Eta horri buruz, ahizpen arteko distantzia, herri eta hiriaren artekoa, da besteak beste liburuaren izen bereko ipuina. Hemen hautatu dudan pasartea gaurko gaia josteko: Pentsatu; herri batean gaude eta bakea baizik ez ote da gertatzen? Pentsatu. Zeren bakea ez da deus ez gertatzea, ala bai? Bakean egotea ez litzateke, ba, nobedadea gure Herri santu honetan? Aspergarria da bakea. Ahizpatxok, asperdura faltan du, agian. Bakea zer da ba. Asperdurari aurre egiteko, gaztetan munduko bolari begira pasatzen zitzuten arratsalde euritsuak, elkarrekin nora joanen ziren, non biziko orain hemen, gero han, Willy Fogen antzera haiek ere munduari bira emanen ziotela erabaki zuten Verne bat bazenik ere ez zekitenean. Inoiz ez zuten herria bizitokitzat hartzen hitz-aspertu haietan, eta batez ere inoiz ez zuten irudikatzen ba bestea gabe ibiliko zirela.

Akaso gure guraso, aitona-amona gehienak oso herri txikietakoak direlako oinordetzan jaso dugu egonarriko ezerosotasuna. Akaso, hiriaren distirak beleak erakartzen jarraitzen duelako. Batek daki. Jakitearren, ni bizi izan naizen hirian, apenas ezagutu dudan bizilagunik. Ezta hitz erdirik ere trukatu askorekin. Galdetu izan diet hau hauetan bizi diren lagun/ezagunei eta denek arraro begiratzen didate. Zertarako?

Zertarako. Hori, zertarako, bizi bat herri batean, deus ez baita gertatzen. Honela bihurtzen du hiriak aldiria urtez urte luzeagoa, metro linea bakoitzak, autobide kilometro bakoitzak ebasten du zerbait. Madrid ez da ingurua xurgatzen duen bakarra. Eta, jende/aberastasun pilatze hutsa besterik ez den ariketa, pobretze handia ere bada gure geografiatan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude