Errota

Ogia. Mikela. Obaba.

Orbaitzetan okina autoz dator, Oroz-Betelutik. Herriz herri, auzoz auzo, buila eta hitzorduaren aitzakia dakar. Auzoarekin trukatzen duzun esaldi parea; “Gaur berandu dator”, “Bisita dugu eta 3 eroango ditut nik”.

Termometroa da, eguerdiz sabel aitzakian egiten den tropa-ikuskatzea. Gaudenak, ez daudenak, osasuntsuak, eriak. Zaintzak, adiera guztietan, okinaren ilara du bizkarrezurretako bat mendialdeko herri ttipietan.

Etxealdiaren aitzakiaz, irina erosi eta ogia egin dugu etxean, Aretxabaletan. Apurtua genuen ohituraren errota aspaldi honetan, Euskal Herriko etxe gehien gehienetan bezala. Eskuak zikindu, mahaia zuritu, orea lotan utzi. Etxealdiak Txekhoven amaiera izango ez ote duen idatzi nuen atzo. Aldaketa txiki mordoa, egun bateko erreka edo luzerako urmael. Adi egon behar.

Irinak behar du izateko errota, herri gehienetan eraitsia ez bada museo den eraikina. Eta errotari ezagunik bada gurean, hori Pello Errota da. XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierako bertsolaria, bera beste ezaguna izan ez baina merezimenduz behar zukeen Mikela alabaren aita. Antonio Zavalak magnetofonoz grabatu zizkion Mikelari aitaren pasadizoak eta honek euskara aberatsez, desagertua den bizi-molde baten oihartzuna ekarri. Herri literatura da, hizkuntzaren domeinu eta adierazkortasun handi baten habia, irakurtzeko guztiz gomendagarria.

Arrasateko Bibliotekako irakurle taldeari esker ezagutu nuen lana. Hauspoak berreditatuta Pello Esnalen eskutik Mikela Elizegi eta Antonio Zavalaren Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua, Asun Garikanoren moldaketaz euskara batuan. Atxagak egina berriz sarrera, konfesatuz Obabaren hirigintza planetan inspirazio iturri izan zuela Mikelaren jardun joria. Zakur amorratuaren pasartea aipatzen du, bere tragedian liburuan ageri den ederrenetakoa, egun testuinguruz kanpo irakurrita errealismo magikoa deritzan korrontean kokatuko genukeena ozeanoz landa. Hemen pasarte horren hainbat lerro: Orduan jakin omen zuten zakur amorratua zela hura. Salutadorea ekarri zuten. Albizturkoa zen, gizon txiki-txiki bat, gure aitaren tamainakoa, brusa urdin motx batekin ibiltzen zena. Gogoan daukat nolakoa zen.

Harritzeko gauza da, baina egia handia ere: zazpi seme segidan baldin badira, zazpigarrena salutadorea da; zakur amorratuen kontrako bertutea hark du. Gero hura estuadiatzera bidali behar omen da. Eta batzuek mingain azpian eta beste batzuek gainean, gurutzea izaten dute. Hark gainean zuen.

Aretxabaletan ogia etxean egin, Orbaitzetan okinaren zain egon. Espero dut horiek izatea geratuko zaizkigun kontu onetatik bi, tokian tokira egokitzen jakitea. Haatik, bat nator Manex Agirrek dionean etxealdi neurri bera aplikatzea baserrian eta kalean zentzugabea dela. Ez gara gure baitakoak, ez zaigulako okurritu ere egiten zerk mugitzen digun errota.

Salutadoreetan sinistu, neo-liberalismoan, biharkoek jakingo dute ze irin klase garen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude