Gaurko Berrian
ordezkari politikoen adierazpen sortari begira geratu naiz; diotena irakurri beharrean
atentzioa deitu didana zera izan da: 10 adierazpenetatik 8 gizonezkoenak izatea
(beste bietan ez zen jartzen noren izenean ziren esandakoak; taldearen izena
ageri zen). Gogoratu dut Paisek atzo osatu zuen erreportajea: Berdintasun
Legeak agintzen duen parekotasunak ordezkari politikoetan dakarren aldaketa
txikia, alegia: emakumeak zerrendan joan badoaz, baina kasurik gehien-gehienetan ez
doaz ordezkaria lortzeko aukera dagoen postuetan.
Hau ere, emakumeek
bizitza publikoan dugun parte hartzearen beste adibide bat da. Ibili
bagabiltza, baina dirudienez ez dugu behar beste agintzen-edo. Egungo politikarien
artean, EHAK-k dauka emakume aurpegia Euskal Herriko alderdien artean, Plazandreok
alde batera utzita (erakundeetan ordezkaritzarik ez duen alderdia delako). Egia da hainbat erakundetan emakumeak direla agintari nagusi: EAE eta Nafarroako
parlamentuetan eta Gipuzkoako BBNNetan, esaterako. EAEn lehendakariordea ere badugu eta EspaƱan ere presidente
ordea emakumezkoa da -eta webgune ez ofiziala duen Madrilgo erkidegokoa ere emakumea da. Alemanian ere emakumezkoa da presidentea. Haratago Txile eta Argentina aipatu genitzake;
eta, akaso, AEBk ere emakume baten
aurpegia izango dute. Baina kasu horiek gugandik urruti samar daude. Gurean, gizonezkoek egindako politikaren inguruan ari gara egunero; eurak dira alderdietako bozeramaile. Erakundeetan ere urte gutxien emakumezkoek egiten dute eta badira gainera, aginte apur bat eta politikan jantziago egiten diren emakume politikarien kasuan ere, alderdiak (gizonezkoek) bigarren lerra pasarazten dituztenen kasuak ere (esango nuke EAJk ere antzeko zerbait egin duela bere zuzendaritza berria aukeratzeko orduan).