San Mamesko proposamena: Asteleheneko Goienkaria (07-03-05)

De Juana Euskal Herrian da eta ZPk Raxoiren PPk duen pozoinik bortitzena tragatuko du, gehiago badaiteke. Baina, guri dagokigunez, eta horrela erabaki du Olanok, amaitu da auzia. Beste Olano batek jarri dio amaiera Jauregi auziari; ikusi egin behar Imaz-Egibar partidua nola amaitzen den. Eta, asteon mugikorrik gabeko eguna izan dugun arren, mobil bidezko deialdiek geroz eta arrakasta gehiago dutela erakutsi dute. Tarifak igo dituzte, baina mobilarekiko menpekotasunak irabazi egin digu. Neuk ere SMS batekin zoriondu ditut Monika Belastegi eta Mikel Elkoroberezibar.
 

Eta, beste batzuek asteburuan egin duten moduan, hona nire proposamena. Ez doa inor mintzeko asmoz, baina Bizkaian bizi den gipuzkoarra izanik, errezkerien testigu izaten ari naiz egunotan. “Fuentesen Reala badoa bigarren mailara!” batzuek eta “Datorren urtean harrobi merkea izango du Athleticek”, besteek. Hara ba, San Mamesko proposamena iruditu zait niri hori. Bigarren mailara jaitsiko gara gipuzkoarrak eta handik, San Mamestik, berriz ere lehenengo mailan jokatzeko proposamena luzatuko badigute, euskal liga egiteko konpromiso sendoagorik hartzen ez dugun bitartean, horixe izan daiteke proposamenik errealistena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Euskaltekin odisea II

Otsailaren 15ean idatzi nuen Euskaltelekin hasitako odisearen lehenengo partea. Asteburu honetan jarritako erreklamazioaren agiria jaso dut. Odiseak jarraitzen du. Jada badutela nire kexa eskuartean eta laster nire hartu-emanetan jarriko direla, esaten didate. Bitarten, MacBook berria primeran ari dela aitortu behar dizuet, Euskalteletik ekarritako “kable modem” ditxosozkoarekin; baina nire Imac zaharrarekin sareratzerik ezin.

Nire lagun Estik ez dit berriz ere deitu; nik hotsegin behar izan nion, nitaz ahaztuta zegoelakoan. Ezetz, lasai egoteko; gogoan ninduela (ez zidan argitu zein gogotan, baina tira). Kontua da berriz ere 1717ra deitu nuela eta erreklamazioa jartzea lortu nuela; hari ere, berdin-berdin zitzaion zein zen nire kexa eta nork zuen errua. Jarri egin behar nuela eta aztertu egin behar zutela eta gero-edo, jarriko zirela harremanetan nirekin.
Hori guztia egiteko premiari ez zuela argitu nion arren, automata baten moduan egin zidan kasu, erreklamazio orria bete zuen eta etxean jasi dudan agirian lerro eskas baten laburbilduta jaso dut. Gainera uste dut ez didatela ulertu ere egin.

Asteon deitzen ez badidate, kontratua etengo dut eta Vodafoni erosiko diot nabigatzeko txartel horietako bat; zein iragarki ederrak egiten dituzten Vodafonekoek!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Internet, Euskaltel, lagunak

Gaur Imanoli deitu behar izan diot, birritan. Ibook berria eskuratu dut eta asteon Euskaltelera deitu dut Internetetarako sarrera abiada handiangoan kontratatzeko asmoz. “Ai, ene! Badator hau betiko kontua kontatzera!” pentsatuko du batenbatek. Eta arrazoia hori pentsatu duenak, ze, horixe bera kontatzeko asmotan nator:

Lagun berri bat egin dut; Estivaliz du izena eta euskaraz egiten ez duen arren, gaur ia-ia ulertu egin dit. Ze, tarteka “euskaraz nahi baduzu, sakatu 1” egin arren, gaztelaniaz aritu zaizkidan bere hiru lankide ezagutu ditut. Baina tira, Estik, itzelezko pazientzia izan duela aitortu behar dizuet (Esti, barkatu konfiantza, baina hainbeste solasaldiren ostean!). Gaur sei bider deitu dit; nik behin. Gaur, bost aldiz deitu dut 1717 eta 1718 zenbakietara, baina artean, Imanolek lagundu behar izan dit nire ordenagailu berria sareratzen.

Nik, Maca nuela eta, routerra behar nuela esan zidaten eta horixe eskatu nion Estiri. Eta, berak, neska finak, horixe agindu zidan. Baina, hara non gaurko sorpresa: instalatzaileak etxera deitu du eta bi ordenagailurentzako “cable-modem” batekin nahiko dugula, debalde dela eta, routerrik ez dugula behar. Ba ekarri orduan.

10:00etan etorri da eta 13:00etan oraindik “Internetera ezin sartuta nabil” esan dit telefonoz, ni autopistan nintzela.
“Utzi bere horretan eta egingo dut” esan diot eta joan da mutila.
Arratsaldean, eta Imanolen laguntzarekin eta 7-8 bat telefono deiren ostean, ordenagailu berria sareratzea lortu dut; ez ordea nire Imac zaharra. sistema operatibo zaharrarekin “cable-modem”ak ez du balio; ez da hain argia nonbait nire Imac berdea.
Eta, tartean “no ofrecemos soporte a Macintosh” ez dakit nik zenbat aldiz entzun behar izan dudan!

Benetan, gaurkoa, amesgaizto bat izan da. Baina Estik deitu dit oraintxe bertan, eta agindu dit, bihar bertan bere jefari esango diola errua eurena dela eta “cable-modem”aren bila etorriko dira eta routerra ekarriko didatela, ateraldia kobratu barik!
Ia routerra jartzen dudanean lortzen dudan nire Imac berde xarra sareratzea! Ze, router wifi-a ekarri behar omen didate eta bi ordenagailuak aldi berean sareratzeko aukera izango dut; bueno, omen dut!
Eskerrik asko, Imanol “imamom”.

Kategoriak Sailkatugabeak | 3 iruzkin

Milakabilaka herri ekimenak lortuko ote du herri honen parte hartze osoa batzea?

Oraintxe irakurri diot Castillo Suarezi Argian  
Milakabilakaren gainean idatzi duena. “Hamaika aldiz entzun baldin baduzu
herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela bake prozesua bizkortzeko, baina ez
dakizu oso ongi zer egin zenezakeen” dio berak eta horretarako aukera dela
Milakabilaka.

Ba,
hara, atzo Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egin zuten aurkezpenean egon nitzen; olatu
erraldoiaren lehenengo buelta horretan. Jende askorik ez zen elkartu hara, ume
asko bai ordea. Pirritx eta Porrotx pailazoen saioa antolatu zuten
manifestuaren irakurketaren osterako.

Hala
ere, atentzioa gehien deitu zidanak, irakurketan zehar entzun nuen esaldi bat
izan zen: “zure parte hartze zuzena antolatu nahi dugu”. Ez dakit, esaldiaren
egituragatik ala aukeratutako moduagatik, baina ez zitzaidan egokia iruditu. Nire
partea, gure parte hartzea, norberaren parte hartzeko modua, aukerakoa da. Esan
nahi dut, aukerak hortxe daudela eta bakoitzak erabakitzen duela zein den bere
gustukoena.

Baliteke
zorrotzegi aritzea neu, edo ez dagoen lekuan hika-mika sortu nahi izatea, baina
Milakabilaka herri ekimenak lortuko ote du herri honen parte hartze osoa
batzea?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Eta denak lanean!

Eta, denak lanean harrapatu ditu!
Horixe akordatu zitzaion nire ohelagunari atzo Asturiasko printzesaren ahizparen heriotzaren ingurukoak telebistan ikus-entzuten ari zela. Dirudienez, Feliperen idazkariak Madrilgo PPreko ordezkari batekin zuen elkarrizketa bertan behera lagatzen zuela esateko deitu zuen. Lanerako planak zituen beraz Felipe printzeak. Erregea, berriz, Alemanian harrapatu zuen Ortiz familiartekoen arteko zorigaitzeko albisteak; “lanetik” gaur itzultzeko plana egin du borboiak. Sofia erregina urrutiago joana zen, hura ere lanera: Indonesian zen bidai ofiziala egiten.
Hori entzun genuenean, “hara! eta danak lanean harraptu ditu!” esan zidan ohelagunak.
“Behingoagatik” esan nion neuk. Baina, gero pentsatzen jarrita, “lanean harrapatu ditu” esateak zentzurik badauka Espainiako erret familiari buruz ari garenean? Hara eta hona, diru publikoarekin, aritzea “lana” al da?
Ba horixe gaurko duda.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Bobby, pelikula

Bobby pelikula ikusten izan naiz asteburuan. Gurean bizi dugun giro nahasi honetarako aproposa, han kontatzen den istorioa ere, giro nahasi baten gertatzen baita. Kennedy presidente erahilaren anaiaren hilketa kontatzen du filmak, baina horretarako egun haietan Hotel Ambassadorren bueltan egon ziren hainbat herritarren historiak erabiltzen ditu zuzendariak pelikula osatzeko. Kontatzeko era gustatu zitzaidan, erritmo aldetik ere (amaiera izan ezik) ondo neurtua dagoela iruditu zitzaidan; ez ninduen aspertu, amaierak izan ezik; tarteka, irribarrea ere eragin zidaten pertsonaiei gertatzen zaizkienak. Hala ere, pelikula hobeto osatu zitekeen sentsazioarekin atera nintzen zinetik.

Zuzendariak pelikularako sortutako irudiak eta sasoi hartan hartutakoak nahasten ditu; EEBBk Vietnamgo gerraren kontra esnatzen ikusi zituen bere herritarrak eta manifestazioak, protestak eta gobernuaren kontrako jarrerak orokortzen ari ziren sasoi hartan girotuta dago pelikula.

Irudi horien guztien nahasteak sentsazio arraroa sortarazten diote pelikula ikusten dagoenari; dokumental itxura hartzen baitu tarteka zintak; of ahotsa beharrean, telebistan ematen ari diren Bobby Kennedyren diskurtsoa edo kazetari-aurkezleen komentarioak edo  bestelakoak entzuten (eta tarteka ikusten) dira: pelikulako pertsonajeen logeletan daude telebistak, edo tarbernako apalean… Aitzakia dira pertsonajeak beste hori kontatzeko eta protagonismoa eman egiten zaien arren, beti dago beste zera hori atzetik.

Kontua da zinera bakarrik joan nintzela eta aukeran Eastwooden gerra pelikula nuela ikusteko. Hortaz, eta hain pelikula gogorra ikusi nahi ez nuenez, Emilio Estevezek zuzendutako Bobby ikustea aukeratu nuela, El Laberinto del Fauno jada ikusita nuelako. Eta, tira, ba esandakoa, ratu bat pasatzeko moduko pelikula da, baina beste barik. Nahiz eta pertsonaje guztiak aktore ezagun-ezagunak diren, gazte gehienak izan ezik. Hona aktoreen zerrenda: Anthony Hopkins, Freddy Rodríguez, William H. Macy, Christian Slater, Shia LaBeouf, Brian Geraghty, Sharon Stone, Nick Cannon, Joshua Jackson, Emilio Estevez, Demi Moore, Lindsay Lohan, Martin Sheen, Helen Hunt, Elijah Wood, Harry Belafonte, Jacob Vargas, Svetlana Metkina, Laurence Fishburne, Heather Graham, Ashton Kutcher, Joy Bryant, Mary Elizabeth Winstead, David Krumholtz eta Spencer Garrett.

Izen ezagun mordoa ikusteko aukera parebakoa, orduko jantzi eta orrazkerekin eta hori dena gerra baten inguruan presidentea kargutik kentzeko kanpaina amerikarrarekin nahastuta. Gaur egun Bushek horrelako areriorik izango ote du?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Eta gu, noiz sartuko gara bada manifestazioan?

Eta, han ziren bada herritarrak. Garai baten Eusko Jaurlaritza egon zen egoitzaren parean. Eta han, baina barruan, ziren politikoak. Gaur egungo Jaurlaritza osatzen dutenak eta baita beste erakundeetako ordezkariak eta hamaikatxo politiko.
Barrukoak jakinaren gainean ziren, ez ordea kanpoaldean zirenak. Eta, horregatik, Carlton Hotelaren aurrealdean eta jende andanaren artetik osatutako “aukeratuentzako” bideskak, “aukeratuak” pasa eta tarte baten iraun zuen. Ibarretxe handik pasako zela uste zutelako eta hura ikusi nahi zutelako. Izan ere, berari elkartasuna adierazteko joan ziren horra hotel aurrera. Baina, Ibarretxe agertu ez. Eta, dezepzioa han inguruan. Lehenengo eskutik dakit, aprobetxatu nuelako hura pasabidetxoa metrora iristeko eta bidean, hainbat aldiz entzun nuelako:

– … ze, baina, ja?
– … ta Ibarretxe non da ba?
– … goazen, goazen, ze jada ez dator…

Eta, antzeko bestelakoak ere entzun nituen: “eta gu noiz sartuko gara ba?” edo “eta, herritarrak noiz gehitu gaitezke manifestaziora ba?”… Horrelakoak ere entzun nituen eta arrazoia ez zitzaien falta. Astelehen buru zuri baten, Bilbo erdiraino gerturatu, arratsaldeko 19:30ak aurretik lekua hartzeko eta lehenengo lerrotik “aukeratuak” ikusteko eta hara! Zain egon behar.

Gaur goizean zehar beste aukera bat dago Bilbon bertan, Ibarretxe auziperatu duten bilera hartan ere izan zirelako; beste aldekoak, mahaiaren beste aldekoak, alegia. Otegi 09:30ean izan da Bilboko Auzitegian; 11:30ean Pernando Barrena eta 12:00etan berriz Juan Jose Petrikorena.
Batasunako kideekin elkartasuna adieraztera ere hainbat lagun elkartuko da Bilbora, baina Barrenak esan dituenak entzun ostean, agian, herritar gutxixeago izango dira animoak ematera.

Eguaztenean, Piñeiroren aurretik pasatzeko txanda Ibarretxerena izango da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Asteleheneko Goienkaria (2007-01-29)Atzera egiten hasita…

Itzelezko zoriontasuna deiadarra bota zuen Salma Hayek aktoreak bere lagun Pe aktore onenaren Oscarretarako hautagai aukeratu zutenean. Volver filmean egiten duen lanagatik aukeratu zuten.

Itzuli ere Iban Zubiaurre itzuli zen atzo Anoetara; hura baina,
txistuka hartu zuten bere taldekide ohien zaleek. Neu berri asteburuan Antzuolara bueltatu naiz Amaia, Edurne, Miren, Itziar eta Rakelekin afaltzera eta aspaldiko kontuak gogora ekartzen, ondo baino hobeto pasatu nuen zapatu gauean. Eskerrik asko, Miren!

Gaur, berriz, atzera aterako dira kalera herritar asko, gure herriko kirol nazionaletako bat praktikatzera: manifestazioa, alegia. Iñaki de Juanaren egoera salatzeko ere balio beharko luke. Baina, bihar, berriz ere volver egingo dutenak, askoren gogora, eta gutxi batzuren bihotzera, Diego Armando eta Carlos Alonso Palate izango dira. Hilabete betetzen delako lehengo sasoietara bueltatzeko pausua egin genuela. Ez zen aukera ona izan, hori badakigu.

Horregatik, atzera zerbaitetan saiatu beharko bagina elkarrizketan beharko  luke. Horixe da gurea dena, hitza, berba, hau da, hizketan
egitea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Asteleheneko Goienkaria (07-01-15): Ni banoa, ba ni ez noa, ba orduan leloa aldatuko dut…

Asteleheneko Goienkarirako Biharamona idaztea tokatu zait. Han argitaratzeko idatzi nuen lehenengo bertsio hau, gero idatzizkoan laburtu behar izan duguna. Hona lehenengo bertsioa ekartzea erabaki dut:
Jon Maiaren “Riomundo” liburuaren kontrazalean jasota dator Bertolt Brechtek esana dela: “gogoaren kontra, egoera behartuta, herria, sendia, etxea utzi behar duena ez da inmigrantea, erbesteratua baizik”. Antzera samar deskribatu zituzten Madrilgo manifestazioan Carlos Alonso eta Diego Armando ere; Lucia Roseto Ekuadorreko etorkinen elkarteko kideak adierazi zuen “eurekin hil ziren, euren familien oinarrizko giza eskubideak egi bihurtzeko asmoz, ozeanoak eta basamortuak zeharkatzen dituzten milaka emigranteen ametsak. Aukeren jabe nortzuk izango diren erabakitzen duen sistema ekonomiko baten; armetan botiketan eta eskoletan baino diru gehiago xahutzen duen munduan, Diego eta Carlos modukoek bizitza duin bat eramateko lan, amets eta apustu egiten dute (…)”.
Gure herrian ordea, asteon bestelako kontuak izan dira, zoritxarrez, albiste nagusietako titular. Pernando Barrenak ostiralean esan zuen Euskadi Irratian “leloa gutxienekoa zela. Batasunak astelehenean horixe eskatu ziola ETAri eta martitzenean erakundeak horixe berretsi zuela”, baina hala ere, “ni banoa, ba ni ez noa, ba orduan leloa aldatuko dut, ba horrela bada neu banoa, ba aizue, ni ez noa, ez Bilbora ezta Iruñera ere” eta horrela, umeak baino okerrago, euskal herritarrek, hau da, Euskal Herrian bizi diren hemengo eta hango herritarrek, joateko erabaki hartu zuten.
Gaur, orain, aurrerantzean, historia amaigabe honen beste kapitulu bat hasiko dugu. Eta, baliteke, barikuan ikusi nuen Harkaitz Martinez eta Igor Otxoaren “Nomadak TX” dokumentaleko mongoliarrak dioenez, “etorkizunean herri nomada asko egongo dira” eta orduan, gure buruhausteak, ardurak eta betekizunak beste batzuk izango dira. Bitartean, zapatuan gauean ikusi nuen Kunka antzerki taldearen antzezlanak dioen bezala, “Meando fuera del tiesto!” arituko gara (Amaia Gabilondo mondragoetarra ari da produkzio eta banaketa lanetan).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ahotsakek aurrera darrai

Atzo bertan idatzi nuen mezuarekin jarraituz, eta argitze aldera, Ahotsak taldeak atzo, azkenean, arratsaldean egin zuen abenduaren 30az geroztik lehenengo agerraldia. Ordizian izan zen; izan ere, aldez aurretik adosturik zuten han aurkezpena egitea eta horixe aprobetxatuz hantxe aurkeztu zuten euren azkeneko idatzi, “emakumeek lanean jarraituko dutela berresteko elkarren artean hitzartutakoa”. Hauxe da idatzia:
«Ahotsak-eko emakumeek hasitako lanarekin eta hartutako konpromisoekin aurrera jarraitzea erabaki dugu.
Emakumeok asko dakigu indarkeriaz, gugan eragiten den egiturazko indarkeria dela-eta. Horregatik, apirilaren 8ko eta ondorengo agirien balioan berresten gara.
Carlos Palate eta Diego Armando Estacioren senitartekoei geure elkartasuna agertzen diegu; atentatu baten biktimei. Honen gaineko balorazioa ezberdina da: batzuentzat, gatazka baten ondorio da; beste batzuentzat, justifikaziorik gabeko krimena. Baina denak bat gatoz bake eta konponbide politikoetarako prozesu bat eraikitzeko indarkeriarik gabeko errealitate bat behar dugula, eskubide guztiak errespetatuz. Hori da bide bakarra.
Uste dugu elkarrizketa izan behar dela adostasun politikoak eraikitzeko oinarria, eskubide eta askatasunak bermatuko dituen arautegi berria benetan ekarriko duten akordioetara iristeko».
Barajaskoa “justifikaziorik gabeko krimena” dela diote eta “bake eta konponbide politikoetarako prozesu bat eraikitzeko indarkeriarik gabeko errealitate bat behar dugula” ere bai. Batasunako kide Jone Goirizelaiak ere sinatu zuen idatzia, PSEko Gema Zabaletarekin batera. Era pertsonalean izanda ere, euren alderdikideei exenplu hartzeko deia eskatu nahi nieke leihotxo honetatik. Hala ere atzo idatzitakoan berresten naiz; ez dira hain ausartak izan Ahotsakideak eta zailtasunak zailtasun, aurrerapauso ausartagoak emateko gai direla erakutsi beharko lukete, batez ere, Euskal Herriko eta kanpoko emakume askoren babesa jaso dutelako, esperentza asko jarri direlako euren ekimenean eta jada, nahikoa dalako: espedientea betetzeko moduko adierazpenetatik haratago jotzeko ordua (nere ustez, jakina).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1