Aiztoa eta arkatza

Jimenez. Idazleak. Kritikariak.

2013 gero eta urrunago hartan, Irati Jimenezek, lan egin zuen abuztuan. Akaso lan egiten du abuzturo, ez dut datu hori eskura, baina irakurtzeko gehien baliatzen omen den hilabeteak idazteko ematen digun aukera erakusten du bere sinadurako datak. Idaztea, literatura, afizio dugunon seinale.

Txalaparta argitaletxeak ateratako Aiztoa eta arkatza lana da nire idazle gora-beheratan alboan izatera ohitu naizen botika horietakoa, Mediterraneoa egunero deskubritzen duguna gogorarazteko eta, zergatik ez konfesatu, irribarre maltzurra marrazteko.

Harkaitz Canok izenpetzen du hitzaurrea eta berau ez irakurtzeko gomendatu beharrean nago hitzaurrearen lehen esaldian bertan aipatzen den gisara. Bakarrik geratu sarreraren azken esaldi labur bezain profetikoarekin: estiloak salbatuko gaitu. Hortik aurrera Irati Jimenezek hainbat idazleren aholku, gogoeta eta bestelakoak batu ditu idazte lanei nahiz kritikari buruzkoak. Batzuetan arkatz finez, besteetan edding errotulagailu potoloz, espraiz nahiz carioca margoz. Beno, margotu, zaindutako edizioan, Antton Olariagak egiten du, bereak baitira liburuko ilustrazioak. Edizioa ederra da, esan gabe doa.

Nik Susan Sontagen aipu bat dakart, idazteari buruzkoa. Hona hemen: Adoragabetzea. Idazteko orduan (eta neure bizitzan, baina ahaztu hori). Kontra egiteko modua aurkitu behar dut. Ezin badut idatzi idazle txarra izateko beldur naizelako, ba idazle txarra izango naiz. Behintzat idazten ariko naiz. Eta idazterakoan gertatuko da zerbait. Beti gertatzen da. Egunero idatzi behar dut. Edozer. Dena. Ohar-liburua neurekin eraman, eta abar. Egiten dizkidaten kritika txarrak irakurtzen ditut. Ulertu egin nahi dut zergatik adoregabetzen naizen horrela.

Kritika, oh kritika, da liburuko azken partearen protagonista. Brendan Behanen aipua jartzekotan egon naiz, baina eguzkia atera da, aurpegia laztantzen dit eta egokiago deritzot WH Audenen hau: Liburu txarrei erasotzea ez da soilik denbora galtzea, izaerarentzat ere txarra da. Liburu benetan txar bati buruz idazteari ikusten diodan inters bakarra nigandik dator, ahal dudan bezainbeste adimen, asmamen eta adur txar erakustetik. Ezin da liburu txar baten iruzkinik egin erakustaldi harrorik egin gabe.

Eskerrik asko Irati, bai liburua atontzeagatik bai epilogoagatik. Honetan ere, azken pasartea dut gustuko: Segi, beraz, gustuko dituzun ahokuak eta pikutara besteak. Erre bidean enbarazu egiten dizutenak eta eutsi idaztearen plazerari lotzen zaituztenak, hastearen emozioari, bilatzearen dardarari eta bukatzearen gorakadari.

Adorea, argitaratzeko, ez du jende orok. Eta halere, hamaika begik egiten dituztenez hamabi akats, beti izuari gailendu beharra dago.

Plazera, idazteak emana, da saria. Hori ezin da ebatsi, ezta puztutako gaita guztien trumoi hotsez ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude