Ezagutzen duzue zuen atarian edo albokoan bizi den etorkina? Baduzue harekin tratua? Laguna duzue ala bizilagun arrotza duzue? Nik baditut etorkin bizilagunak, baina ez ditut ezagutzen; eskaileretan topo egiten dugunean agurtzen dugu elkar, baina ez dakit ezta nondik etorri diren ere. Egia da beste bizilagunekin ere ez dudala tratu askorik, baina hala ere, herriko lagun eta ezagunak baditut eta horietako inor ez da atzerritik etorritako etorkina. Egoera horixe, eta egiten diegun jaramon eza, agerian uzten du ikusi berri dudan pelikula batek: Un franco, 14 pesetas.
Espainiar produkzioko filma gomendatzea pentsatu dut, batetik bogan dagoelako hark kontatzen duen istorioa (inmigrazioa) eta bestetik, bere zuzendari, gidoilari eta protagonista Carlos Iglesias delako; harrituta, ezta! Ez nuen tipo horren lan seriorik ezagutzen; egia esateko ez nuen bere lanik ezagutzen, telebistan egin zuen telesail hura izan ezik.
Baina Un franco, 14 pesetas pelikulan, berak aitortu duenez, bere txikitako historia ekarri gura izan du gogora, kontatu nahi zuelako eta garaiak ikusita behar delako etorkinekiko daukagun jarrera lotsagarriaz ohartzea.
Espainiako gobernua asmatu ezinda dabil kaiuko edo patera bidez datozenekin, baina ezta hegazkin bidez Espainiaratzen diren Hego Ameriketako eta Ertameriketako etorkinekin ere, eta Bush, berriz, Mexiko eta Ipar Ameriken artean itzelezko harresia altxatzearen alde ari da. Baina, nola arituko gara bada oztopoak jartzen ihesaldian datozenei? Egoera lazgarriago batetik ihesean datorrena ez dute geldiaraziko oztoporik gaitzena asmatuta ere. Desesperazioari irteera gara; hein handi baten, gure bizimodu honek eragin dien egoera jasanezinari soluzio modu baten giltza ere gure bizimoduak izatea, bada bai marka! Dena asmatuta zegoela uste bagenuen ere, etorkinek erakutsiko digute, berriro ere, eskasian imajinazioa arintzen dela eta haiek izango dira, berriro ere, soluzio bila abiatuko direnak, aldi baterako soluzioa bada ere euren familien biziraupena pare bat hilabetez luzatuko duen franco, euro, peseta, dólar edo delakoa.
Horixe kontatzen du zati baten Carlos Iglesiasen pelikulak, baina baita ere etorkin ikaragarri handia izan zuen herrialde batek nolako gaizki hartzen dituen orain etorkinak. Berak Espainiaz berba egiten du, baina hasieran esan dudan moduan Euskal Herrian ere ez dut sinesten alde askorik daukagunik etorkinekiko tratuan.