Hauteskunde egunaren pista bila

Hauteskundeak noiz izango diren, akaso, bihar argituko digute. Alderdien mahaiaren bigarren bilera egitekoak dira. Pista bat: legebiltzarkide izateari utzi diotenek apirilaren 26tik uztailaren 9ra bitarteko epearen arabera jasoko dute “trantsizio-ordaina”. Horrela deitzen zaio, legebiltzarra desegin eta legebiltzarkide izateari uzten diotenek jasotzen duten ordainketari; Mahaiari dagokio zenbatekoa zehaztea.

Photo by annie bolin on Unsplash

Legebiltzarreko Mahaiak, otsailean legebiltzarra desegin ondotik, ezarri zuen trantsizio ordainketa “legebiltzarkide baten 75 eguneko ordainsariaren zenbateko baliokidea” izango zela. Aldiz, hauteskundeak egingo ez zirela ikusita, txosten juridikoa eskatu zion Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei trantsizio ordainketa nola kudeatu behar zen azter zezan. Hori martxoaren 24an izan zen eta zerbitzu juridikoen txostena aztertu eta onartu zuen Mahaiak apirilaren 24ko bileran: “Trantsizio-kalteordainaren zenbatekoa izango da aurrekoan ezarritakoaren ehuneko 40a, hau da, 5.380,61 euro”.

Diru kopurutik harago, kalkulua egiteko erabili zen denbora epea da aipagarria: “Trantsizio-ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko hartu den aldia apirilaren 26tik uztailaren 9ra bitartekoa (biak barne) da”.

Maiatzaren 7ra arte izan dute astia legebiltzarkide izateari utzi diotenek ordainketa hori eskatzeko. Ordainketa bakarra izango da eta Mahaiari dagokio eskariak onartzen diren ala ez erabakitzea. Gainera, Mahaiak eskumena dauka (erregelamenduaren 36. artikuluari jarraituz) trantsizio ordainketa atzera ere luzatzeko. Alegia, biharko alderdien mahaian hauteskunde eperik onartuko ez balitz, atzera ere erabaki ahalko du Mahaiak legebiltzarkideen trantsizio ordainketa luzatu ala ez. Hori, edo aldi baterako prestazio ekonomikoa eskatu dezatela esan. Izan ere, legebiltzarkideek ez daukate langabezia eskubiderik (Gizarte Segurantzak ez du horrelakorik jasotzen), baina Eusko Legebiltzarrak zera onartu zuen (2012an onartu zuen erregelamendu aldaketan): “Gizarte Segurantzako legeria orokorrak legebiltzarkideen langabezia-prestazioa estaltzea aurreikusten ez duen bitartean, karguari uko egiten diotenean edo agintaldia bukatzen zaie­nean aldi baterako prestazio ekonomiko bat jasoko dute legebiltzarkideek, beren oinarrizko soldataren hileko ordainsari baten % 40ko kopurukoa”. Beraz, hori ere bada aukera. Izan ere, Diputazio Iraunkorreko 22 legebiltzarkideek ez, gainerakoek (53) legebiltzarkide izateari utzi zioten ganbera desegin zenean, eta euretako asko atzera ere hautagai diren arren, edo baziren arren, uztailera bitartean 5 hilabete batuko dituzte legebiltzarkide bezala lanik egin barik.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude