Platerueneko guztiei, zorionak!

Plateruena Kafe Antzokiak urtebete egin du. Atzo egin zuen urteurren jaia. Ikuskizun luzea, oso luzea, egin zuten antolatzaileek. Orain dela urtebete ere izan nintzen Plateruenean. Justu-justu sartu ginen antzokira, han zegoen jendetzarekin. Anboto aldizkariko lankide ohiak elkartu ginen hara eta ate ondoko horma kontra egon behar izan ginen aurkezpen ikuskizuna ikusi ezinda. Atzo jende gutxiago egon zen eta ia-ia lehenengo lerrotik ikusteko aukera izan nuen ikuskizuna. Ordubetekoa iragarri zuten, baina ia bi iraun zituen. Azkenerako, barra ondoan egon nintzela eta, trago erdi pasatxorekin aldean amaitu nuen. Errua nirea jakina, baina agian saioa laburxeagoa izan balitz, pintxoak ere lehenago jango genituzkeen eta mozkorra “kontrolatu”, ala? Urteurren jaialdietara guzti-guztiak gonbidatu nahi izaten da eta atzo, Plateruenaren urteurren jaialdira, horixe egin zuten Berbarokoek: Unai Iturria eta Igor Elortza, Anari, Paddy Rekalde, Zea Mays taldeko abeslaria, Berrizko iazko Aldapa maketa lehiaketako irabazlea, Split 77, Mikel Urdangarin, Peru Magdalena eta bere lagun “exhibizionistak”, Platerueneko anai biak, Platerueneko lehendakaria, Platerueneko 2004-2005eko ekitaldien argazki bilduma, Platerueneko tabernariak… Ez dakit inor ahaztu dudan, eta horrela bada barkatu. Asmoa polita zen, baina horrelakoetan gauza arinagoak egin behar direla uste dut. Izan ere, jaia ostean zetorren: Tapia eta Leturiarekin erromeria. Bikain aritu ziren biak eta sortu zuten giroa ere apartekoa izan zen.

Aurpegi ezagun asko

Aurpegi ezagun asko ikusi nituen Antzokian. Atean, sartu aurretik, ondo etorri bikaina egin zidan Aitor Sarrionandiak. Barrutik kanpora zihoan bera, “kontzentraziora”. Dantza bat erreserbatzeko eskatu zidan, baina azkenean ez ginen berriz ikusi. Sarri, hurrengorako zorretan dantza hori.

Ostean, Larraitz Zeberio Asteleheneko Goienkariko lankidea eta bere mutil laguna ikusi nituen. Eurekin eta Iban Arantzabalekin hartu nuen gaueko lehenengo ardoa. Segidan, Manuel Moreno eta Iker Martinez de Lagos topagunetarrak eta Iban Gorriti argazkilariarekin izan nintzen. Xaguk berriz ere muturrean muxua eman zidan eta urtarrilera bitartean erreko duen azkeneko zigarroetako baterako sua ere eskatu zidan.
Idurre Maortua ere han zen, pozik eta aurpegi alai-alaierekin. Haurdun dagoela esan zidan eta zorionak ba Idurre ta Beñati!

Beñat, Gaztelu-Urrutia, beranduago ikusi nuen, Plateruenera gonbidatu zuten agintaria laguntzen: Gotzon Lobera; bazkide txartela duela dirudi Plateruenean. Eurekin ziren Antzokiko kide Gorka Barruetabeña ‘Txapel’, Anboto Durangaldeko aldizkariko kudeatzaile Idurre Gartzia, Plateruena Kafe Antzokiko lehendakari Alberto Errazti eta Berbaroko lehendakari Olatz Elortzarekin batera, besteak beste.
Eta, Di-dako Mertxe ere ondoan izan nuen eta Txiki Iturriaga ere bai, horrelakoetan egoten den moduan, urduri samar, baina agurtzeko astia ere izan zuen gure Txikik. Gari Kortazarrekin ere jardun nuen zati baten. MCCz eta Gran Hermanoz… Eta DEMOen epaiketaren ostean, amaitu dela historia eta pozik dagoela. Neu ere poztu nintzen hura entzunda!

Ikuskizuna

Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek Europako ereserkiaren doinuarekin jardun zuten bertsotan, biolina eta alboka lagun zutela. Irribarre batzuk eragin zituzten publikoaren artean, alkandora gainean jantzi zituzten bertsolarien gorbatek –Europatik etorritako diputatu gisa aritu ziren biak–.

Denbora baten bolo-bolo ibiliko da Peruk eta bere lagunek egindako saioa. Bertsotan barik, errezitatzera atera ziren, laugarren lagun bat gitarrarekin laguntzen zituela. Esan egin zuten ez zirela biluztuko, elastikoak kendu zituztenean, baina… Hantxe amaitu zuten hiru hizlariek, gitarra-jotzaileak eta tarteka ateratzen zen spidermana larru gorritan. Hura izan zen ikuskizuna! Txalo zaparradarik handiena jaso zuten exhibizionistek.

Luze joan zitzaien ikuskizuna antolatzaileei, batetik bestera ere tartetxoa egon baitzen. Hala ere, amaieran, Platerueneko beharginek abestu zuten taula gainean eta pintxoak jan ostean dantzarako plaza zabaldu zuten Tapia eta Leturiak erromerian.

Aspaldiko partez neu ere animatu nintzen. Asierri eskerrak eman behar oraingo honetan; eta, jakina, ordurako edan nituen baso erdi guztiei.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude