Herritarren eskariak eta ordezkari politikoen erabakiak

Joan zen barikuko Goienkarian irakurri dio Xabier Legorburu
antzuolarrari, Sagastin parkearen aldeko plataformako kideari, “Alderdi politiko bati udal hauteskundeetan
emandako botoak ez du boto emailearen adostasunik adierazten alderdi honek
agintaldian egiten duen guztiarekin”. Antzuolako
Sagastin parkea nahi dutenek 756 aldeko sinadura aurkeztu zituzten udaletxean,
baina alkateak “berandu zabizte” esan ei zieten. Horregatik dio Xabierrek
“Antzuolako Udalak osatzen duten alderdi politikoek erroldaren %46,52 osatzen
dute, normala den bezala, sinadura bilketan lortutako %36,26a gaindituz. Baina
bi datu hauek ez dugu uste konparagarriak direnik. Izan ere, gauza bat da Udal
bat osatzeko egiten diren hauteskundeak eta beste bat, proiektu konkretu baten
aldeko herritarren iritzia”. Eta, hain justu, horri, herritarren iritziari,
ematen zaion garrantzi eskasak eragiten du politikoekiko, eta orokorrean
politikarekiko, herritarren jarrera negatiboa. Iban Arantzabalek Goienkari berean
idatzi du “sigla guztien gaiñetik politikari ahalik eta onenak gura dittugu
gure herrixetako udaletan agintzen”, eta horrela beharko luke, baina
zoritxarrez ez da hori gertatzen; Antzuolan gertatu dena, Debagoieneko beste
hainbat proiektu eta udal erabakiekin gertatu denaren adibide bat gehiago baino
ez da. Baliteke hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeetan boto emaileek
kontuan hartzea euren ordezkari politikoek aurreko legegintzaldietan hartu
dituzten erabakiak eta egindako gestioa kontuan izanda aukeratzea. Baina,
susmoa daukat, berriz ere, alderdikeria gailenduko dela, nahiz eta udal
hauteskundeak izan.

Atzo bertan, esaterako, Gipuzkoako Batzar
Nagusietan erraustegiaren gaineko erreferenduma egiteari uko egin ziote EAJ,
EA, PSE eta PP alderdiek.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude