Herenegun lagun batek agur zibernetikoa erantzun zidan eta gaur bertan, Gasteizen, Un poco de chocolate filmaren aurrestreinaldia egitekotan zirela kontatu zidan. Orduan gogoratu nintzen irakurri barik nuela oraindik Unai Elorriagaren eleberri sonatua: SPrako tranbia. Gernikara itzuli ahala, Amilotxera joan, liburua erosi eta irakurtzeari ekin nion. XMEk hitzaurrean dioenaren kontra, hau da, “arnasa hartu gabe, kezkak alde batera laga barik, zapatuak kendu gabe, pijamako botoiak askatu barik…” ekin nion hitzaurrea bat-batean irakurtzeari eta segidan Lukasen begietatik begiratzeari.
Zela diren gauzak; 17. edizioa du liburuak, nik erosi dudanak. 2001ean kaleratu zuen Elorriagak eleberri bikaina eta nik, lagun baten agur zibernetikoan egindako aipamenari itxaron behar izan diot liburua irakurtzeko. Tira… Sekula ez da berandu, diote.
Bi eserialditan bereak egin du liburuak. Lukas lehenengo orrialdetik gustatu zait eta Maria arrebak jakin-minez utzi nauela aitortu behar dut. Gainera, irakurtzen jarraitzeko grinarekin geratu naiz; pertsonaien lagun egin nahi izan dut eta gehiago nahi nuen irakurri. Oso gustura irakurri dut eta gozatu ere egin dut, irribarren tarteka eta pena beste batzutan.
Orain pelikula ikusteko moduan nago!
Apirilaren 30ean estreinatuko omen dute.
Ederra da pelikula. Unkigarria iruditu zait. Ikustera joateko gomendatzen dizuet.
Zorionak Aitzol eta Unai!