Twitterreko nire komunitateari argazkia atera diot. Probatu nahi?

Sare sozialetan izandako jarduna neurtzeko hainbeste neurgailu daude! Gaur Twitter neurtzeko 15 aplikazio jasotzen dituen post bat irakurri dut: Socialblabla. Han jasotzen zirenetako batzuk ezagutzen nituen gehiago edo gutxiago (Topsy, Hootsuite, SocialBro, TweetReach), Sproutsocial) baina Twitonomy-k atentzioa deitu dit, eta debaldeko bertsioa ere baduenez, froga egitea erabaki dut: http://www.twitonomy.com.

Norberaren gaineko datuei dagokienez, oinarrizko datuez gainera: zenbat txio egin dituzun, zenbat bertxio egin dituzun eta zenbat egin dizkizuten, egindako aipamenak eta erabilitako traola kopurua eta gainera, azkeneko urteko txio kopuruarekin grafikoa ere sortzen du Twitonomy. Eta, ordainpeko kontua irekita, analitita .xls edo .pdf formatua lortzeko aukera dago.

Baina, bitxiena —eta debalde—, norberaren inguruko komunitatea kolpe baten irudikatzeko era da. Hau da, gehien bertxiotzen dituzun erabiltzaileak, nori erantzuten diozun, eta gehien aipatzen dituzun erabiltzaileen argazkia ateratzen dizunez, zure komunitatea zein den ikus dezakezu, kolpera.

Iturria: http://www.twitonomy.com

Iturria: http://www.twitonomy.com

Hori gutxi ez, eta komunitate hori osatzen dutenen estatistikak kuxkuxeatzeko aukera ere eskaintzen du Twitonomy-k. Beraz, gainerako txiolarien jardunekin alderaketak egiteko ere balio du: ia nork duen elkarreragin gehien, edo nik ere jarraitzen ditudan txiolarien artean zein den erantzun gehien jasotzen dituen perfila, edo aipamen gehien izan dituen Twitter erabiltzailea… Komunitatea hobeto ezagutzeko aukera ematen duela esan daiteke, era horretara definitzerik badago behintzat.

Froga egiteagatik (aurretik doala, jolas gisa) eta ikusita @euskaljakintza, @GoizaldeL eta @txargain goiko 3 estatistiketan agertzen direla, euren perfiletara sartuta, zera ikusi dut:

  • @euskaljakintza-ren erantzun gehien izan dituzten txioen estatistitan koinziditzen dugula @txargain-ek, @GoizaldeL-k eta nik, baina ez berak gehien bertxiotzen dituen zerrendan.

Gure arteko ziber-hartu-emana noraino heltzen den ikusteko jolas polita iruditu zait, Twitonomy-k eskaintzen duena.

Osterantzean, nire estatistika nahiko xumea da, pobretsua zifretan. Kontua sortu nuenetik (2010eko ekainaren 3an) 4.789 txio egin ditut; baina, antza, azken boladan gustua hartu diot: urtarriletik gaur arte sortu ditut-eta txiorik gehienak, 3.196! Bataz beste egunero 12 txio sortzen ditut, 371 txio bertxiotu dizkidate, 539 mezu bertxiotu ditut eta 511 txio markatu ditut faborito moduan.

Eguena ei dut txiokatzeko gustuko eguna eta goizeko 11ak aldera egin ei ditut orain arte txiorik gehienak. Esango nuke, dena dela, joera hori azken boladan aldatzen ari naizela. Azkenik, txioak zabaltzeko Twitter beraren plataforma erabili dut gehien (1.644 txio); bigarren, iphoneko aplikazioa (827) eta hurrengo, Hootsuite (328) eta Karmacrazy (241) plataformak. Estatistika horri erreparatuta, eta kontuan izanik Karmacrazy maiatza bueltan hasi nintzela erabiltzen, horrek ere erakusten du nire jardunak Twitterren gora egin duela. Gehiago eta hobeto saiatzen jarraitzeko asmoa daukat.

 

Kategoria: Kazetaritza, sare sozialak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude