AURKEZPENA

Aurria, Musakola, Literatura.

Sagasti-Etxea Arrasateko Musakola auzoan dagoen aurria da, gehien gehienok Etxezarreta legez ezagutua. Etxean hamaika istorio entzundakoa banaiz etxe eta sendi honi buruz, ez baititut alferrik arbasoak aldameneko baserri batekoak, mitifikazioraino. Etxe aberats honen jabe ezagunenetakoa Rafael Ariza Espejo andaluziar arrasateartua zen, mediku eta intelektuala, eta liburutegi oparo baten jabe. Katalogatua eta eleanitza zuen liburutegia; gaztelania, frantsesa, ingelesa, italiera, katalanera, euskara eta latina zeuden presente besteak beste. Jose Letona historiagile mondragoetarraren hitzetan, besteak beste Pio Baroja eta Gregorio MaraƱon egon ziren lanean liburutegi horretan. Ez da gutxi. Galdu zen liburutegia, hamasei zatitan banatua ustez, eta galdu zen etxea, sute batek irentsia. Egun, gure Martutene txikia da; autopista, ur-araztegi, bidegorri, errepide eta enparauek zauritua.

Zorionez, Arrasateko Udalak erosi berri ditu Sagasti-etxeko lurrak, etorkizunean izan dadin bertako basoen babesleku. Oinordetzan jardin botaniko aparta ere badu, inguru hauetan ikusten nekezak diren zuhaitzekin, araukariak kasu. Informazio gehiagoren xerkan ari denak, hemen Velez de Mendizabalen artikulu biziki interesgarria Sagasti-Etxearen liburutegiari buruz. Ta bestela, esan beharrik ez da, gugel.

Jakina, Sagasti-Etxeko jabeak handikiak ziren, dirudunak. Nire haurtzaroan, auzoan, Marcial Lafuente eta Silver Kanen liburuak ikus zitezkeen oraindik eskuz esku. Circulo de Lectoreseko saltzailea etxez etxe. Beharginen zelulosa.

Hortik nator, ez dut ahazteko hori.

Liburutegi oparoa izan genuen behinola Musakolan, zientzia eta literatura alez betea. Azken honi heldu nahiko nioke, afizioz eta parean dugun itxialdi honi keinu egin, leihoa ireki. Eta zer da literatura, ez bada paperezko markodun leihoa zabaltzea parez pare. Kiratsa, oihana, Karibea, Los Angeles, laguntasuna, herra, lagerra, maitasuna, misterioa… besaulki edo ohera ekarri, sukaldera edo komunzulora.

Ireki diezaiogun, bada, leiho bat konfinamenduari. Denok izango gara aurri, baina, aizue, oraindik ez. Hori baita gure lana, Chirbesek esango zukeen bezala: etxe atarira irten eta gaizkiari aurre egitea, 10 minutu irabazteko bada ere, galduko dugula jakinik.

4 erantzun “AURKEZPENA” bidalketan

Utzi erantzuna Karmele galarza(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude