Mari Trinik Elorrioko Jolas Lekun kontzertua egin zuen 70eko hamarkadan

News17457

Joan zen eguaztenean Mari Trini hil zela eta, El Paisen Juan de Dios Rodriguezek idatzitako “In Memoriam” artikulua ahots goran irakurri nuen gurasoen etxean. “Eskerrik asko irakurtzeagatik”, esan zidan aitxak orduan. Ta, segiduan amari esan zion “egia da hori, horrelakoa zen bere ahotsa eta eszenalekuan egoteko era; akordatzen zara Elorrioko Jolaslekun ikusi genuenean?”.
1971n izan zela argitu zidan aitak; “ilea oraindik beltzarana zuenean”, zehaztu zidan amak. Egon omen zen sasoi hartan Elorrion “sala de fiestas” bat, bi solairukoa eta hara joan ziren, ezkondu aurretik, gero nire guraso izan zirenak. “Nola joan ginen bada Antzuolatik Elorriora?”, “Ez dakit, baina autobusean eta gero taxian-edo, orduan ez zegoen hainbeste automobil”.
Bitxia izan zen gurasoak entzutea gazteagoak zireneko kontuak gogoratzen
Eta aitxak orduan kontatu zigun: “kasualitatea-edo izango da, baina orain dela hiru bat egun Mari Trini entzuten nindoala kotxean irratia jarri nuen gero eta irratia entzuten ibili naiz azkeneko egunak. Atzo, baina, ‘play’ri eman nion eta hara! Mari Trini! Kasualitatea izango da, baina bera hil den egunean eman nion ‘play’ri”.
Kasualitatea, esan genion amak eta biok.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Artziniega eta Gordexola arteko inpernua: 20 konkor 7 km-tan

Garak jaso du gaur Gordexolako konkorren albistea. Atentzioa deitu dit, orain dela bi aste Artziniegara joan behar izan nintzelako (Artziniegako museoan antolatu zuten emakumeak eta politika mahai-inguru batera) eta bueltan hortik pasatzerakoan “flipatu” egin nuelako. Artziniegara Gasteiztik joan nintzen, baina Gernikara bueltatzeko, Artziniega Bizkaira pega-pega egina dagoenez, Bilbora bidean, Gordexolatik pasatu beharra izan nuen eta hogei biderrez jauzi egin kotxearekin.
Artziniegako lagunek jakinarazi ziguten “gazteak” Bizkaiko Diputazio aurrera protestan joan zirela Gordexolako 20 konkorren kontura. Ez nuen ulertzen zehazki zeri buruz ari ziren, baina kotxearekin handik pasa nintzenean, orduan bai, orduan neuk ere jasan nuen 7 km-ko inpernua. Ai, ene! Egunero lanera bide hori hartuta joan behar dutenek zelako ernegoarekin iritsi beharra duten!
Gainera, behin km horiek pasata, Kadaguako korridorea dator, eta pentsatzekoa da, hara iristean, Artziniegako eta inguruko herritarrek azeleragailua bestelako baino gehiago zapaltzeko grinari kasu egiten diotela, horrek berak dakarren arriskuagatik.
Gordexolako Udalak “legez kanpoko” konkorrak jarri dituela salatu dute Artziniegako bizilagunek. Arabako herritarrak hasarre daude Bizkaiko bizilagunekin. Agintariek, kasu honetan, Bizkaiko Diputazioak, bere lurralde historikoko herriko Udalak hartutako erabakia gainbegiratu beharko luke benetan jasangaitza baitira ditxosozko 20 konkorrak.
Gainera, Arabako alde hori, bisitatzeko modukoa da, ederra da; asteburu pasa edo egun pasa joateko, museoa bisitatu, inguruan ibili, bazkari pasada ederra jo… Aste Santurako jendetza espero dutela aitortu zidan Artziniegako museoan ari den Ainhoa Astarloak; baina ze umorekin iritsiko diren, errepidea ezagutzen ez dutenek… Hori ezin jakin!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Euskaraz bizi nahi dugunon herria

korrika 16

ASTELEHENEKO GOIENKARIA (2009-04-06)

 

64 berba euskaraz. Horrela titulatu zuen Paisek zapatuan Arantza Quiroga
Eusko Legebiltzarreko lehendakari berriaren inguruko artikulua.

korrika 16

Lehendakari ez euskalduna zela eta, berak euskaraz egin zituen kargu
hartze ondorengo lehenengo berbak. Ez ziren izan ohiko euskal hiztun
baten hizkeran, baina aho bete hortz laga gintuen. Hori zen asmoa:
testimoniala izateko beste badakiela erakustea; lastima horretan
geratzea. Atzo Gasteizera itzuli nintzen berriro, Korrikara.
Euskaldunak milaka ziren Ama Zuriaren plazan, lekukoa noiz iritsiko
zain. Aurretik, 2490. Km-a korrika egitea tokatu zitzaidan, Oxel Erostarbe eta Mikel Basaberekin batera. Legebiltzarretik oso gertu ospatu zuen 16. Korrikak amaiera jaia. Pirritx eta Porrotxek esan zuten moduan, ezpainetan dugu maite dugun hori; lastima PPko ordezkariek, zuzenean, behintzat ez zutela hori entzun. Edurne Brouard eta Mertxe Mujika etorri zitzaizkigun korrikako petoak eskura ematera eta lekukoa Anparo Laseraseri
ematea tokatu zitzaien Aralarren ordezkariei. Euskarak batzen gaitu,
horrek balio du. Akaso, Gasteizen batutako euskararen aldeko jendetzak
ikutuko ditu bihotzen batzuk; bestela, lastima.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

“Positiboa da narcisismo kolektiboa sustatzea”

Di-da eta Gunegrafik diseinu enpresek
antolatutako kom’09 komunikazio jardunaldietan SUMMAko Conrad Llorens eta
Innobasqueko Pili Kaltzada entzuteko aukera izan dut. Durangoko Landakogunean
jende talde polita elkartu ginen lehenengo kataluniarra eta gero euskalduna
entzuteko.


20090401

Gunegrafikeko Xabik aurkeztu zuen Llorens,
emozioari ezin eutsita, aitortu zigun moduan. “Gaztea nintzen hartan adi-adi jarraitzen
genituen SUMMAk egiten zituen lanak; Internet ez zegoen sasoi hartan horrela
aritzen ginen ez baitzen batere erreza beste leku batzuetan egiten zen diseinu
lana eskuratzea eta urtero Katalunian ateratzen zen bildumaren zain izaten
ginen. Horregatik gaur niretako ohore handia da Conrad zuei aurkeztea”.

Eta benetan gustura egon nintzen
marka-identitatean aditua den SUMMA aholkularitza taldeko kidea entzuten.
“Geroz eta pisu gehiago hartzen ari da besteek norberari buruz daukan iritziak”
eta horregatik da ezinbestekoa enpresarentzako bere identitatea, bere marka,
ondo definituta izatea eta enpresak berak eman nahi duen irudia eta sortu nahi
duena definituta izatea; izan ere, “produktu-markaren esanahia da ezagutzera
ematen saiatzen garena, hori da balio duena”.

Horretarako lau arlo jorratu behar dira:

1/ Kontzeptua:
jendeak zerekin identifikatu nahi gaituen definitu behar dugu; legitimoa,
bereizgarria, nabaria eta iraunkorra behar du izan.

2/ Adierazpena:
estilo propioa sortu behar dugu; ikuspegi estrategiko bati zuzendu behar
gatzaizkio.

3/ Kultura:
kontzeptuaren barneratzea; enpresa barruko jendeak ulertu egin beharra dauka
kontzeptua eta bera adierazteko aukeratuko bidea eta honek bere lanpostuak
eragingo dituen ondorioak

4/ Kudeaketa:
ideiak, ekimenak, betebeharrak; lan arlo guztietan berrantolaketa eskatzen du.

SUMMAk egin dituen lanetako batzuk aipatu
zituen Llorensek, adibide gisa. Horietako bat RTVEk egin duen irudi korporatibo
berria da. Markaren itxura berritzeaz gainera, kontzeptua ere berritu nahi izan
dute: talde multimediaren irudia indartu eta TALDE legez funtzionatu arazi
erakunde horretako lan arlo guztiak. “Egia da 3.000 langileren kaleratzearekin
bat egin duela denboran eta hori ez dela onena enpresaren irudiarentzako”
gogorarazi zigun kataluniarrak. Horretan ere, Abanderado markarekin egiten ari direna egin behar
izan dutela, “narcisismo kolektiboa” bultzatu behar izan dute. “Abanderako etxeko saltzaileak motibazio barik ateratzen ziren euren kantzontzilo eta bestelakoak saltzera maioristei, baina sinistuta merkatua galdua zutela erosleek Calvin Klain edo 3 euroko kantzontzilo txinatarrak aukeratzen dituztela; baina merkatu azterketa batek esan digu erosleen %80k ez duela ez bata ez bestea erosten, beraz, uste dugu Abanderadok baduela joko-zelaia eta horretarako “gizon errealarentzako barruko erropak” proposatuko ditugu eta saltzaileak motibatzeko “Positiboa
da narcisismo kolektiboa sustatzea”. Eta, ez zaio
arrazoirik falta. Azken baten, komunikazioa “benetakoa” izan dadin,
jendearengana “naturaltasunez” iritsi nahi izan ezkero, eta jendea
“zintzotasunetik” erakartzea helburu izanda, zinez, norberak sinistu beharra
dauka egiten duen eskaintzak merezi duela, eta nolabaiteko
korrespontsabilitatea eskatzen duela identitate horren parte izateko orduan.

Pili Kaltzadak berrikuntzaren kudeaketan
komunikazioa tresna estrategikoa dela esaten hasi zen. Aurretik Llorensek esan
zuenaren haritik, Kaltzadak zioen “proiektuarekiko identifikazio falta
komunikazio estrategia faltak eragiten duela”. Bai Kaltzadak zein Lloresek
ezinbesteko jotzen zuten barne komunikazioa, kanpo komunikazioa egin aurretik.
Proiektu, marka, produktu edo dena delako egitasmoaren inguruan lanean ari
direnek argi izan behar dute zer lortu nahi duten, zer eragin nahi duten
gizartean, merkatuan, nola identifikatuak izan nahi duten merkatuan elkartzen
garen pertsonengatik. Izan ere, “taldeko edo enpresako guztiok gara komunikazio
agenteak eta hori barneratu beharra daukagu”.

Hori lortzeko, Pili Kaltzadak hainbat tresna
aipatu zituen, teknologia berriak hizpide hartuta:

            1/
cruetrain manifestua:
merkatuak elkarrizketak dira

            2/
blogak:
enpresa-hizkuntzak ez du erakartzen, elkarrizketa pertsonalek bai

            3/
hizkuntza:
enpresen eraginkortasunetik begiratuta hizkuntzak hurbildu egiten du
eta gure esparruan, euskarak egiten du hori. Kaltzadak ahaztu egin zuen (nahita
egingo ote zuen) arlo guztietan behar duela horrek, baina Legebiltzarrean eta
Eusko Jaurlaritzan euskaraz egiten ez duten bi lehendakari jarri behar
dituztenean.

            4/
iritziak:
asko dira merkatu horretan gertatzen diren elkarrizketetatik
informazio praktikoa jaso nahi izaten dituzten enpresak eta hainbat teknika
erabili izan dira horretarako, ohiko inkestaren gainetik; izan ere,
iritzi-emaileak atendituta izan behar dira, eraginkorrak izan daitezen.

Nire lanari dagokionez ere, datu esanguratsu
eta, era berean, kezkagarriak ere aipatu zituen Pili Kaltzadak:

        
erredakzioetara iristen diren
prentsa-oharren %85 baztertu egiten da

        
egunero, batez beste, 69 prentsa
ohar iristen dira erredakzioetara (handienetara 160ra iritsi daiteke kopuru
hori)

        
erredakzioetan %12 prentsa ohar
erabiltzen dira (horrez ez du esan nahi argitaratzen direnik)

Garbi dago komunikazioaren gizartean
komunikazio estrategiarekin asmatu ezean ez dagoela norberaren mezua
gizarteratzerik eta geroz eta zailagoa dela, gainera, identitate marka hori web
2.0 teknologiari esker sortutako iritzi trukaketa leku edo elkarrizketa guneen
bidez zabaltzen diren iritzietatik kanpo geratzea. Merkatuan elkarrizketak
gertatzen dira, pertsonen arteko elkarrizketak, eta komunikazioa ona izateko,
ezinbestean pertsonen arteko elkarrizketa horietan egon beharra dago, parte
hartu beharra dago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Eskerrik asko ama eta aitxa, euskararekiko fobiarik ez izatearren

“Garantía del derecho a relacionarse con las
administraciones públicas en cualquiera de las dos lenguas oficiales de la CAV,
La asignación de perfiles lingüísticos se hará en función de las necesidades
para garantizar tal derecho, en función del uso efectivo de las lenguas en
relación con la administración en cada zona”.

“Evitar de forma activa la pretensión de
fraccionar la sociedad vasca en comunidades lingüísticas diferenciadas, para lo
que se fomentará el conocimiento y el uso del euskera desde la libertad”
.

PSEk eta PPk sinatu duten gobernu akordioan
hizkuntza politikaren atalean jasotako parrafo bi dira hauek. Eta horrek
irakurrita, galderak etorri zaizkit burura:

        
erakunde publikoetara jotzen
dugunean euskaraz jarduteko eskubidea bermatuko badidate, nola egin asmo dute hori? Ze,
hori esan eta berehala diote guneka egingo dutela. Horrek zer esan nahi
du, gune ez hain euskaldun bateko euskalduna baldin banaiz, administrazioak
izango duela eskubidea bermatua berak nahi duen hizkuntzan egiteko nirekin?

        
Hizkuntzaren araberako
zonaldeak egitemo asmorik ez dutela badiote, kontraesanean ez ote daude “para
garantizar tal derecho, en función del uso efectivo de las lenguas en relación
con la administración en cada zona”
eta “Evitar de forma activa la pretensión
de fraccionar la sociedad vasca en comunidades lingüísticas diferenciadas”

konpromisoak?

        
Zer esan nahi du “se fomentará el
conocimiento y el uso del euskera desde la libertad”
baieztapenak? Nire
gurasoek aukera egin zuten, biak gaztelera hiztunak izanik,
umea nintzela euskaraz eskolaratzeko. Ikasketa guztiak euskaraz egin nituen eta nire
bizitza (etxetik kanpokoa) beti izan da euskaraz. Gazteleraz etxean egiten
genuen anaiak eta biok, baina etxeko atea zeharkatu ostean euskaraz jarraitzen
genuen hizketan; eta kaletik euskaraz gentozenean, etxera sartu orduko gazteleraz jarraitzen genuen, amak-eta ulertzeko. Amak ere ikasi zuen, seme-alabekin euskaraz egin ahal izateko. Aita, saiatu izan da, baina…

Jakin nahi nuke ze “fobia” garatu duten
batzuek herri honetan euskararen ezagutzarekiko, euskararen erabilerarekiko,
gure hizkuntza ofiziala bermatzearekiko…

Eskerrak nire gurasoek aukera egin zutenean, euskararekiko
fobiarik ez zuten! Eskerrik asko, ama; eskerrik asko aitxa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Itxialdia egin dut, gatazkaz aritzeko

Zapatuan Lokarrik
antolatutako itxialdian
izan nintzen. Hasteko Skype bidezko konferentzia izan genuen, Bartzelonatik Fundació
per la Pau
-etik
Jordi Armadans aritu
zen; entzun hasieran ondo egiten zen, tarteka interferentziaren bat egon bazen
ere; ikusi berriz, hobe pantailara begiratu barik, mariatzeko arriskua
baitzegoen.
2000. urtea ekarri zuen gogora Jordik, indarkeria gogortu zeneko sasoia:
atentatuak, Aznarren bigarren gobernuaren errepresioa… Elkarrizketa falta eta
elkarrizketa politiko gune falta zegoela nabarmendu zituen. Horren haritik
Bartzelonan foroak sortu zirela kontatu zuen: konfliktoaren ingurukoak. Berak
esan zuenez, oso bitxia izan zen foro haietan entzuteko aukera izan zutena;
izan ere, hizlariek bertsio oso diferenteak ematen zituzten Euskal Herriko
egoeraz, eta Jordik berak esan zuenez, haietako kontakizunak hartu eta
leku-izenak eta protagonista-izenak aldatuta, munduko beste edozein
konfliktoren gainean arituko balira zirudien. Horrek guztiak pentsarazi egin
ziola aitortu zigun derrigorrezkoa zela ikuspegi guztiak kontuan izatea
konfliktoa ulertzeko.

Berak zioenean urruntasunak laguntzen du
perspektiba hartzen eta 2005eko urtea “era el momentu” sinistu genuen, Euskal
Herrian eboluzioa emateko unea iritsi zela ulertu genuen.

Ordutik hona, jarraitu zuen, bertatik bertara
ez dagoenak “deskonektatu” egiten duela ikusi dugu, baina baita ere indarkeria
amaitzera doan sentsazioa dagoela, hau da, hondar-indarkeria dela, gizarteak
barneratu egin duela ikuspegi hori, nolabait sozializatu egin dela sentsazio
hori.

Hori esanda, itxikeria gainditzeko elementu
erabakigarriak garela kontziente izan behar dugula gogorarazi zuen Jordik.
Guztion artean saiatu behar dugula konfliktoa gainditzen. Amaieran barreiatze-bonben
kasuarekin Espainiako gobernuak hartu duen erabakia ekarri zuen gogora;
hasieran baten sinatu ez bazuen ere, eta prentsa oihartzun gutxi izan badu ere,
gizarteko hainbat herri mugimenduk eta elkartek egindako presioari esker, lortu
dela Espainiako gobernuak ere barreiatze-bonben kontrako deklarazioa sinatzea
eta bat egitea era horretan bonben ekoizpenari ezetz esaten.

Bigarren hizlaria, Martxelo Otamendi izan zen. Berak argi utzi zuen, ez
zegoela han euskaraz hutsez argitaratzen den euskal egunkari bakarreko
zuzendari modura, baizik eta herritar modura. Hasieratik jada probokaziora jo
zuen, eta Lokarrik proposatutako eztabaidarako izenburuari alternatiba bat
proposatu zion: ETAren egoera eta bake prozesua beharrean, hau da, indarkeriaz
beharrean, konponbideaz hitz egitea. Zergatik? Bestela indarkeria mota
guztietaz hitz egin beharko litzatekeelako.

Gatazka bat badagoela onartzeko borondatea beharrezkoa dela eta
biribilgunetik ateratzen jakin behar dugula, baita politikan ere. Justu
ostiralean antzeko simil bat erabili zuen Emakundeko zuzendari Izaskun Moyuak
beste mahai-inguru baten; hark ate birakaria aipatzen zuen, emakumeak arlo
publikotik arlo pribatura pasatzeko ate birakaria zeharkatzen zuela behin eta
berriz, aldiz, gizonezkoek ez zutela ibilbide hori egiten.

Baina, gatozen Martxelo-probokatzailearengana berriro. Bere teoria zera
zen: ez naiz pertsona neutroa eta era horretan elkarri-lokarri kideak ere herri
honetako herritarrak dira eta sesgo politikoa daukate eta hori dela eta,
borondatea izan arren, ezinezkoa da modu distante baten gerturatu konfliktora,
nazioarteko begiraleak balira moduan.

Horri erantzun zion Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak. Lokarrik
gertaeretan, adierazpenetan, jarreretan, alderdik positiboenak nabarmentzeko
ariketa horretan, askotan errealitate ez diren posizioetara iritsi izan direla,
eta ‘martetarrak’ direnaren sentsazioa ere izan dutela. Nolabaiteko
“buenismoan” erori izan direla.

Otamendik defendatu zuen posiziotik gatazkara bakoitzak dituen
aspirazioetatik gerturatu behar dugu, eta ez modu hotz baten.

Eta indarkeriaz hitz egiten badugu, indarkeria guztiak aipatu behar
ditugula, baina tortura bera ere. Horren haritik, Balzari kontuak eskatu
beharko zaizkiola ere esan zuen, egia baldin bada, polizien koordinaziorako
erakundeak torturapean lortutako informazioekin lanean ari direla, hori
“delitua” litzatekeelako. Akaso, urte batzuk barru, Baltza bera epaituko dutela
horregatik.

Amaitzeko, eta jendearen galderei erantzunez, Martxelo Otamendik adierazi
zuen ezker abertzalea badabilela prozesu baten murgilduta, baina ikusteko
dagoela gobernuak zer esango duen ezker abertzale horrek gatazka konpontzeko
indarkeria onartzen ez duela esaten duenean.

Gesto Por la Pazeko Itziar Azpururen aportazioa ere oso aberasgarria izan
zen. Indarkeriaren deslegitimazioaz aritu zen; Gestok berak egindako lanaren
laburpena
aurkeztu zuen eta
indarkeria justifikatu dezakeen edozein aitzakia sozial errefusatzeko beharra
eta indarkeria eta egoera politikoaren arteko lotura apurtu behar direla
nabarmendu zituen.

Rafa Sainz de Rozasek itxi zituen hizlarien interbentzioak. Berak
indarkeria-eza eraldatzeko elementu gisa (la no violencia como elemento de
transformación) defendatu zuen. Desobendientzia zibilaren alde aritu zen Sainz
de Rozas. Mugimendu antimilitaristan, insumisioaren inguruan, hainbeste lan
egin zuen abokatuak intsumisoen mugimendua eta faminismoa jarri zituen jarraitzeko
adibide gisa eta gehiago sakontzeko balio duen beste gai bat ere jarri zuen
hizpide: presoen aldeko mugimenduek mugimendu feministaren kontra egiten dutela
emakumeez egiten duten erabileragatik, batetik, eta Ahotsak buff bat izan zela,
mugimendu feministari, alegia, ez ziola inolako ekarpenik egin Ahotsak
mugimenduak.

Gogoz geratu nintzen horretan sakontzeko.

Osterantzean, Lokarriren itxialdia, esperientzia ezberdina izan zen
niretzako. Jende ezberdin askorekin iritziak elkartrukatzeko balio izan zuen,
baina lan erritmoa biziegia izan zela aitortu behar dut, hain sakona den
gaiaren inguruan aritzeko. Hala ere, ondorioak publikoa egingo direnez, horren
zain geratuko naiz.

Lotura batzuk:

Itxialdia facebooken

Itxialdia twitterren

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Ze pena, ze pena

Ze pena! Ze pena!
Hori entzuten egon nintzen joan zen martitzenean Gernika-Lumon udaletxe plazan egin zen salaketa kontzentrazioan. Indarkeria matxista salatzeko jende mordoa elkartu ginen Don Tellon, asko! Izaskun eta bere alaba gogoan, bai;baina baita gizonen erasoak jasan dituzten beste hainbat eta hainbat andrazko gogoan.
Hantxe ginen, plaza betetzen. Gehienak emakumezkoak; (baina baziren gizonezkoak ere, gazteak gehienak).
Etxekoandre, ama, ikasle, langile, agintari… emakumeak. 15 minutuko elkarretaratze isila izan zen, baina nire inguruan izan nituen andre biren arteko elkarrizketa entzuten nuen: ze pena, ze pena. Besterik ez zuten asmatu esaten.

Aurretik bai, hasi aurretik entzun nituen elkarri zela esaten zioten:
ezagutzen zenuen?; bai, institututik, gure alabaren gelakoa; ene, inork ez zekien ezer; bai jende asko etorriko da; bai denak etorriko dira…

Horrela aritu ziren tarte baten, baina gero… gero ez zegoen besterik: ze pena.

Zer esango duzu bada horrelako egoera baten?
Inpotentzia besterik sentitzen ez duzuenean, ze pena.
Komunikabideetan informazio lagungarria topatu beharrean prentsa horia, nazkagarria, baino ikusten ez duzunean ikusten (bizilagunen “iritziak”, eraso matxista izan dela salatzeko informazio gehigarririk ematen ez duten datu zantarrak), ze pena.
Ingurura begiratu eta ama mordoa ikusten dituzunean behera begira, begiradak gurutzatzeko beldurrez, ze pena.

Indarkeria matxista, baita gure herrian ere, guztiok salatu behar dugu, bai; baina hortik aurrera ere lan egin behar dugu berdintasunaren alde, horixe baita era honetako eraso sexistak gainditzeko bidea.
Ze pena, bai, baina ekin behar diogu hortik aurrera guzti-guztiok berdintasun errealaren alde lan egiteari, emakumeak eta gizonak, denon ardura delako eraso sexistak geratzea.
Formula magikorik ez dago, urteak dira borroka horretan lanean ari direnak eta pausuak eman diren arren, era horretako gertaerek asaldatzen gaituzte maiz. Horregatik egin behar dugu guztiok bat izurrite nazkagarri honen kontra.
Eraso sexista gehiagorik ez!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Parekidetasuna botereguneetan!

Pastora taldea ezagutu genuen orain urte batzuk No me llames Dolores llámame Lola abestiarekin. Zapatu gauean doinu horren aitzakian koadrilako lagunetako bat kantuan aritu zen: “No me llames Francisco llámame Patxi, vas a ser lehendakari con los votos del PP; Patxi, Patxi”. Barre ederrak bota genituen! Garagardo batzuk generamatzan ordurako, ze, hotzean pentsatuta Basagoiti and Lopez ez da bikote komikoa. Baina hala da. Larreinaren kaltetan PSEk 25. eserlekua lortu du eta dagoeneko Rosaren premiarik ez duenez, akreditatzera joango dira sozialistak berehalakoan Legebiltzarrera. Hortik aurrera zer? Patxi lehendakari, Urkulluk telebistan lasai itxura erakutsi arren. Ibarretxek gainera oposizio buru izatea onartu beharko luke Legebiltzarrean, EAJk etxera bidaltzen duela aditzera eman barik. Izaskun Bilbao ez da izango Legebiltzarreko presidente eta itxura guztien arabera gizonezko batek hartuko du kargua. Gizonak beti botereguneetan. 44 legebiltzarkide emakume izan dira orain arte, aurreratzean, 34. Eta bozeramaile bakarra, antza, emakumea: Aintzane Ezenarro.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Listo, amaitu da. Orain berriz lanera

Pasa da eguna; martxoaren lehena. Nere kasuan urtarrilaren 12tik eta martxoaren lehenera bitartera iraun dau hauteskunde kanpainak. Luze, oso luze. Baina atzo bertan, iluntzean, jefeak (nagusiak) deitu zoztan eskerrak ematen. Lehenengotaz ipuina kontatuko zoztala esan zoztan. Behinola, bere herriko Perurena aita etxeko pasilloan jausi zanian, emazteak semeari laguntza eskatu zotzala altxatzeko eta aitxak gero, semeari, eskerrik asko seme.
Semia joan ei zan lanera eta bueltaka-bueltaka ibili jakola buruan aitxak eskerrak eman izana eta zela berak ez zotzan ezta ‘ez horregaitxik’ sinple bat pe esan. ‘Ez gara etxian eskerrak emotekuak’ ondorioztau zeban.

Ta hori guztia kontau ostian, “hortaz, Marijo, eskerrik asko egindako lanagatik” esan zoztan. Ta, neuk berai “eskerrik asko zuei, aukera emotearren”.

Aparteko esperientzia izan da kanpaina arduraduna izatia, lanordu asko izan badira be eta ernegau be dezente egin doten arren. Jakin badakit jente askok nerekin ernegau dabela, marruka ibiltzen naizelako askotan, gehiegitan. Barkamenak eskatzea be tokatzen jat, hortaz, min egin bajat iñori ezta intentziño txarraz izan.

Kategoriak Sailkatugabeak | 5 iruzkin

Txokolatea emakumeen bilkuran

Emakunde sariaren banaketan izan nintzen atzo Euskaldunan. Ahotsaken ekitalditik ez nuen hainbeste emakume elkarrekin ikusten. Baina, agintariak, lehenengo lerrokoak, guztiak gizonezkoak. Eta, gero, krisiaren aitzakian esan zigutenez, pintxoa eta ardo tragoska beharrean, txolokolatea! Hainbeste andra txokolatea meriendatzen! Negurako ez da aukera txarra, baina ikusteko dago gehiengoak emakumeak izan beharrean gizonezkoak izan ezkero txokolatea eskainiko luketen merienda gisa. Berdintasuna, ala?
Zorionak Bizkaiko Emakumeen Asanbladakoei! Eta eskerrik asko administrazioko ordezkariei gogorazteagatik asko dagoela egiteko, berdintasun legea badaukagun arren, emakumezkoen soldatak gizonezkoenen azpitik daudela, jai diskriminatzaileak ospatzen jarraitzen direla eta aginte mailan ere gehiengoa gizonezkoena dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina