Antzuola albistegune izan zenekoa

“Mozio etikoen” aitzakian hainbat herri hedabide “nazionalen” mapan agertzen ari dira. Gaurko egunkarietan (eta digitaletan) nire sorterriari tokatu zaio: Antzuola. Berrian, DVn, Noticias de Gipuzkoan, Paisen,  Correon, eitb24n, Publicon, Estrella Digitalen…

Jakina nahiago nukeela beste albisteren baten inguruan aritu izan balira Antzuolaz, baina pentsatzekoa da batek baino gehiagok, galdetuko zuela gaur ia non dagoen herri hori, ala? Auskako.

Jakina, Antzuola bera ez dela albiste izan; hedabideek EAJ-PSEren mozioak beste porrot bat izan duela azpimarratu dute. Kasu honetan, baina, bazen beste ezberdintasun bat aurreko porrotekiko. Antzuolan, martxoaren 11n, ETAk Isaias Carrasco hil eta bi egunera, erailketa hura salatzen eta gaitzesten zuen mozioa onartu zen. Orduan, EAJ (3)-PSO (1) eta Zutik- EB-Aralar (2) taldeen aldeko botoekin onartu zen mozio hura:

  • Antzuolako Udalak Arrasateko hiritarra eta PSEko zinegotzi-ohia zen Isaias Carrascoren aurkako atentatua gogor salatu eta gaitzesten du.
  • Elkartasuna adierazten die bere senitarteko eta alderdikideei.
  • Isaias Carrascori bizitza kendu dion ekintza bortitz eta krudel  hau oinarrizko giza eskubideen kontrakoa dela diogu, bizitza-eskubidearen kontrakoa, hain justu.
  • Ez dago inongo arrazoirik heriotza hau justifikatzeko, are gutxiago herritar baten ideologia eta aukera politikoaren kontrako ekintza izanik.
  • ETAk ez du zilegitasunik herriaren ordezkaritza bereganatzeko, ezta bere izenean heriotza zigorra aplikatzeko.
  • ETAren deuseztea exijitzen dugu, bere jarduera etikoki onartezina delako, normalizazio politikoaren bidean oztopo bat delako eta Euskal herritar gehienen nahia horixe delako.

Antzuolako Udalak beraz, egin zuen bere hautua. “Mozio etikoagorik” onartu zena baino ez da, nire iritziz, sozialisten eta jeltzaleen zuzendaritzek osatu zutena eta atzo Antzuolan eztabaidatu zena.  Hortik aurrerakoak, nire iritziz, ez dira era egokian planteatu.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude