Desio doktorea itzuli da

doctorDeseo

Desio doktorea itzuli da; jada bi urte pasa dira azkeneko diskotik eta bueltan dira berriro Francis eta beste talde guztiak. Oraingoan ere sexuari, desioari, galdutako kausei abesten dio Doctor Deseok; pateran penintsularatzen diren afrikarrei ere abesten die oraingoan.

Sexo, ternura y misterio apirilaren 2an salgai jarriko den Doctor Deseoren diskoaren aurkezpenean izan nintzen barikuan Plateruenean. Francisek eta bere taldeak, ohituta gauzkan kontzertu molde horietakoa izan zen Durangokoa; nik neuk ez nuen aparteko sorpresarik bizi izan, baina betiko moduan, aitortu behar dut, enamoratu ninduela Francisek. Urteak ez dira alferrik pasatzen inorentzako, baina sasoian dago oraindik ere Deseo doktorea. Disko berriko abesti bi jo zituen taldeak atarikoan; han geundenon artean, antzokia beterik egon zen, ez genituen ezagutzen (diskoa oraindik ez dutelako atera). Hala ere, adi jarraitu genituen kontzertuaren hasierako erritmo haiek. Hirugarren kantan aurreko diskoari eutsi zioten taldekideek eta jendea abesten hasi zen. Zuzenekoek horixe izaten dute: abestu ezean, edo kanta ezagutu ezean, ez dira hainbeste bizitzen; niri behintzat hori gertatzen zait, nahiz eta askotan sorpresak eraman ditudan talde ezezagunekin edo kanta ezezagunekin. Baina aukeran, eta dantzan eta saltoka gustura ibiltzen naizelako-edo, entzundako musikarekin gusturako aritzen naiz.
Platerueneko kontzertuan behin Azkoitiko plazan gertatu zitzaidana errepikatu nuen. Orduan ere Doctor Deseo zen taula gainean, diskoa atera berri, eta inork gutxik zekizkien abestiak. Hala baten, Corazón de tango jotzen hasi zen eta jendea txaloka hasi zen, kantatzeko gosez.
Bariku honetan ere, hasierako kanta ezezagunen ostean antzekoa gertatu zen. Aldiz, Corazon de tango abestian, nik neuk, komunera ostera egiteko aprobetxatu nuen; gehiegitan entzundako abestia dela iruditzen zait.
Ordu  biren bueltako kontzertua izan zen; betiko erritmoan eta giroan: zinta gorridun kapela buruan, galtzari gorri praka beltzen gainetik, kanpera estiloko botinak, alkandora zuria (gutxinaka botoiak askatuz) eta nola ez, alturetatik eskegitzeko aukerak aprobetxatuz. Atrapado en tu silencio abestiarekin izan zen; Platerueneko bigarren solairutik trapezio formako kulunka eskegi zuen eta sokan behera agertu zen, eseri eta eskegita zela abestu zuen kanta. Ederra da abestia.
Sorpresen artean, Aiora Epelderen agerraldia. Arriaga antzokian grabatu zutenekoa errepikatu zuten Aiorak eta Francisek; bikaina.

Bira berriko lehenengo kontzertuaren aurretik, bi egun lehenago, entsegu orokorra egin zuten Plateruenean, eta han aritu zen Asier Arroita argazkiak ateratzen; Platerueneko zuzenekoen albumean daude argazkiak ikusgai.

Bestela, aukeran hemen duzue hurrengo zuzenekoen hitzorduak. Nik, jada, aukeratu dut ikusiko dudan hurrengo emanaldia zein izango den.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude