Taiga

Sakhalin. Medikua. Donostia.

1890ean, bere askatasuna erosi zuen mujik baten biloba zen Anton Txekhov mediku eta idazle errusiarrak 6 hilabeteko bidaiari ekin zion bere herrialdearen ekialdeko muturrera, Sakhalin uhartera. Berau, Herbereheak eta Belgika elkarrekin baino handiagoa, Japonia iparraldean dago Ozeano Barean. Niznhi Nóvgorod, Kazan, Perm, Yekaterimburg eta Irkutsk zeharkatu zituen hainbat garraio modutan modu eskasean.

Uharte hau espetxe handia zen, behiala ingelesentzat Australia izan zenaren parekoa. Bizitoki laiotza, ekaina arte elurra egiten zuen bertan, hesi gabeko presondegi handia zen gizon eta emakumeentzat. Alferrik, taiga amaigabeko hartz, eltxo, zingira, gose, eritasun eta bestelako penalitateen aurrean ihes egiten zuten hainbat presok atzera egiten zutelako ziegara. Miserable edo hilotz, hori aukera hori. Eta halere, 5 presotik 3k egin zuten askatasuna lortzeko ahalegina.

Chekloven liburua ederra da, bere gogorrean. Ez du begiak itxita edukitzearen errazkeriara jotzen eta deskribatzen ditu torturak, bizi baldintza negargarriak, haur eta emakumeen egoera, espetxearen antolamendua, presoen askatasun nahia, administrazioaren ustelkeria merkatari bati presoei zergak kobratzerartekoa, prostituzioa, funtzionario on eta txarrak, nivji jatorrizko biztanleen patua, ogi txanpona, ekosistema ezberdinak… Xehetasunen zale, humanismoa dario orri bakoitzari. Hor dago medikuaren begia, nire iritziz behintzat.

Sakhalini buruzko obra honen inguruan artikulu interesgarri hau aurkitu dut, El Viejo Topo aldizkarian, norbaitek gehiago jakin nahi balu.

5.900 preso zeuden han ordu hartan, kondena betetzen zutenak kolono titulua irabazten zuten.

Beste itsaso baten ertzean, Xabier Payak eta Amos Ozek telefono dei bat dute. Ozek, honako hau dio Korrespondentziak liburuaren hitzaurrean Koro Navarrok itzulita: Hala, bizitzaren ikusmolde shakespearetarraren eta ikusmolde txekhovtarraren artean dagoen alderik handiena da Shakespearek gizabanako oso boteretsuen arteko txokeak ikusten zituela bere inguru osoan, eta gizabanako haiek justiziaren sen indar handiko batek, debozio-sen indar handiko batek, eta, inoiz, anbizio indar handiko batek motibatzen zituen. Eta txoko jotzen duten ideia horiek, txoke jotzen duten anbizio horiek, txoke jotzen duten sineste horiek, askotan, erabateko suntsiketara eraman dute jende hori. Elkar suntsitu dute, eta beren burua suntsitu dute. Txekhov, berriz, ez zen kontzentratzen pertsona indartsuetan, baizik eta gizabanako oso ahul eta zalantzaz beteetan. Gizabanako ahul horiek anbizioak ere bazituzten baita ideiak eta helburuak ere, ez gutxiago Shakespeareren pertsonaiek baino. Baina, Txekhoven antzezlanetan, konprometitu behar dutela konturatzen dira. Batzuetan amore eman behar dute. Beste batzuetan lorpen partzial batekin behar dute konformatu. Hala, Shakespeareren tragedia baten eta Txekhoven komedia baten arteko alde nagusia da Shakespeareren tragedia baten bukaeran agertokia gorputzez betea dagoela eta, pertsonaia hilez, eta beharbada justizia nagusituko dela, beharbada. Txekhoven antzezlan baten bukaeran, protagonista guztiak daude desilusionatuak, guztiz joak, atsekabetuta, adoregabetuta, baina bizirik.

Taiga sarreran, Anton, arkatza eta koadernoa eskutan, begira dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude