Berrian Garikoitz Goikoetxearen galderei erantzunez, Kike Amonarrizek aldarrikatzen zuen ‘euskalgintzan lanean ari garen guztiok —eta hor sartzen ditut euskalgintza instituzionala eta soziala— lortzea gure indarrak optimizatzea, estrategia minimo komun batzuetara iristea, eta aktibatzea ekarpen eta dinamismo soziala eta instituzionala’.
Eta aurrerago ematen zuen adibide zehatza: ‘Euskara denona bada, ahalik eta sektore sozial gehienak hartuko dituen diskurtso bat ere landu behar dugu, ahaztu gabe orain arte euskararen aldeko urrats nagusienak egin dituen sektoreak ere bere diskurtsoa behar duela. Oreka berri bat bilatu behar dugu. Politikan Gure Esku Dago-k perfilatu duen mugimenduaren gisan —eta diskurtsoan ere badaude berrikuntzak—, euskaran ere diskurtso berri horien premia eta beharra badugu’
Nire iritzian oso ondo ekarri du Kikek Gure Esku Dago mugimenduaren adibidea, uste baitut gure aje askoren sorburua dela alderdiek erdietsi duten gehiegizko kontrola, bai gizarte mugimenduetan eta bai herri erakundeetan.
Egoera honen erruak baino erroak aurkitze aldera, ulergarria egiten zait alderdien kontrol-gosea, baina horretan arrakasta lortu dute neurri batean herritarrok errazegi jare egin diogulako geure autonomiari, joera handiegia hartu dugulako lerratzeko aukera politiko batekin eta hari ‘leial’ eusteko. Eta behin lerratuta, bilakaera izan ohi da jarrerak polarizatzea ‘nireak’ eta ‘besteak’ muturren artean; proposamenak eta egitasmoak izaten dira edo ‘erabat onak’ edo ‘erabat txarrak’ segun eta nork egiten dituen. Noski, joera hau ere ulergarria da horrenbeste biolentzia politiko jasan duen gizartean.
Kontua da hamarkada luzez ez dela egon toki handirik ekintza kolektiborako alderdi baten edo besteren ‘laguntza’ onartu gabe. Eta guztientzat susmagarriak izan garela helburu komun pre-politikoetan tematu garenok. Alderdiek sistematikoki eskaneatu dituzte gizarte mugimenduak, aukera zegoenean kolonizatzeko eta ezinezkoa zenean demonizatzeko.
Eta antzeko zerbait egin ohi dute herri erakundeekin ere, alegia, norberak gobernatzen duenean kolonizatu eta besteak gobernatzen duenean, haren lana oztopatu. Kolonizazioaren erakusle, hautetsi guztiek errezitatzen dute kargua hartzean ‘denen ordezkaria izango naiz’ baina berehala hasten dira alderdikerietan karguak ematen dien pulpitutik. Adibideak ugariak dira eta tarteka oso nabarmenak.
Lotsa gutxirekin, nire burua jarriko dut adibide. Bi urtez izan berri naiz Euskaltzaleen Topagunearen presidente; kargu apala, nahi bada, baina ikuspegi askotariko 20.000 bazkide ordezkatzen dituena, eta ez da gutxi. Ba hain zuzen denen ordezkari izateko, denbora horretan uko egin nion irrati eta telebistan tertuliakide izateari soilik nireak diren iritziak emateko; eta idatzizko kolaborazioetan gaia mugatu nuen euskararen esparrura, eta edukietan saiatu nintze mugimenduaren ikuspegitik ez aldentzen. Uste dut ardura askoz handiagoa duten agintari publikoei propio eskatu behar zaiela karguan dauden artean alderdia bigarren mailan jartzea eta gogoratzea herritar guztioi zor diguten errespetua.
Alderdiek, nola ez, zeregin garrantzitsua dute gure egituratze politiko eta sozialean, baina nago neurrian pasatu egin direla –pasatzen utzu diegula- eta orain denoi komeni zaigula –baita alderdiei ere- gizarte erakundeen autonomia indartzea eta herri erakundeak partekatuagoak eta integratuagoak izatea. Alderdiek, definizioz, ‘alde’ bateko ikuspegia dute eta gizarte askotarikoan beste alderdi eta eragileekin batera jardunda ‘osatzen’ dira, funtzio banaketa adostuaren arabera gizarte prozesuen gidaritza partekatuz. Iraganak iragan, bizi dugun aro politiko berriak aukera ezin hobea eskaintzen du aurrera begira jartzeko eta bide horretan abiatzeko.
Hain zuzen hor kokatzen dut Gure Esku Dago mugimenduaren lorpena. GEDk lortu du erabakitze eskubidea zoru komun bihurtzea eta zoru horren gainean indar metaketa eragitea gizartean, alderdi ezberdinetako kideak barne.
Euskarari dagokionean, arnasgune politikoa aldarrikatu nuen duela hilabete batzuk, Kikeren ‘estrategia minimo komun’en ideiaren ildo berean. Alderdiekin eseri beharko genuke patxadaz kontu hauek jorratzeko.