Azoka parte-hartzaileagoa, zergatik ez?

Durangoko azokan bost egunetan aritu nintzen azokaren webgunearekin eta bestelako kontu batzuekin laguntzen komunikazio arduradun izan den Izaskun Ellakuriagari. Aukera izan du egun horietan hainbat lagunekin egoteko eta azokaz aritzeko eta denak bat etorri dira azokaren formatu aldaketaren premiaz. Durangoko azokak badauka leku finko bat, merezi zuen duintasuna aitortzen diona eta udazkenaren azken egunetako hotzari aurre egiteko berogailu indartsua duena, gainera. Baina, zertan bihurtu da Durangoko Azoka, saltoki erraldoi baten ezbada? Niri horixe begitandu zait han egin ditudan bost egunetan; leku pribilegiatuan ego naiz, goiko solairuko balkoitik begira une askotan. Eta, aurten, egunero, orduoro, jendearen joan-etorria izan da han goitik ikusi dudana. Bigarren egunean azoka ondo eraikinean ere jende asko egon bazen ere, han egin ziren ekitaldietaz gozatzen, azoka barruan jendea “automatak” moduan sartu, pasilloetan barna ibili, zerbait erosi, eskatu, opari hartu… eta kanpora.
Horregatik diot, han egon naizen egunetan hainbatek esan didatenak hausnarketarako balio beharko liekela azokaren antolatzaileei. Azokak parte-hartzaileagoa  behar duela izan da atera dudan ondorio nagusia. Gazteenek euren “artista faboritoak” ikusi eta haien autografoak eskuratu nahi dituzte; guztiek ere musika erosten dute! Nagusiagoek, liburu-egileekin gauza bera egiten dute. Baina horretan geratzen da egile-kontsumitzaile binomioaren arteko hartu-emana.
Horri begira edo, Paisen azokari buruzko kronikak egiten aritu den Juanan Hernandezek komentatu zizkidan ideia bi ekarri nahi ditut leiho honetara, ia norbaitek bere egiten dituen-edo. Lehenengo musika sortzaileei begirakoa: zuzeneko akustikoak antolatzea landakogunean bertan. Era horretara, nobedadeak entzun eta gozatu ahalko lituzke bisitariak. 15 minutuko saioa izan daiteke, ez gehiago; nahikoa artista euskaldunak ikusteko, entzuteko eta ezagutzeko.
Horrekin lotuta, ezinbestekoa litzateke, hari musikalari beste keinu bat eragitea: sikeran, kantak aurkeztu. Hori ez litzateke gaizki egongo. Izan ere, goizeko 10etatik arratsaldeko 8ak arte musika entzuten da bozgorailuetatik, baina ezagutu ezean, inork gutxik daki zer entzuten den azokan. Zaindu beharrekoa da, eta egileek eskertuko lukete eta bisitariek ere, entretenimendu gehiago izango lukete, jakina. Disko jartzaile batzuk eraman, nobedadeekin jolas egitera.
Eta, beste hau ere Juananen proposamena: liburu egileek, idazleek, euren lanen irakurketa laburrak egitea eta eurekin batera irakurtzera animaraztea bisitariak. Polita litzateke hori ere eta sinpleki azoka parte-hartzaileago bihurtuko litzateke. Literaturaz eta musikaz gozatzeko aukera emanez.
Animatzen Gerediagara proposamenak bidaltzera?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Inkomunikazioan teknikari izendatu nau Deustako unibertsitateak

University of Deus unibertsitateak edo Deustako Unibertsitatea (gustuen arabera)”Inkomunikazio Tekniari Maila” lortu dudala-eta, Laster Master inkomunikazio ikastaro azkarraren ziurtagiria eman didate Unibertsitateko Horroris Kausa Antton Olariagak eta Kike Amonarrizek eta “puto bekario” Asisko Urmenetak.

Zazpiak Batman taldeko kideak Durangoko Azokan izan dira gaur “Laster Master” ikastaro trinko eta azkarraren azkeneko saioa ematen. Eta, zortekoa neu! Han izan bai naiz!

Segi irakurtzen

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Durangon dagoen Olmako tximiniatik

Atzo ezkero hemen nabil, Durangoko Azokan. Lehenengo gainera, ate nagusitik barik parkinetik sartu naiz azokagunera eta salgai mahaiak atzekoz aurrera ikusi ditut: ate nagusitik EITBk duen mega stanera norabidean barik, horri bizkarra ematen ate nagusirantz; bitxia egin zait!
Esandakoa bada, atzo ezkero, Landakogunetik ari naizela, Olmako Tximiniatik ikusten dudana kontatzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Wall Street Journali erantzunez

Nire postan jaso dut hurrengo mezua eta, hona ekartzeko aproposa iruditu zait. Ez hona ekartzearren sinadura gehiago batzeko aukera izango delako; baina zabalkundea emateko bide guztiak aprobetxatze aldera, ba horixe, blogek ere balio dute. Mezua EuskoSarek abiarazi duen sinadura bilketari buruzkoa da, eta honela dio:

“Wall Street Journal-eko artikulu famatuari erantzunez honakoa prestatu dute Eusko Ikaskuntzakoek. Sinadura bilketa egiten ari dira Interneten bidez.
‘Euskara erabiltzen dut lanean barre egiteko, haserretzeko,
adiskidetzeko, akordiotara iristeko… Lagunekin eta familiarekin
komunikatzeko. Ikertzeko eta ikasteko. Esna eta lo, amets egiteko.
Nire seme alabekin jolasteko, pozteko, maitatzeko, zigortzeko,
eztabaidatzeko… Ligatzeko, maitasuna egiteko, ongi pasatzeko… Eta beste edozein hizkuntzatan egin daitekeen guztirako.’
Sartu hemen eta sinatu. Ea mezuek gainezka egiten dieten!
Zabaldu mezua.”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Probokazioan erortzea zein erraza egiten dugun

Gernika

Atzo, Ynestrillas Gernikara etorri aurreko egunean, gure atariko beiran eskegita zegoen oharra irakurri nuen: “Faxistak datozenean, gure herria beraientzat itxita aurkitu behar dute” zioen oharrak, besteak beste. “Etxeetako lehioiak itxita eta ahal dela ikurriñak eskegita” izatea eskatzen zuten baita oharra jarri zutenek. Hala ere, atentzioa deitu zidanak “herria beraientzat itxita aurkitu behar dute” esaldi horren agindu itxurak izan zen: “behar dute” zioen.

Pentsatu nuen hasiera baten ideia dotorea zela; Ynestrillas harro-harro etorriko zela bakearen hirira, probokatzera, eta gernika-lumoztarrek, berriz, muzin egingo ziotela; kasu erdi ere ez ziotela egingo.

Gaur, baina, ikusi ditut epaitegi aurreko irudiak –ze Ynestrillas  eskuindarra guardi zibil batzuen abokatu legez aritzera etorri da Gernika-Lumora– eta pentsatu dut, nire artean: zein erraz erortzen gara probokazioan!

Etxera nentorrela gogoratu dut kontua, Mezularia entzuten ari nintzela, Mikel Irizarri entzun diodanean esaten: “polita litzateke ikusteko Ynestrillasen aurpegia Gernikara joan eta inguruan inor ere ikusi izan ez balu”. Bai, Mikel, hori bai argazkia, baina probokazioari erantzuten ohituegiak gaude eta…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

Kazetarion patua, lan baldintza eskasak

Irakurri dut gaur kazetari profesionalek, gehiegi baitira profesioan ari diren bestelakoak, protesta eguna izan dutela. Lan baldintza eskasak salatzeko, lan hitzarmenik gabe ari diren kazetariengatik salaketa egiteko eta profesio horretan bekarioak hartu duen “garrantzia” salatzeko.

CCOO sindikatuko Maria Martinezek eman dituen datuen arabera, EAEn 1.400 langile inguru ari dira hedabideetan lanean; 774 prentsa, irrati eta telebistan eta 220 bat prentsa kabinete edo bulegoetan. Ba dirudienez, gehien-gehienak lan hitzarmenik ez dute eta gainera, telebista txikietan-eta ari direnen lan baldintzak are okerragoak dira 10-12 orduko lanaldia betetzen baitute eta hori gutxi balitz, mileurista izatea luxua da eurentzat, 700-900 euro inguru kobratzen dutelako.

Gogoan daukat Euskadi Irratian aritu zen lagun kazetari bati “autonomo” egin behar zuela esan ziotenean, lanean jarraitzea nahi bazuen behintzat. Aspaldiko kontua da EITBn egiten diren kontraturik gehienak azpikontratatuko enpresek egiten dituztela eta “etxekoak” autonomo moduan ari direla.

Tokiko komunikabideetan bestalde, saiatzen diren arren, asko dira oraindik lan baldintzak eta baldintza ekonomikoak hobetu beharrean direnak; kasu hauetan, baina egoera bestelakoa da: debaldeko produktua egiten dute, diru sarrera izatekotan publizitatetik datorrena da eta bizirauteko diru publiko behar duten arren, Jaurlaritzak ez du behar den beste diru banatzen. Oraintxe hasi da Jaurlaritza 2008ko aurrekontuak negoziatzen eta ia ba aukerarik dagoen lortzeko tokiko euskarazko hedabideentzako bideratzen den dirulaguntzak duinak izan daitezen. Ze, ziur naiz, goizean protesta egin duten kazetari eta sindikatuek ez dituztela gogoan izan herri prentsa, herri telebista eta irrati lokaletan, edo webguneetan, ari diren kazetari euskaldun finak. Hoiek ere kontuan hartuta 1400eko kopurua dezente gehituko litzateke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Memoriaz, oroimenaz… kontatu beharraz

Asteleheneko Goienkaria 07-10-22

El País, tilde urdin eta guzti, eskuratzeko zain nintzen atzo. Goio Aranari irakurri nion Superbai blogean atzo zirela egunkariaren diseinu berria estreinatzekoak eta ikusmina piztu zitzaidan; gainera, horri esker, –eta Pedro J.ri egunkariek opariak egitea gustatu ez arren, atzo bere Mundon aitortzen zuenez– Oscar Marinék diseinatutako erlojua eskuratu dut, doan (diseinatzailea aipatzen dut, erlojuak gehiago merezi ez duelako).
Diseinuak, Superbaik idatzi du, ez du aparteko aipamenik merezi, baina edukietan intereseko letra asko topatu nituen: Zioen Maragallek ‘Eisenhower’ gaixotasunaz, “identitatea galtzea are zailagoa dela denek ezagutzen zaituztenean”. Borroka berriari ekingo dio Kataluniako presidente baino Bartzelonako alkate izateagatik ezagunago egin zenak. Memoriari eusten eta, Doris Lessing 89 urteko literatura Nobel saridunak, egunkari berean zioena, gogoan izaten saiatu beharko dugu guztiok ere: “Gerra eta memoria ez dira inoiz amaitzen”. Horren adibide, egunkarian zetorren hurrengo erreportajea: San Cristobalgo gotorlekuan hilobiratutakoen ondorengoak, Aranzadi Zientzia elkartearen laguntzarekin, han eraildakoen memoria errekuperatzen ari direla.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Niretzat antza dute

Marjinaliaren portada ikusi nuen arten ez nintzen ohartu, baina begira geratu nintzen eta hara! Txuma al da bada, hor ezkutatzen dena? Hemen jolasa:

 txuma abeslaria

Ala, ez al du Bonoren antzik?

bono abeslaria

Eta begiratu orain Robin Williams aktoreari:

 robin aktorea

Akaso, Tarantinori guztiak film baten batzeko esan beharko
 diogu:

 tarantino zuzedaria

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | 2 iruzkin

Asteleheneko Goienkaria-2007-10-01

Zelako aztorameneko astea! Eguenean Zinemaldian Lou Reeden filma estreinatzen zela eta, bere baxu-jotzaile Fernando Saundersek sms-ez gonbidapena bidali zidan. Nik, baina, ezetz: goizeko 6etan jaiki beharra nuela Ibarretxeren iragarpeneko plenora joateko. Gasteizen ere, beste era batekoak, baina izar dezentekin topatu nintzen. Patxi Zabaletarekin eskaileretan gora Pernando Barrenarekin gurutzatu ginen; ez zen agur oso beroa izan, seguruenik goiz samar zalako. Xabier Lapitz ere agurtu nuen, baina uste dut ez zela nIrekin akordatu; eta hori, bere aginduetara bekadun egon nintzen azkeneko egunean, irratsaio amaieran “gracias, Marijo Deogracias” grazia egin zuela! Barkatuko diot; izan ere, Ibarretxeren iragarpenaren ondotik izan zen, eta asko ziren zer esan jakin barik geratu zirenak. Horietako bat Pastor sozialista izan zen, Egibar, Ezenarro eta EITBko zuzendari Andoni Ortuzarren aurrean bota zuen-eta: “ta ni sinistuta Mesias bakarra zeuala!” (gero hedabideen esan zuen Laudion beste Mesias bat zegoenik ez zekiela). Baina, Victoria Pregoren artikuluaren izenburuarekin geratuko naiz: “Ibarretxek aukera egiteko eskatu digu: susto o muerte”. Espainian horrela ulertu ote dute?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

ETBren egoitza berrira bisitan

ETBk (ze EITBk aurreteik estreinatu zuen) atzo estreinatu zuen Bilboko egoitza berria; albistegiak, lehenengoz, sasoi bateko ‘feriademuestrasian’ egin zituzten. Eta, kasualitatez, goizean han egotea tokatu zitzaidan. Bigen Zupiria eta Andoni Ortuzar izan genituen gida-lagun. Estreinaldia egin zutenean ezin izan nintzen gerturatu (Joxe Arantzabalek kontatu zuen ordukoa bere blogean) eta, kontuan kontu, atzo goizean handik bueltan ibili giñen. Izugarria! Horixe datorkit gogora, lehenengo bistara. Atetik sartu ahala, itzelezko espazioa dago: ezkerretara mostradore txikitxo bat eta aurrez aurre ate mekanikoak; besterik ez. Leku horretan egin zuten gainera, atzo bai Gaur egun zein Teleberriko sarrerakoa, aurkezleak: euren lan-lekura, euskal ikus-entzuleen etxera, ondo-etorria egite aldera-edo.

Diafanoa da, zuri-zuri eta oso argitxua. Eskailera mekanikoak daude gora igotzeko; erdian, eraikinaren alderik ilunena betetzen, platoak jarri dituzte eta inguru guztian, alde batera erredakzioa –idazgela, Bingen Zupiriak esan digunez– (irratia, telebista, Interneteko beharginak, errealizadoreak, eta azken baten, informazioaren produkzioak parte hartze zuzena duten langile guztiak) lehia erraldoi-argitxuekin eta beste aldean, kontinuidade eta bestelako guztiak.

Albistegietako platoak ere ikusi genituen; estreinatzeaz ziren bi platoak gainera. ETB2koa lehenengo eta ETB1ekoa gero. Lehenengo platora sartzear ginela “ia zer inpresioa hartzen duzuen” esan ziguten gure anfitrioiek. “Itzela”. Bigarrenera bidean, Maribel Aizarnak eta Joseba Iriondok estreinatu zuten platora bidean, “ia honi zer irizten diozuen, ze asko ziren Teleberrikoa ‘ederragoa’ izango zela uste zutenak-eta…”. “Ba, niri gehiago gustatu zait Gaur egun albistegiaren platoa” esan nien eta “jenderik gehienak horixe bera esan du”. Behingoagatik-edo, ETB1 irabazten atera ote da? Hortik zihoan komentarioa, hala aditu nuen nik behintzat.

Gogoan daukat Durangaldeko Anboto astekarian ari nintzela Iurretako ETBra joan ginela inkesta egitera beharginei, Bilbora joateko proiektuaren gaineko kexak zabaldu zirenean. Harrezkero, bost bat urte pasa dira eta jada, atzo ezkero, Iurretako langile guztiak Bilbon dira eta Gabonetarako Iurretako ETB itxita egongo da.

Lanerako giro bikaina dagoela iruditu zitzaidan, hainbeste jende batera egon arren, ez zen burrundararik entzuten. Eta, hori, atzo behintzat, mahai-gain guztiek numero bana zutela, bakoitzak bere mahaia zein den ezagutu arte.

Zenbat diru inbertitu den ez dakit, baina etorkizuneko telebista hori bada, bikaina iruditu zitzaidan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina