Zerikusirik badute botoek eta zaborrak?

Puntua, 2020-02-28

Zela eragingo du Zaldibarko zabortegiaren krisiak apirilaren 5eko hauteskundeetan? Ofizialki kanpaina martxoaren 20an hasiko da, baina ohikoa izaten da ordura bitartean ere alderdiak ekitaldiak egiten aritzea, asteburuetan batez ere. Oraingo honetan, ordea, badirudi zarata askorik egin barik hasi direla. Zaldibarkoari neurria hartzea kostako da eta horrek markatuko du Eusko Legebiltzarrerako lasterketa. Eta ez alferrik. Zaldibarkoa izan baita bizi izan dugun ingurumen krisirik larriena. Ez baita lan-istripu hutsa. Pertsona bi, Alberto eta Joaquin, desagertu dira, bai; langileak biak, bai; lanean ari zirela, bai; baina gertatu dena lan-istripua baino are larriagoa da. Zaldibar, Ermua, Eibar, Mallabia eta Elgetari zuzenean eragiteaz gainera, gure sistema hankaz gora jarri du. Ez genekien, edo behintzat ez ginen kontziente, gure herrietan dauden zabortegietan biltzen dena hainbeste zela; ezta botatzen dena arriskutsua dela ere; ez dugu jakin Zaldibarkoaren moduko zenbat zulo ditugun gure lurraldean sakabanatuta; ez dugu jakin zein den era horretako biltegien funtzionamendua; ez dugu jakin ze negozio den zaborrena; alegia, ez dugu jakin ezer ere, gure etxe ondoan gertatzen den arte.

Gipuzkoan zaborren inguruko eztabaida ez da berria. Baina esango nuke auzia Gipuzkoara mugatu dela orain arte eta Zaldibarkoak beste dimentsio batera eraman gaituela: Bizkaira. Barkatu atrebentzia, baina bai; hemendik oso urruti gertatu zen zaborren kontua: Gipuzkoako Foru Aldundian. Horregatik, hain justu, hasierako galdera, ez baitakit Gipuzkoan bezala Bizkaian ere eragingo ote duen zabortegiarenak. Garbi daukadana da gertatu denak aldaketak ekarri beharko dituela zaborren kudeaketan eta erakundeei dagokien kontrolerako arduran. Beharrezkoa dela koordinazio handiagoa erakunde publikoen artean eta gardentasunean asko hobetu beharra dagoela. Gertatukoari inolako larritasunik kendu barik, kezkarik handienak informazio faltak eragin baititu, eta hori joko-zelai bikaina da gainean dugun hauteskunde kanpainari begira.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude