Lagun batek dioenez, “megagaiaz”

Titular bikaina litzateke: “Irungo eta Hondarribiko konpainia tradizional eta mistoa Antzuolan elkarrekin atera dira”. Halaxe komentatu nion Kontuolako berriemaile Aintzane Irizarri. Baina Maribel Castello Irungo konpainia mistoko lagunak atzo Antzuolako udaletxeko balkoitik baieztatu zidan “goizean izan dira, baina arratsalderako ospa egin dute”. Ausarta izatea gauza handia da. Espero genuen baita Auzitegi Gorenarengandik horrelako ausardia, baina Candido Conde Pumpidok azaldu duenez, “erabakia pozik eta gogobetez hartu behar dugu”. Jakin dezala Fiskal Nagusiak elkarbizitzari batere mesede ez diola egiten euskal herritar askori hauteskundeetan era normal baten parte hartzeko eskubidea ukatu izanak. Eguenean Auzitegi Konstituzionalak badauka beste aukera bat erabat antidemokratikoa den Gorenaren sententzia bertan behera lagatzeko. Ausardia bada behar duguna; edo asteburuan Elgetako Espaloian egon diren Nacho Diago eta konpainiaren magia.
Osterantzean Pernando Barrenari entzungo diogu berriz ere esaten: “Prozesuak porrot eginez gero ondorioak ez dira soilik ezker abertzalearentzat, denontzat baizik: PSOErentzat, EAJrentzat eta, tamalez, herrialde oso batentzat”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ségolène vs Sarkozy

SER irrati katean asteburuan horrela iragarri dute gaur bertan egitekoak ziren Frantziako hauteskundeei buruzko irratsaio berezia. Behin eta berriz iragarri dute “Sègoléne-Sarkozy”. Lehenengoari bere izenarekin eta bigarrenari abizenarekin. Lehenengoari, emakumezkoari konfiantzatik; bigarrenari, gizonezkoari, abizenak ematen duen distantziatik.
Kiroletan ere horrela egiten dute askotan; emakumezkoei izenarekin deitzen diete kirol kazetariek, gizonezkoei ez bezala. Gizonezkoei izenarekin deitzen diete, beti eta beste norbait abizen berekoa balego taldean edo joko berean.
Baina, zergatik Sègoléne-Sarkozy eta ez Royal-Sarkozy? Edo, askoz ere gertukoagoa litzatekeen: Sègoléne-Nicolas?
Gaurtik aurrera, agian, Nicolas deitzerik ere ez dute izango Frantziako kazetariek, nahiz eta, errepublikako presidente berria hain justu Nikolas izan. Lastima, Sègolének gertuagokoa zirudien-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Done Jakue bidea (III)

600 kilometro egin genituen atzo aita bisitatzera joateko. Amari agindu genion zubia aprobetxatuko genuela eta Burgoseraino arrimatuko ginela. Aitak, baina, sekulako abiada darama eta Burgosen barik ia Leonera iritsita egon da; Palentziako probintziako Carrion de los Condes herrian zen atzo. Beraz, haraino joan ginen, Burgos pasa eta Santiagoko autobidea hartuta. Bazkaltzeko iritsik ginen; artean aita zain genuen, gu baino lehenago iritsi baitzen. “Etapa laburra” egin omen zuen goizean eta guk uste baino lehenago han zen bera, Bar Españaren terrazan, gure zain.
Hura izan zen bat-batean aurpegia alaitzea! Berea eta amarena, noski. Errepidearen bestaldean ginen gu eta aitarengana hurbiltzen utzi genion amari. Argazki kamera ere atera nuen, momentuan gogora dezaten biek gero. Pozik baino poziago, bata zein bestea. Ama galdezka eta galdezka eta aita, berriz, hura eta hangoa, harena eta bestearena… azalpen guztiak eman zizkigun.

Egun bi zeramatzan bakarrik oinez. Orreagan elkartutako lagun taldea utzita, bideari bakarrik ekin zion egun bi lehenago. “Behar” zuela esan zigun; “batzuetan bakarrik egotea ere ona” dela eta gainera, “denbora larregin elkarrekin” zeramatela esan zigun. Hortaz, aurreko egunean eta atzo bertan aterpetxean lagun  talde berri batekin topatu bazen ere, gaurko etapa ere bakarrik egiteko asmoa zuen berak.

Dirudienez malagako mutilak Estoniako neskarekin enrrollatu nahi du; neskak, aldiz, ez omen du nahi, baina ez zaio berba egokirik ateratzen gaztelaniaz eta “aguantatu” egiten omen du. Kataluniarra ere ohartuta zebilen istorioarekin eta “gogaitu” samar ari zirela kontatu zigun aitak. Gainera neska, poliki samar ei dabil eta berak, azkenean, bakarrik jarraitzea erabaki du.

Honezkero, beste pare bat pertsonaia ezagutu ditu:

  • 70 urteko madrildarra: “tanke” baten modukoa dela dio agureak. Hasieran herren ibiltzen omen da, baina behin erritmoa hartuta, euritakoa janzteko ere ez ei da geratzen; “soy como un tanque” esaten omen du; “si me paro, no vuelvo a arrancar”.
  • PPren boto emailea erregezalea:  erabat espainiarra den tipo batekin ere topatu da gure aita; hala aitortzen dela esan zigun, eta  gainera monarkiaren aldeko sekulako teoriak kontatzen dituena: Errusiara edo Bretainia Handira Españako ordezkaritza bat modu askoz ere “handiagoan” hartzen dutelako erregea dutelako Espainian; eta antzekoak kontatzen ei dituela.
  • Australiako senar-emazteak: andra-gizonak ei dabiltza bidea egiten elkarrekin; gaztelaniaz ere moldatzen direla eta aurreko egunean aitaren atzetik hainbat km. egin zituzten eta harrapatu zutenean, “Antonio, tienes unas piernas muy sexis” esan ei zion australiar gizonezkoak. “una vez gané un concurso de disfraces, vestido de mujer” esan ei zion aitak.
  • Autokarabana lagun duten erromesak: koadrila bat ei dabil, gizonezkoak bidea oinez egiten dutenak eta emakumeak karabanan atzetik doazenak; gero aterpetxean zigilua bota eta laurak karabanan lo egiten omen dute.

13. etapa zuen aitak gaur; bidearen erdia egiteko pare bat geratzen omen zitzaizkion atzo. Hortaz, laster Santigoa bidearen ekuadorrera helduko da. Ama, berriz, desiratzen dago aita etxera  bueltan etortzeko; atzo ere esaten zion: “ba nik uste, honezkero nirekin atzera etxera etorri beharko zinela”. Han laga genuen aita, Carrion de los Condes herriko aterpetxean, bisitarengatik eskerrak ematen eta amari agur esaten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Done Jakue bidean (II)

Badira lau egun Santiago bideari ekin ziola gure aitak. Egunero berba egiten du amarekin eta eguneko pasadizoen berri ematen dio. Lehenengo ibilbide egunean “egokitzen” aritu zela eta telefonoz deitzeko orduan lo geratu zen; amarekin hitz eginda geratu zen. Hurrengo egunean kontatu zigun eurekin zihoan Jaengo batek marka guztiak hautsi zituela; antza denez, aterpetxeko zaindariak oinak sendatu behar izan zizkion erabat apurtuta zeramatzala-eta; “lehenengo egunean eta hankak horrela! Ez dut sekula horrelakorik ikusi” esan omen zien zaindariak. Gure aita, berriz, pozik; berak hankak oinak zituela-eta. Hala ere, aitortu digu bera “ibiltzen” zela uste zuela, baina konturatu dela berak egiten duena pasio luzeak bakarrik direla eta ez ibili; “ohituko da” esan nion amari.

Malagako xerpa

Malagarra ei da taldeko dibertigarriena. Batzuetan aurretik doala eta beset batzuetan atzean geratzen dela, kontatu digu aitak; baina atzera berriz taldearekin batzen dela beti. “Quillo! Me quedo a fumarme un porrito!” esaten omen du batzuetan, eta “oye! que me quedo a tomarme una cerveza!” beste batzuetan. Lehenengo egunean aitari esan ei zion: “Quillo, donde va a dormir tan pronto, ci ahora e cuando abren lo bare?”.

Ia ba, nola joan zaien mendiko lehenengo etapa; “igo egin behar dugu eta hori ez da txarrena, gero atzera jaitsi!” esan zion amari.

Apustuak aurrera darrai!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Done Jakue bidea egitera joan da nire aita (I)

Apirilak 17 ditu gaur eta Orreagatik atera da gaur aitxa Santiagora bidean. Done Jakue bidea egitea du helburu eta hilabetean edo bueltan dela agindu digu. Guri, etxekooi, eta Antzuola guztiari; ze, jakin dudanez hainbat aldiz aritu da kalean Done Jakue bidea egingo duela esaten. Hortaz, eta herenegun esan nion moduan: “Santiagon ateratako argazki barik bueltatzen bazara, jai daukazu herrian!”.

Apustuak egitea ere pentsatu dut; seguru antzuolar bat baino gehiagok onartuko lukeela apustua! Baina ez naiz alaba hain gaiztoa izango eta pentsatu dut aproposena dela gaueroko bere kronika hona ekartzea.
Atzo Antzuolan autobusa hartu eta Iruñera joan zen; handik Orreagarako autobusa hartzera. Erromesen etxera jo zuen zuzenean, baina aurretik informazio bulegotik pasa arazi zuten, izena ematera. Lehenengoa izan omen zen erromes etxera iristen eta oraindik fresko-fresko zegoenez (bidea autobusean egin zuelako-edo) bueltatxoa jo zuen eta 8retako mezetara joan zen: erromesendako meza ei zen.
Afaltzeko babarrunak eta arraina jarri zioten; eta austriar birekin, Malagako batekin, frantses batekin eta hiru alemanekin egon zen. Malagarra gogaituta omen zegoen jada hainbeste arrainekin eta xerraren bat atera ziotela ere kontatu zigun aitak.
Ostean amarekin telefonoz berba egin zuen eta gaueko bederatzietarako ohera, goizeko 6etan altxatzen baitzituztela esan ziotelako. Ordu izan ditu gaur erromes-etxea laga eta Done Jakue bidearen lehenengo etapari ekiteko.
Gauean amarekin geratu naiz, atzera, telefonoz aitaren kronika jasotzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Toples librearen aldeko aldarrikapena

Lagun batek bidali didan lotura bati kasu egin (berak beste blog baten aurkitu du) eta jakin dut, Jordan Matter argazkilariak urte bi egin dituela New Yorkeko kaleetan titi biztan harrapatzen zituen emakumeei argazkiak ateratzen. Bitxia iruditu zait eta sartu egin naiz loturan. Dirudienez, EEBBetan New York ei da topless egitea legala den leku bakarrenetarikoa eta Matterrek horixe egiten duten emakumeen erretratuak atera nahi izan ditu. 100 argazki eder batu ditu album baten, “sexu askapenaren eta forma eta tamaina ezberdinenen alde”.

Argazkiak oso ederrak dira eta konplejurik gabeko emakume mordoa ageri da argazkietan. Askatasunari aldarri bat, moda guztien kontra eta irudiaren gizarte honek agintzen digun kareta guztiak hausteko deiadarra. Titizorroak erretzen ziren garaiak ez nituen nik ezagutu, baina begirada zikin guztiei ihesi, horra edertasun naturala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Berriz ere euskara nahikoa ez, eta gaztelaniaz ere bai

Iaz, ekainaren 22an, idatzi nuen izenburu bera kopiatzeko gogoa eman dit oraingoan ere, baina ez nintzen errepikatu nahi; beste batzuk egin duten moduan: “Euskaraz egina dago eta, duen kazetaritza-balioagatik, guk eginiko itzulpena gaineratu dugu gehigarri berezi honetan”.
Horixe zioen domekan Garak bere “elkarrizketa” bereziaren hasieran eta atzera pentsatu dut; ene, euskaraz bakarrik argitaratzeak garrantzia kentzen ote dio?
Aldiz, elkarrizketaren bigarren galdera-erantzunean euskaraz ari dira erakundeko kideak kazetariarekin: “Nolatan ez dira ohartzen arazo estruktural benetan serioak daudela
Euskal Herrian? Euskararen ofizialtasuna adibidez, gure hizkuntzaren
etorkizuna Sanz edota Lasserre bezalakoen eskutan egonik, euskara
heriotzara kondenaturik dago.” Galdera bera ere erakundekideek egiten dute, ez kazetariak. Hortaz, eta “gure hizkuntzaren etorkizuna pertsonai horien eskuetan heriotzera kondenaturik” baldin badago,  “kazetaritza-balioak” itzulpenak eragitea mesederik egiten al dio gure hizkuntzari?
Normalizazioa versus normala bada, orduan, bai: itzulpenik gabeko euskarak garrantzirik ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Heldu da (AG-07-04-01)

ETB2ren Teleberria ikustera ailegatu nintzen etxera atzo, Erramu domekan. Zain nintzen Iruñean batutako jendetza ikusteko eta Xabier Amurizak eta bere alaba Mirenek irakurri zuten euskararen aldeko mezua entzuteko. Baina, ez; etzan horrelakorik egon. Afrika Baetak aurkezten duen albistegian korrika Karrantzatik Iruñeara heldu izana ez zen garrantzitsua, antza. Marijo Garmendia kazetariarekin zuzenekoa egin zuten albistegiaren amaiera aldera, baina ez AEK-ren ordezkaririk ezta mezua irakurri zuten Amurizatarren ahotsik ere.

Nafarroako erreinu zaharrera heldu zen atzo Korrika eta jada Angel Lertxundik aurreratu zuenez, “hamaseigarrenean aida” euskararen aldeko lasterketa. Seguru Edurne Brouard hasi dela urte bi barru berriz ere Euskal Herriko errepideetara aterako den korrikaren inguruan proposamenak egiten eta jasotzen.
Heldu da, beraz, korrika eta heldu da baita ere Aste Santua; Erramu zapatuko azokak iragarri du hori eta eguena, asteon, santua izango da.

Heldu da, beraz, azken txanpa baita Batzar Nagusi eta Nafarroako gobernuan ere. Heldu da hauteskunde kanpaina ere, baina heldu ote da Euskal Herria berria? Lotinaren garaipena behintzat heldu da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zer?… Zea! Martxoak 31k joko duela Durangon

Barikuan Seiurte taldearen kontzertua ikusten egon nitzan Gernikan. Etxe aurreko Musutruk tabernan jotzen zuten berriztarrek eta aspaldi Iokin ikusi barik nengoenez gerturatzeko plana egin nuen. Anboto astekarian lanean nenbilela ezagutu nuen Iokin. Zutabegile zen bera eta hilean behin bere pertsonaien istorioak kontatzen zituen Anbotoko azkeneko orrialdean. Idazkera berezi zuen; lagunekin bizi izandakoak ekartzen zituen gogora eta lehenengo pertsonan barik, asmaturiko pertsonaien ahotan jartzen zuen istorioa. Horixe ekarri nion gogora Elortzatar anaietako Iokini, agurtu ostean. “Ez, jada ez dut idazten!” esan zidan, baina “justu atzo deitu egin zidaten kontzertu baten kronika egingo nien galdetzen”. Urte batzuk joan dira lankide izan nuenetik; beste bi disko atera dituzte Seiurtekoek bitartean; hirugarrena,gainera, eurek ekoiztu dute, “Metak itxi egin zuten-eta”, esan zidan Iokinek. Kontzertua primeran egon zen. Gazteenek kantak buruz zekizkiten. Rock eta pop doinu atsegina egiten dute Seiurtekoek; gustura entzutekoa eta alaia egiten den melodiez osatutako kantak. Zorionak, mutilak!

Bera agurtu aurretik haren lagun Iban Gorritiri sms-a idatzi nion. “Sei Urte ikusten nabil”. Eta, berak orduan: “Etorriko zara Martxoak 31 ikustera Durangora?”. Bada hilabete imeila bota zidala kazetari-argazkilari-musikari Iban Gorritik. Bera ere lankide izan nuen Anboton. Gogoan nuen Durangoko Plateruenean kontzertua egiteko asmoa zutela eta berriz ere Martxoak 31 izan zena batu eta zuzenekoa egitekoak zirela. “Igual joango naiz, gainera publizitate zibernetikoa egin dizut!” esan nion Ibani eta berak “eskerrik asko, irakurriko dut!”. Hara! Zer galdetu eta zea aditu! Nik imeila berbidali nuela esan nahi nion, baina berak blogean idatzi nuela ulertu zuen. Beraz, eta berandu baino lehen, publizitate zibernetikoa egitea pentsatu dut: Durangoko Plateruena kafe antzokian Martxoak 31 taldeak kontzertua egingo du; denboratxoa da talde desegin zutela, baina datorren zapatuan berriz ere zuzenean ikusi eta entzuteko aukera egongo da Plateruenean! Igual han ikusiko dugu elkar Iban; eta Iokin ere handik ibiliko da, kontzertu berean arituko baitira Martxoak 31 eta Seiurte: Durangoren bonbaketaren 70. urteurrena betetzen den egunean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

18/98+

Eskubide zibil eta politiko guztien aldeko enegarren manifestazioa Bilbon. Jende aldetik, ba beste batzutan baino gutxiago, nire ustez. “Bai, neuk pe hori itxuria hartu diot”, esan dit Fatimak. Mikelek asteon hedabideetan-eta gutxi aritu direla gaiaz eta gaurko (zapatuan) egunean Madrilekoari tarte dena eman diotela baita EITBn ere. “Honek zer pentsatua ematen dit” esan digu.
Beste Mikel batekin horixe komentatzen zera esan dit: “98 hori, konturatu ezpahaz, urtia don, 1998”. Ez dira ez urte gutxi. Hainbeste urte eta oraindik konpondu barik dagoen beste auzi bat. Eta zenbat holako gure herrian eta beste batzuek aurrera egiteko aukera dute eta gu, betiko lekuan, betiko aldarrikapenak egiten, betiko aurpegiak manifestazioetan, elkarri “berriz hemen” esaten… Euskaldunon patua ote?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina